NAIZ

Urdaibaik bere nagusitasuna berretsi du Getariako ur nahasietan

Ondarroan egun petrala izan ostean, ‘Bou Bizkaiak’ erreakzioa aurkitu du Getariako ur nahasietan eta denboraldiko 10. bandera astindu du. Hori ez ezik, bi estropada puntuagarrien faltan, liga ere kasik erabakita utzi du, 9 puntuko errenta errekuperatu baitu bigarren sailkatu Hondarribiarekiko.

Urdaibaiko eskifaia Getariako garaipena ospatzen, denboraldiko 10.ena.
Urdaibaiko eskifaia Getariako garaipena ospatzen, denboraldiko 10.ena. (Jon URBE | FOKU)

«Irabazten duenak soilik disfrutatzen duen» horietako estropada bat izan zen atzo Getariako uretan jokaturikoa. Halaxe adierazi du Urdaibaiko patroi Gorka Aranberrik, udako 10. garaipena lortu berritan. Nahasi zegoen itsasoa eta are gehiago nahasten joan da orduak aurrera egin ahala. Kaiku, lehen txandatik, garaipenetik hurbil ikusi da, batez ere bigarren txandakoen denbora hobetu zuela ikusita. Ohorezko txandako Bermeo eta Zierbenak –22 minututik jaitsi ziren bakarrak–, baina, arazorik gabe hobetu dute Sestaokoaren denbora.

Denboraldia garai honetara iristen denean, bandera baino askoz gehiago egoten da jokoan, liga bere bukaerara iristen baitago. Atzo, Ondarroan, sailkapenaren behe aldeko guztia erabakita geratu zen, matematikoki; bada, Getarian, ziurtzat ezer eman ez baitaiteke ere, Urdaibaik bandera astintzeaz gain, erabakita utzi du Eusko Label Liga. Hondarribiari –azken luzean postu batzuk eskalatu ditu, laugarren bukatzeko– 9 puntuko aldea ateratzen dio eta bi estropada puntuagarriaren faltan, irauli ezin daitekeen distantzia dela dirudi.

«Bermeok kolpea jasotzen duenean azkar altxatzen da», esan du Aranberrik, Ondarroako egun petrala atzean utzi eta bertan galdu zuen distantzia berriro errekuperatuta. Eta ez soilik distantzia, baizik eta konfiantza, egun eskas baten ostean berriro ere Urdaibaik huts egitea gauza nekeza dela baitirudi.  

Azken luzean, argia

«Gaur irribarretsu nago irabazi dugulako, baina itsasoa ez egoen disfurtatzeko moduan. Azken luzean ikusi dugu argi pixka bat, Zierbenari aurrea hartu diogunean». Izan ere, “galipoek” markatu dute denborarik onena kasik estropada osoan, ohorezko txandan aritu diren Donostiarra eta Hondarribia segituan atzean utzita. Gipuzkoarrek inoiz baino gehiago sufritu dute eta horren adierazle da ‘Ama Guadalupekoaren’ denbora, Urdaibaitik, bere arerio nagusitik, kasik minutu batera helmugaratu baita. Dena dela, azkenean bigarren postua mantendu ahal izan du, azken luzean 7. postutik 4.enera igarota.

”Bou Bizkaia” eta Zierbenaren arerio nagusia, bestalde, lehen txandan zegoen. Kaiku, hain zuzen ere. Ondarroan azken aurreko postuan geratuta, Jose Luis Kortak entrenatutako eskifaia oso ongi moldatu da Getariako itsaso desatseginean. Lehen txanda horretan, gainera, haizeak gogotik ari zuen, bai eta hasiera gunean ere, eta hasiera minutu batzuz atzeratu behar izan dute.
Atzetik aurrera joan dira sestaotarrak, Ondarroari aurrea hartuz bigarren ziabogan eta ordutik, erlojupekoaren kontra bailitzan moduan arituta. 15 segundora utzi du Ondarroa, esaterako, eta minutu erdi baino gehiagora Sotera.

Hala, Kortaren mutilak adi-adi jarraitu dituzte gainontzeko txandak, haizeak zakartu egin duela estropada eremuaren kanpoaldean eta halakoetan, ezustekoak gailentzen baitira. Are gehiago, bigarren txandakoak lehiatuta ere, Sestaokoena zen denborarik onena, Oriok –Ondarroan garaile uda honetan lehen aldiz– ezin izan baitzuen bere denbora hobeto. “Mirotzek” 12 segundo gehiago behar izan zuten estropada bukatzeko eta sufirmenduaren benetako adierazle izan zen Cabo: Boiroko ontziak laugarren egin zuen Ondarroan baina atzo etsituta amaitu zituzten lanak, 23 minutu eta erdiko denborarekin. Denborak, hain zuzen ere, itsaso zakarraren isla dira, ohiko denbora 20 minutu inguruan egoten baita.

Kontxara begira

Eusko Label Liga bukatzeko bi estropada puntuagarrien faltan, traineru guztiak Kontxara begira jarri dira. Gizonezkoek ostegunean jokatuko dute sailkapen estropada eta Urdaibai, iazko garaileak, ez du sustorik nahi, iaz ozta-ozta lortu baitzuen txartela. Zazpigarren postu preziatu hori norena izango den borroka oso estua aurreikusten da.