Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevue
Xubane Uribarrena
Arraun Lagunak-eko arraunlaria

«Denbora dezente noa ligako irabazle sentitzen, horrela ez adierazi arren»

Bigarrenez altxatu du Euskotren Ligako garaikurra ‘Lugañene’-k. Uribarrena arraunlariaren ustez, «burua izan da gakoa» erregularrak izateko. Gaineratu du «balio gutxi» eman zaiola «egin eta irabazi» duten ligari. Kontxari begira, esan du «arraunak taldeari zor» diola bandera jendearekin ospatzea.

Xubane Uribarrena Arraun Lagunak-eko arraunlaria 'Lugañene' baserrian, Euskotren Ligako garaikurra eskuan, eta irabazitako bost banderak atzean dituela.
Xubane Uribarrena Arraun Lagunak-eko arraunlaria 'Lugañene' baserrian, Euskotren Ligako garaikurra eskuan, eta irabazitako bost banderak atzean dituela. (Jon URBE | FOKU)

‘Lugañene’ baserrian jarri du hitzordua Xubane Uribarrena (Trintxerpe, 1999) Arraun Lagunak-eko arraunlariak, bertan baitituzte liga honetan lortutako bost banderak, eta Euskotren Ligako garaikurra. Titular asko utzi ditu erantzun bakoitzean. Besteak beste, «asko molestatzen» duela Arraun Lagunak-ek liga irabazi izana, liga irabazi berritan «gertukoez eta ez hain gertukoez» gogoratu dela, Euskotren Ligari buelta «dezente» eman behar zaizkiola, eta «donostiar bezala eta Donostiako traineru baten arraunlari bezala», «beti defendatu» duela Kontxan ez izatea pase zuzenik. Hain justu, datorren astean jokatuko dira Kontxako Banderara sailkatzeko kanporaketak.

Arraun Lagunak-eko egoitzan argazkiak atera zaizkio arraunlariari, eta aurten ligan lortutako banderen artean, Kontxako ere badute, 2021ekoa. Uribarrenak, badaezpada, argazkia atera baino lehen, ziurtatu egin du bandera hori 2021ekoa zen ala aurtengoa. «Arraunlariek ez dugu nahi izaten argazkirik urte horretako banderarekin». Irabazi aurretik, garaikurrari ezin baitzaio begiratu.

Liga irabazi eta biharamunean entrenatu egin zenuten. Txapeldunak izanda ere, Etxabek ez al dizue atsedenik ematen?

Uste dut denok egon ginela broma puntu horrekin igandean, eta astelehen goizean ere bai. Normalean igande iluntzerako edo astelehen goizerako asteko plana bidaltzen digute. Baina asteleheneko plana atzeratzen ari zen, eta pixka bat esperantza genuen. Azkenerako entrenatu egin genuen, egunerokora bueltatzeko, igandean ospatu baitgenuen ospatu beharrekoa. Ondo etortzen da errutina mantentzea, bestela ospakizunekin burua galdu egiten da. Sufritu genuen, baina ondo etorri zitzaigun.

Nola joan zen pasa den igandeko ospakizuna?

Donostiar bezala oso berezia izan zen. 2021ean covidarekin elkartean ospatu genuen. Familia artekoa izan zen, eta kalera pixka bat irten ginen, baina gutxi. Aurten, udaletxera joan, Konstituzio plaza beteta ikusi, Piratekin ospatu... Eskertuta nago, bai jendearen, bai taldearen jarrerarekin. Luzaroan gogoratzeko eguna izango da.

Udaletxeak harrera egin zizuela, Kontxarako eskatu al zenieten paserik?

