Naroa Apaolaza

76 ekintza desberdin antolatu dituzte aurtengo Gasteizko ahalduntze feministarako eskolan

Ahalduntze feministarako eskolaren XIII. edizioan mota anitzetako ekintzak antolatu dituzte Gasteizko txoko ezberdinetan. Irailetik maiatzera izango dira ekintza hauek, eta irailak 1etik aurrera izena emateko aukera egongo da.

Ahalduntze Feministarako eskolaren egitarauaren aurkezpena, Ana Lopez de Uralderen eskutik.
Ahalduntze Feministarako eskolaren egitarauaren aurkezpena, Ana Lopez de Uralderen eskutik. (Gasteizko Udala)

Borroka feministaz hausnartzeko 76 ekintza antolatu dituzte 2023-2024ko Gasteizko Ahalduntze feministarako eskolan. Hamahirugarren edizio honetan irailetik maiatzera hitzaldiak, antzerkiak, bakarrizketak eta zine forumak antolatu ditu Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak, Emakumeen Etxea eta beste elkarte ugarik. Hiriburuko hainbat txokotan izango dira ekintzak eta irailak 1etik izena emateko epea irekiko da.

Ana Lopez de Uraldek, Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotziak, eskolak izango duen eskaintza «anitzaren» inguruko informazioa eskaini du ostegun honetan. «Badakizu zer toki dagokizun» da aurtengo edizioaren leloa. «Beti emakumeei esan diete bere lekuan egoten jakin behar dutela eta guk lasai eta nahi duen moduan egon ahal duela irudikatu nahi izan dugu, horregatik igerilekuan azaltzen da», azaldu du.

Borroka feministak azken urteetan lortutako «aurrerapenen» inguruan elkarrekin hausnartzeko helburu du eskolak, Lopez de Uraldek azaldu duen moduan. Gainera, mota desberdinetako ekintzak eskaintzean, jendearen interesa piztea espero du zinegotziak.

Emakumeen Etxeaz gain, hiriko hainbat txokotan antolatu dira ekintzak, hainbat erakundeen arteko lankidetzari esker. Horietako batzuk izango dira Aldabe Zentroa, Felix Petite Antzokia, Principal Antzokia eta Floridako Zinemak.

Alarma Morearen kontzertua eta hizlari ezagunak

Inaugurazioa irailak 21ean, ostegunean, izango da, Félix Petite antzokian eta bertan antzezlan batekin hasiera emango diote aurtengo edizioari. Maiatzak 30ean amaituko da eskolaren hamahirugarren edizioa, Alarma Morearen kontzertuarekin, hain zuzen ere.

«Mugimendu Feministaren ospe handiko emakumeen hitzaldiak entzuteko aukera ere izango dugu aurten», nabarmendu du Lopez de Uraldek. Horien artean, Sara Lafuente, Norma Vazquez, Itziar Reguero, Mijo Lizarzaburu edo Clara Serra izango dira Emakumeen Etxean gai anitzen inguruko hitzaldiak eskaintzen.

Zenbait hitzaldi streaming bidez jarraitu ahalko direla jakinarazi du Berdintasun zinegotziak, modu horretan jende gehiagok entzuteko aukera izateko. Horretaz gain, ekintzak mundu guztiarentzat ahalik eta «eskuragarriak» izateko asmoz, hainbat baliabide bermatuko dituztela adierazi du Lopez de Uralde, alegia, zeinu hizkuntzako interpreteak eta desgaitasun intelektualak dituzten pertsonentzako begiraleak.

Ahalduntze Feministarako eskolak ere Ikerketa feministako lanen IV. Lehiaketa antolatu du, EHUko Emakume eta Gizonen Berdintasunaren gaineko Masterrarekin batera. Bertan ahalduntze feministarako esperientziei edo Gasteizko emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen aldeko eraldaketa sozialari ekarpena nola egin erreparatu beharko dioten lanak aurkeztu ahal izango dituzte parte hartzaileek.

Irailaren 27ra arte izango dute aukera ekimen «berritzaile» honetan parte hartzeko. Aukeratutako bi lanen egileek 4.800 euro jasoko dituztela jakinarazi du Lopez de Uraldek.

Gazteentzat ere «txoko» bat bermatzeko, 3 eta 18 urte arteko pertsonentzat bideratutako 12 ekintza antolatu dituzte aurtengo edizioan; indarkeria matxista prebenitzeko tailerrak, autodefentsa, capoeira, antzerkia, ipuinak eta hilekoari buruzko zalantzak argitzeko saioa izango dira horietako batzuk.

«Etenaldia, lasaitasuna, atsedena, autozaintza, elkar zaintza eta bizi-erritmo jasangarriagoak defendatzen ditugu, beti eraginkorrak, prestuak, adoretsuak, funtzionalak eta perfektuak izatera behartzen gaituen eredu honen aurrean», azpimarratu du Lopez de Uraldek, ekintzetan parte hartzeko eta elkarrekin emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen borrokaren inguruan hausnartzeko.