Aritz Juaneneak distira handiz lortu du Buruz Buruko finala jokatzeko txartela

Aritz Juanenea saldiastarra izango da Imanol Ansaren aurkaria datorren larunbatean Galarretan jokatuko den erremonteko Buruz Buruko Txapelketaren finalean. Finalerdietako partida erabakigarrian Endika Barrenetxeari 21-30 irabazi dio, bigarren erdian sekulako jokoa erakutsita.

Aritz Juanenea, finalerako txartela ospatzen.
Aritz Juanenea, finalerako txartela ospatzen. (Maialen ANDRES | FOKU)

Aritz Juanenea izango da Imanol Ansaren aurkaria datorren larunbatean Galarretan jokatuko den erremonteko Buruz Buruko Txapelketaren finalean, finalerdietako partida erabakigarrian Endika Barrenetxeari 21-30 irabazi ostean. Saldiastarrak sekulako neurketa jokatu du, batez ere bigarren erdian, eta ongi merezita lortu du finalerako txartela.

Juanenearen lehen finala izango da Buruz Burukoan, eta gauza bat jakina da: txapeldun berria izango da aurten, ez Ansak eta ez Juaneneak ez dutelako inoiz urteko txapel nagusia irabazi. Gainera, nolabaiteko belaunaldi aldaketa baten aurrean gaudela esan daiteke, aspaldiko partez ez Urriza eta ez Barrenetxea ez direlako finalean izango.

Atzelari hernaniarra zen gaur garaipena lortzeko faborito nagusia, eta demaren lehen erdian aurretik ibili da markagailuan. Sakearekin gehiegi asmatu ez arren, gipuzkoarra 18-14 aurreratu da eta bazirudien aurten ere finalerako txartela eskuratuko zuela.

Baina tanto oso gogor batean lortu du Juaneneak 18-15ekoa, eta sei tanto jarraian eginez 18-20 aurretik ipini da. Barrenetxearen erantzuna ere azkar iritsi da eta 19-20koarekin dena irekita zegoen.

Une horretan, ordea, Aritz Juanenearen bertsiorik distiratsuena ikusi dugu: defentsan sekulako pilotak eramanez, piloteoan nagusituz eta aurrean ere tanto ederrak sinatuz. Bereziki txalotua izan da 19-24koa, aurrean dejada bikain batekin egindakoa.

Azkenean 21-30 garaile pilotari saldiastarra eta lortutakoaren neurria bere ospakizunek eman dute, jarraitzaileekin batera garaipena gogotik gozatuz.

«Partida oso ona jokatu dut. Dena nahi nuen bezala irten zait. Berak markagailuan ihes ez egitea nahi nuen eta lortu dut. 18-14koan larri ibili naiz, baina sufritzen jakin dut, bi errebote eraman ditut, eta ikusi da une gogor horietan borrokatzen jakitea oso garrantzitsua dela. Fisikoki ongi nago, ez du ematen baina hala da, atseden oso gutxi eskatzen ditut eta hala ere ongi amaitzen ditut partidak, baina hemen garrantzitsuena burua da, eta horretan ere gaur ongi ibili naiz», adierazi du Juaneneak neurketa amaieran.

«Kronika batean irakurri nuen Urrizari txapela kentzeko hautagai nagusiak Ansa eta Barrenetxea zirela. Niri aipatu ere ez zidaten egiten. Eta erakutsi dut nik ere badudala zer esana. Orain gozatu egin nahi dut. Ilusio handia egiten dit finala Ansaren aurka jokatzeak. Lagun handiak gara, baina lehia handia ere badugu gure artean. Beti bi errege handi horien atzetik ibili izan gara eta orain txapela jokoan izango dugu», gaineratu du saldiastarrak pozez zoratzen.