NAIZ

Urrutikoetxeari buruzko filmari betoa jartzeko eskatu die DyJk Rebordinosi eta Netflixi

Josu Urrutikoetxeari Jordi Evolek egin dion elkarrizketa Zinemaldian pantailaratuko dutela zabaldu ostean, Jose Luis Rebordinos arduradun nagusiari gutuna igorri dio Dignidad y Justiciak, hori bertan behera uzteko eskatuz. Filmak Urrutikoetxea «zurituko» duela dio elkarteak.

José Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendaria. (Gorka RUBIO/FOKU)
José Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendaria. (Gorka RUBIO/FOKU)

Dignidad y Justicia elkarteak gutuna bidali dio Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariari, eta beste bat Netflix Españako presidenteari, Jordi Evolek Josu Urrutikoetxeari egindako elkarrizketa programazioetatik «kentzeko» eskatuz.

Erakunde horrek ohar baten bidez aipatu duenez, Zinemaldiak kazetari katalanaren eta ETAko buruzagi historikoaren arteko «topaketa» pantailaratuko du irailaren 22tik aurrera, aste honetan jakitera eman denez.

Elkarteak esan duenez, ikus-entzunezko eduki horrek «zuritu eta ahotsa emango dio hilketa oso larriengatik kondenatutako terrorista iheskor bati». «Kazetaritza-ariketa horrek berriro biktimizatuko ditu hildakoen senideak, eta hori ez da beharrezkoa», argudiatu du.

Urrutikoetxeak Gobernu espainolarekin egindako negoziaketetan ETAren ordezkaria izan da eta bere amaiera iragartzeko adierazpena irakurri zuen. Jose Luis Rebordinosi zuzendutako gutunean, aldiz, Dignidad y Justiciak esan du «terrorista odolzalea» dela, «errugabe askoren bizitza moztu zuena eta inoiz damu-zantzurik erakutsi ez duena».

Adierazi duenez, Donostiako lehiaketa «nazioarteko proiekzioa duen funts publikoekin diruz lagundutako ekitaldia da, eta erreportaje honen emisioak kalte egingo dio haren irudiari eta prestigioari».

Gutunak Daniel Portero de la Torre eta Víctor Valentín Cotobal Dignidad y Justiciako presidenteak eta presidenteordeak sinatu dituzte.