NAIZ

Haurren 93 hilobi berri aurkitu dituzte Kanadako barnetegi indigena batetik gertu

Kanadako indigenentzat sortutako antzinako barnetegi batetik gertu identifikatu gabeko 93 haurren 93 hilobiak aurkitu dituzte. Milaka dira era honetako instituzioak egondako tokietatik gertu aurkitutako hilobiak, bertan umeei ematen zitzaien tratuaren adierazle.

Jenny Wolverinek agerraldia egin du prentsaurrean.
Jenny Wolverinek agerraldia egin du prentsaurrean. (Kelly GERALDINE | EUROPA PRESS)

Kanadako erdialdeko komunitate indigena batek iragarri du identifikatu gabeko gutxienez 93 haurren hilobiak aurkitu dituztela barnetegi bat egon zen lekutik gertu; hilobi horiek zentro polemiko horietan hamarkadetan gertatutakoa argitzeko abiatutako ikerketen baitan.

Azken aurkikuntza Beauvaleko barnetegia egon zen tokian egin dute, Saskatchewan probintzian. Hasieran English Riverreko Lehen Nazioak 83 hilobi posible detektatu zituen arren, 93ra igo du datua, eta horietatik 14 haurtxoei dagozkie.

«Ez da behin betiko zifra. Bihotza apurtzen dit ziur asko gehiago izango direla jakiteak», salatu du Jenny Wolverine taldeko buruak CBC telebista katean. Wolverinek «izugarritzat» jo du zentro horietan umeek bizi izan zutena, eta azpimarratu du barnetegien funtzionamenduari buruz egindako salaketak «egitateetan oinarrituta» daudela, azken urteotan Kanada osoan mila hilobi baino gehiago aurkitzeak frogatu duen bezala.

Beauvaleko barnetegia 1897 eta 1983 bitartean egon zen zabalik, baina Wolverineren arabera oraindik nabarmena da aborigenen komunitatean eragindako «hizkuntza eta kultura galera». Mota horretako eskolak XIX. eta XX. mendeetan sortu ziren, gazte indigenak bortxaz asimilatzeko. Estatuak finantzatzen zituen eta erakunde erlijiosoek kudeatzen zituzten.

Haren funtzionamenduari buruzko susmoen ondorioz, lursailetan azterketa sakonak egin dira, georradar-teknologiarekin eta ikerketa arkeologikoekin. Beauvalen kasuan, bazeuden hilobi batzuk markatuta, eta, horri esker, antzeko ezaugarriak zituzten identifikatu gabeko beste hobi batzuk detektatu ahal izan dituzte.