NAIZ

Hamabi ordutan 34 litro metro karratuko zenbatu dituzte Bermeon

Iragarriak ziren euriteek euskal kostaldea jo dute batez ere. Bermeon bildu dira ur litro gehien, larunbat arratsaldeko igandeko goizeko 6ak arte. Eguerdian amaitutzat eman da alerta horia eta zeruak urdintzen hasi dira, tarteka behintzat.

Euri zaparrada mardulak Donostian ere.
Euri zaparrada mardulak Donostian ere. (Jon Urbe | Foku)

Bermeok 34,5 l/m2-ko ur bildu ditu larunbat arratsaldeko seietatik igandeko goizeko seiak arte, eta Zarautzen 23 l/m2 zenbatu dituzte, Euskalmetek jakitera eman duenez. Iragarria zegoen bezala, kostaldean eta Nafarroako eta Lapurdiko barnealdean erori da euri gehien.

Lakuako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du igande eguerdia arte, eta gauza bera egin du Aemet Nafarroan.

Eurijasez gain, haize-bolada handiak izan dira Arabako hegoaldean, 80,4 km/h-koak Guardian, eta tenperatura minimoak 10 gradu zentigradutik behera erori dira. Tenperaturarik baxuena Herreran neurtu da, Lagranen (7,5 ºC).

Hiriburuei dagokienez, Gasteizek 12,2 ºC-ko gutxieneko tenperatura izan du, Donostiak 13,7 ºC-koa, Bilbok 15,6 ºC-koa eta Iruñeak 12,7º C, eta guztiak jaitsi dira aurreko gauaren aldean.

Hamabi udalerrietan errekorra Nafarroan

Udako beroaldi larriena eta hiru egunetara gertatu dira eurijasa hauek. Termometroek goia jo zuten asteazkenean, Gueñesen 45,6 º C markatuz. Larunbat honetan ezagutu denez, Nafarroako hamabi udalerrietan inoiz neurtu den tenperatura altuena jasan zuten bertako biztanleek.

Goizueta, Espartza Zaraitzu, Biana, Irurtzun, Corella, Tutera, Arronitz, Goñi, Barasoain, Faltzes, Lerin eta Allotz dira hauek. Ikus daitekeenez, iparraldeko, hegoaldeko, ekialdeko eta mendebaldeko udalerriak dira, beroaldiak herrialde osoa gogor jo zuela adieraziz.