Ez dakit galdutzat ematen dugun borroka bat den edo ez, baina arraunlariak ez gaude horrenbeste horretan pentsatzen. Beti defendatu dut donostiar bezala, eta Donostiako traineru baten arraunlari bezala, Kontxa horren garrantzitsua bada, zortzi onenek egon behar dutela, eta ez guk, ez beraiek, ez dutela eduki behar pase zuzenik. Guk izan behar badugu, egongo gara, eta ez baldin badugu izan behar, ez zait gustatzen beste bati aukera kentzea. Hala ere, Donostiako araua hori baldin bada, eta Donostiako ontziek pase zuzena badute, zergatik ez guk?

Pasa den igandean izan zineten txapeldun, baina Zarauzko Ikurrina baino lehen, oso bideratuta zenuten liga. Irrika gorde al zenuten?

Ikusi dut estropada barruko bideoa, eta, igandearekin konparatuta, larunbatean beste modu batera ospatzen dut. Igandean kontentu nago, baina larunbatean sentitu nintzen irabazle, eta beste amorru batekin erreakzionatu nuen. Matematikoki lotuta ez zegoenez, hankak lurrean eduki ditugu azken unera arte. Larunbatean gozatu egin genuen lehenak izateagatik, puntu bat sartzeagatik, eta denboran lortutako abantailagatik. Hala ere, denbora dezente noa ligako irabazle sentitzen, horrela ez adierazi arren. Lortu ditugun puntuekin, eta arraun egin dugun lasaitasunarekin, duela pare bat asteburu nahiko konbentzituta nengoen hau irabazteko gai ginela.

Hondarribiko eta Lekeitioko asteburuan sentitu zinen irabazle? Bi banderak irabazita?

Bai, asteburu horretatik atera nintzen beste lasaitasun batekin, baina beldur puntu horrekin ere, hurrengo asteburuan Galiziara joan behar ginelako, eta estropada eremu berriak zirelako. Estropada oso onak izan ziren, ez genuen banderarik lortu, baina puntuak borrokatu genituen. Oriorekiko sei puntuko aldearekin joan ginen eta berdin bueltatu ginen. Oso-oso lasai egin dut arraun aste guztian, asteburuan ere [Zarautzen]. Baina, bai, Lekeitiotik bueltan taldea psikologikoki oso indartsu atera zen.

«Beste lasaitasun batekin irabazi nahi nuen, eta hala izan da: liga bukatu, Zarautzen irabazi, eta Oriorekiko zortzi puntuko aldearekin»

Zarauzko Ikurrinera bueltatuta, larunbatean estropada irabazi zenuten, baina igandean, ia Donostiarrak bandera lapurtu zizuen. Nola bizi zenuten momentu hori?

Oilo ipurdia jartzen ari zait... Joaneko luzean oso lasai egin nuen arraun, eta ikusi nuenean ziabogatik denak batera atera ginela, lasai geratu nintzen. Bueltakoan konturatu nintzen denak estu ginela eta denbora guztian sentsazioa zen zuloan geundela. Ikusten nituen beste traineruak gainera etortzen, eta zentzu horretan, uste dut burua beti jartzen dela martxan, eta momentu batetik aurrera Donostiarraren erreferentzia pixka bat galdu egin nuen. Konfiantza nuen Andrearengan [Astudillo patroia] esaten zuelako segundoak hiru-lau zirela, eta ondo estutzen ari ginela.

Azken 300 metroetan konturatu nintzen ez zuela hainbeste esaten zenbat segundora geunden, eta pentsatu nuen: estutu egin behar da. Bukaeran uste dut frustrazio puntu batekin arraun egin genuela olatuari itxaroten ari ginelako. Lasaitasuna izan nuen helmuga zeharkatu genuenean, pentsatu nuelako: 'Olatuan sartu gara bai edo bai, eta uste dut ez direla zazpi segundo izan'. Ospakizunean ere ikusten da guk ospatzen dugula, baina Andreak segundo bateko pausa egiten duela: 'Bandera lortu dugu ala ez?' Eta baietz esan zuenean, askoz ere lasaiago geratu ginen, eta bestela ere, pozik geunden liga irabazita.  

