NAIZ

Guggenheim Museoak bere historiako udarik onena izan du ia 490.000 bisitarirekin

Guggenheim Museoak bere historiako udarik onena izan du bisitarien kopuruari dagokionez, aurreikuspenak gaindituz: ekainetik abuztura bitarte 489.946 lagunek bisitatu baitute, hau da, 2022ko epealdi berean baina 40.469 gehiagok eta orain arte urterik onena izandako 2018an baino 44.799 gehiagok.

Oskar Kokoschkaren erakusketa, Guggenheimen.
Oskar Kokoschkaren erakusketa, Guggenheimen. (Monika Del Valle | FOKU)

2023ko uda Guggenheim Museoaren historiako onena izan da bisitarien kopuruari dagokionez. Hiru hilabete horietan Museoaz gozatu duten pertsonak 489.946 izan dira guztira, hau da, epealdi berean 2022an bertaratutakoak baina 40.469 gehiago; Museoak, orduan, ‘Motion. Autos, Art, Architecture’ erakusketa ikusgai zuen, bisitari asko erakarri zituena.

Orain arte Museoaren urterik onena izandako 2018an baina 44.799 bisitari gehiago etorri dira. «Aurtengo emaitza bikainek Museoaren osasuna eta bisitariak erakartzeko gero eta ahalmen handiagoa berresten dituzte», ziurtatu Bilboko museoko arduradunek.

Hilabeteka begiratuz gero, ekainean 106.418 pertsonak bisitatu zituzten museoko erakusketak, iaz baino 305 gehiagok; uztailean 165.418 bisitari izan ziren, 2022an baino 17.488 gehiago, eta abuztuan 218.087, iaz baino 22.676 gehiago. Bisitari gehien izan genuen eguna abuztuaren 16a izan zen, 8.949 lagunekin.

Bisitarien jatorri geografikoari dagokionez, %68 nazioartetik heldu dira (iaz baino %3 gehiago); beste behin ere, frantsesak nabarmendu dira (guztien %17), eta ondoren italiarrak, alemanak eta herbehereetarrak (%7a) eta Britainia Handikoak (%6).

Modu honetan, aurten, abuztuaren 31ra bitarte, 898.513 bisitari izan ditu Guggenheim Museoak, joan den urtean baino %15 gehiago eta 2018an baino %7 gehiago.

Bilboko museora hurbildu diren bisitariek aukera izan dute ‘Oskar Kokoschka: Vienako errebeldea’ (zabalik irailaren 3ra arte), ‘Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik’ (irailaren 10era arte) eta ‘Yayoi Kusama: 1945etik gaurdaino’ (urriaren 8ra arte) erakusketak ikusteko, besteak beste.