NAIZ

Etorkisuneku sormen beka aurkeztu du Badalabek, «euskaradun gizartearen iruditeria elikatzeko»

Euskaradun gizartearen etorkizuneko iruditeria elikatuko duten diziplina anitzeko piezen sormen eta ekoizpen prozesuak laguntzea bilatuko du Etorkisuneku sormen deialdiak. Norbanako eta kolektiboei zuzendutako lau beka independente izango dira, bakoitza 1.500 eurokoa.

Badalabeko kideak eta Nerea Arrien idazlea fabula eta sormen beka aurkezten, Errenterian.
Badalabeko kideak eta Nerea Arrien idazlea fabula eta sormen beka aurkezten, Errenterian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak Etorkisuneku proiektuaren bi fruitu aurkeztu ditu asteazken honetan Errenterian duen egoitzan. Ekimenak «etorkizuneko interakzio sistemetan euskararen erabilera bermatzea» du helburu.

Goiatz Oiartzabal zuzendariak hala azaldu du: «Egungo mundua globala da, digitala edo digitalizatua, abiadura oso handian doa, eta aldaketek edo berrikuntzek ezaguna dugunarekin gero eta arrakala sakonagoak irekitzen dituzte. Hizkuntzan eragin zuzena du horrek».

Lehenengo etapa: fabula

Etorkisuneku proiektuaren lehenengo fasean, Tipi kooperatibaren eta Azala sormen espazioaren laguntzarekin, fabula bat landu zuten. Horretarako Euskal Herriko jatorri anitzeko dozena bat gazte bildu zituzten, eta etorkizuna irudikatzeko arkeologia espekulatiboko metodologiak erabili zituzten 2073. urteko euskal gizartea nolakoa izan daitekeen irudikatzeko.

Ekarpenak jaso zituen Nerea Arrien (Lekeitio, 1976) idazleak eta asteazken honetan plazaratu dute esperimentazio ariketaren emaitza, ‘Itzultzeko Eskubidea’ fabula. Hainbat literatur sari irabazitako egileak adierazi duenez, hizkuntza teknologiek berebiziko garrantzia izango dute, eta hizkuntza berari egin diezaioketen ekarpena ez da erdeinatzekoa izango.

Bigarren fasea: sormen deialdia

Soka bertsutik tiraka, beka deialdia ireki du Badalabek. Guztira, sormen prozesua finantziatzeko 1.500 euroko lau sormen beka esleituko ditu Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak. Dirulaguntza erabat irekia da eta edozein diziplina artistikok har dezake parte. Helburua etorkizuneko hizkuntza eta hiztun komunitatea irudikatzeko nahia duen edota hizkuntzarekin zerikusia duten etorkizuneko proposamenak, piezak, artefaktuak, gailuak edota hausnarketak izan daitezke.

Literatura, arkitektura, musika, arte garaikidea, telebista, antzerkia, teknologia... sormena iturburu duen edozerk izan dezake lekua.

Eskaerak bakarka edo kolektiboan aurkez daitezke eta entrega epea heldu den urriaren 15ean bukatuko da, 12.00etan. Urriaren 26an jakinaraziko dira lau saridunak eta abenduaren 31 arte izango dute proposamena burutzeko tartea.

Lanean bidaide izatea eskainiko dute Tipik eta Badalabek, eta tresnak eta baliabideak ere jarriko dituzte eskura.

Fabula eta deialdia badalab.eus webgunean daude eskuragarri.