Amaiera biribila izan zen: liga irabazita, Zarauzko Ikurrina aurrenekoz eramanda eta bandera gehien irabazi dituen trainerua izanda. Mahai gainean beste kolpe bat ematea izan zen?

Bai, aurten esan dut: liga irabazi nahi dut, eta abantailarekin. 2021ean irabazi genuenenean berdinketarekin izan zen; Oriok eta guk puntu berdinekin, baina bandera bat eta garaipen bat gehiago. Beste lasaitasun batekin irabazi nahi nuen, eta hala izan da: liga bukatu, Zarautzen irabazi, eta Oriorekiko zortzi puntuko aldearekin. Bandera irabaztea, eta segundo batzuk sartuta Oriori... beste sentipen batekin geratu gara. Gainera, ni ehuneko ehunean liga irabaztearen aldekoa naiz, hor erakusten delako erregulartasuna.

Hala ere, niri Zarauzko banderak ez dit inoiz berezitasunik adierazi. Orion hau entzuten badute akaso akabatu egingo naute, beraientzat badakidalako berezia dela. Hala ere, irabazten duzunean, uste dut jabetzen zarela baduela beste berezitasun bat eta desberdina dela ligarekin bakarrik etxera joatea, edo banderarekin. Jendeak nola zoriontzen zaituen, nola bizitzen duen estropada hori... uste dut irabaztea falta zitzaidala pixka bat konturatzeko zer esanahi duen bandera horrek.

Estropada amaitu zenean, zer pasatu zitzaizun burutik?

Buf! Ba, gauza asko. Pertsona askorekin gogoratzen zara. Oso urte gogorra izan da psikologikoki, baina sekulako taldea izan dugu, eta horrek bultzatu nau nire egoera pertsonalari buelta ematera. Gogoratu naiz ere trabak jartzen dizkiguten pertsona guztiez. Azken urtean Arraun Lagunak asko kritikatu da; leporatu digute konpromiso falta dugula, pisuz kanpo gaudela, gizenak garela... Mezu oso negatibok egon dira, saiatu direnak taldea kaltetzen. Ez dute inolako baliorik izan, taldea askoz gehiago indartu baita. Gogoratu dut gizenak izan garela garaile. Kolpea eman dugu mahai gainean, eta erakutsi dugu lanarekin dena lortzeko gai garela. Gertukoez eta hain gertu nahi ez gaituztenez gogoratu naiz.

Bandera gehien irabazi duzuen taldea izan zarete, eta irabazi ez duzuenean, bigarren egin duzue, estropada batean izan ezik, hirugarren egin zenutela. Zein uste duzu izan dela sendotasun horren gakoa?

Iruditzen zait ez dela bakarrik aurtengo gauza, baizik eta Arraunen esentzia. Gauzak ez direnen ateratzen, beti nahi dugu bandera, baina ez dagoenean, borrokatu behar duzu puntu ahalik gutxien galtzeko. Zentzu horretan, psikologikoki talde sendoa gara; lasai gaude atzean baldin bagaude, gure gaitasunetan sinisten dugulako eta badakigulako salbatzeko aukera dugula. Talde honekin oso lasai egiten dut arraun. Konfiantzarekin, bandera ez baldin badago, bigarren postuarengatik borrokatuko dugula, eta erregulartasuna mantenduko dugula. Gure burua izan da gakoa erregulartasuna lortzeko.

Galiziako lehen estropadatik jantzi zenuten maillota eta geroztik ez duzue erantzi. Uste duzu horri ez zaiola nahikoa balioa eman?

Bai, oso balio gutxi eman zaio egin eta irabazi dugun ligari. Beste entrenatzaile batzuen adierazpenak irakurrita, kontziente gara asko molestatzen duela Arraun Lagunak-ek liga irabazi izana. Esan da ez garela erregularrak izan, eta bandera batzuk bi jardunaldietara izan balira, beste talde batzuk irabaziko zituztela, egia ez denean. Uste dut segundo gutxien sartu dizkiguten ontzia izan garela. Oriok sartu zizkigun estropada batean hamahiru, baina, kontaketa orokor batean, irabazi ez dugunean, gu egon gara beti gertuen banderetatik. Eta balio gutxi eman zaio maillota galdu ez izanari. Talde barruan ere, une askotan ez gara kontziente izan uda osoan maillotarekin egon garela. Baina lasai nago; badakigu zer egin eta lortu dugun, eta kanpokoek esaten dutena, bakoitzak ikusiko du.

Estropada guztietan arraun egin duzu, Boiron izan ezik.

Bai, asko exijitzen diot neure buruari, eta oso lehiakorra naiz. Kalkuluak egiten, 2019tik ez nintzela estropada batean kanpoan geratzen, eta momentuan ez zara haserretzen, baina amorru puntu hori geratzen zaizu: ‘Ez ditut denak jokatuko’. Eta azkenean arraunlari batek hori nahi du. Baina oso lasai nengoen; bai entrenatzailearen erabakiarekin, bai ateratzen zen taldearekin. Talde sendoa gara, eta aldaketak eginda ere, aurrean mantendu gara. Liga batean puntuak dituzunean, arraun gutxiago egin duten pertsona horiei aukera eman behar zaie, azkenean horrek ere taldearen giroan laguntzen duelako, eta denok eduki behar ditugulako aukerak. Dena ez jokatzearen arantza txiki bat geratzen zait, baina oso kontentu taldeak erakutsi duen mailarekin.

Arraun Lagunak-en zaude 2015etik. Klubaren hazkundea bizitu duzu. Orain talde txapeldun bat zarete. Zein izan da nabaritu duzun aldaketarik handiena?

Gogoratzen naiz lehenengo entrenamenduan patroi bezala aritzeko etorri nintzela, oraindik kadetea nintzelako. Baina hamabost pertsona ginenez traineruan, arraunean egiten nuen, bestela ez genuelako ontzia osatzen. Ikusten dut nola joaten ginen estropadetara kamiseta eta banana batekin, eta furgonetak kasik puskaka erortzen... Hor hasi zen Arraun Lagunak-en gogoa eta indarra sortzen, eta horrekin pixkanaka joan gara hazten, oso modu koherentean, urtez urtez pauso txikiak ematen gauden tokira iristeko. Nahiz eta argi dagoen oraindik ere baliabide eta babes falta pila bat dagoela, daukagunarekin sekulako errendimendua ateratzen ari gara azken hiru-lau urteetan. Ez dugu dirua xahutu: hau daukagu, eta honekin egin behar dugu. Gazte asko etorri dira; gogoratzen naiz ni etorri nintzenean nahiko pobre zegoela kluba, desagertzeko zorian. Traineruak beste bizitasun eta ikusgarritasun bat eman dio, eta horri esker gaude gauden tokian eta dauzkagun aukerekin.

Aurten inoiz baino lehiatuago egon da liga. Bost bandera zuek, Oriok lau eta Donostiarrak hiru. Lehiakortasuna asko handitu da?

Bai, gainera aurreko urteko liga makala izan zen. Denborak ez ziren onak; Oriok irabazi zuen, baina ez zait iruditzen horrenbesteko denborak egin zituenik. Guk ere irabazi genuenean denborak ez ziren onak izan. Aurten, aldiz, dezente errekor jaitsi dira. Galizian, esaterako, estropada eremua berria izan arren, jaisteko oso marka zailak jarri dira. Zarautzen ere Donostiarra hiru segundora egon zen errekorra puskatzeko. Liga oso lehiakorra izan da asteburuero batak besteari estutu diolako. Hobeak ari gara izaten elkarrekin, eta beti nahi dugu irabazi. Guretzat eta ikuslearentzat uste dut hori dela interesgarriena. Eta espero dut Kontxari begira, maila hori mantentzea.

Zortzi ontzi aurrenekoz. Zer balorazio egiten duzu?

Positiboa goiko blokean eta erdizkakoa behekoan. Pena ematen dit Hondarribiak, adibidez, askotan ehuneko batzuengatik ez duela ohorezko txandan sartzea lortu. Hibaika pixka bat hor geratu da, eta galiziarrek, bai, meritu asko dute, baina uste dut kontziente izan behar garela saltoa dezente handia dela. Araudia ezarrita dagoen moduan, beraiek ez doazela kanporaketetara eta Hibaika bai, uste dut buelta bat eman behar zaiola, oso atzean geratu direlako.

Bestalde, Euskotren Ligako seigarrena kanporaketetara joateak, behetik igo nahi dutenei, akaso, aukerak pixka bat murrizten zaizkie. Uste dut berriz pasatuko dela traineruen aldaketa falta hori, baldintzak horrelakoak diren bitartean. Horrek aspergarria egiten du liga. Azken urteetan lau traineru berdinak egon gara denbora guztian eta guretzat ere monotonoa zen. Eman beharreko pauso bat zen, zortzi traineruk egon behar zuten bai ala bai, emakumezkoen arraunak sekulako hazkundea izan duelako. Hazkunde horrekiko eman behar zen pauso bat zen, eta ez sari bat. Hala ere, buelta dezente eman behar zaizkio, bai gure liga babesteko, ikusgarritasuna babesteko, eta bai ETE zein Galiziako ligak babesteko ere, taldeak ez hain kolokan geratzeko.

«Liga oso lehiakorra izan da asteburuero batak besteari estutu diolako. Hobeak ari gara izaten elkarrekin»

Lehen helburua lortuta, orain bigarrenaren bila: Kontxako Bandera. 2021ekoa ez zenuten ospatu jendaurrean. Gogoa izango duzue Kontxa bat behar bezala ospatzeko.

Bai, jendaurrean, eta Donostian... Pasada bat da. 2021ean covida erdi bukatzen zegoen eta kalean pixka bat ospatzeko aukera izan genuen. Baina beti da desberdina... Zarautzen jada asteburu honetan ospatu genuen moduan, familiakoak bertan zeudela... Hori bisualizatzen dut Kontxan, arranplan, jendea bider hamar, eta gorputza urduri jartzen zait. Taldeak gogoa du eta esango nuke arraunak zor digula horrelako ospakizun bat, iaz gertu egon ginelako, eta ez genuelako irabazi kondizio erabakigarri batzuengatik. Baina, aurreko urtean esan nuen, eta aurten ere esango dut: psikologikoki iaz gu ginen Kontxako irabazleak, eta detaile txikiek kendu ziguten bandera.

Aurten inoiz baino lehiatuago egongo da. Nola ikusten dituzu gainerako aurkariak?

Euskotren Ligarako borrokan egon garen laurak... agian batzuei erregulartasun puntu bat falta zaie, eta bi jardunaldietara denez, akaso, itxi egiten zaie banderarako lehia. Bai goialdean bai behealdean sartzen direnak sartzen direla, oso Kontxa borrokatua izango da. Baldintzek asko markatuko dute banderarako lehia. Guretzat sekulako sufrimendua da horrelako estualdia pasatzea, 2021ean ere irabazi genuenean ez zegoen itsasorik, ez zegoen haizerik, ez zegoen ezer, eta bi segundorekin joatea bigarren igandera psikologikoki oso gogorra da, bi segundo ez direlako ezer, baina azkenean lortu genuen mantentzea. Uste dut aurten antzeko zerbait izango dela.

Faborito nagusia Arraun Lagunak dela esan daiteke?

Ez dakit faboritoa. Duela bi hilabete askoren ahotan kasik kanporaketetan joateko geunden, eta orain, batzuk kiniela guztietan faborito jarriko gaituzte, edo faboritoen artean. Uste dut ligarekin bezala egin behar dugula, faboritismo presio hori kendu, eta gure lana egiten badugu, ez dut zalantzarik aurrean egongo garela.