Segurako Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburuk eskuratu du Ordiziako Idiazabal Gazta Lehiaketaren 50. edizioko sari nagusia. Bost aldiz irabazi du gaztandegi horrek txapelketa ospetsuak, azken hamar urteotan hirutan (2014 eta 2021ean). Ondoren egin den enkantean, Super Amara kateak 3.550 euro ordaindu ditu garaile izan den gazta erdiagatik, aurreko edizioetan baino nabarmen gutxiago.
Bigarren postuan Lekarozko Josu Arburua sailkatu da –2018 eta 2019ko irabazlea–; hirugarren Ordiziako Joseba Insausti izan da –2016an irabazi zuen– eta laugarren Ander Barandiaran idiazabaldarra. Bosgarren tokian Egozkueko Loperena gaztandegiko Belen Landa sailkatu da.
Eneko Goiburuk 2.000 euro, txapela, Kutxaren garaikurra eta 12.000 etiketa jasoko ditu lehiaketa irabazteagatik. Azaldu duenez, ketutako gazta aurkeztu du, martxoan egina, «mimo askorekin» eta «ilusio eta maitasun handienarekin». Bere etxean ketutako gazta egitea «ohitura» delako erabaki zuen hori aurkeztea. Bere aitona hasi zen gaztak modu horretan egiten, eta etxean ohitura horri eutsi diote, kontatu duenez.
Euskal Jaien barruan azoka berezia egin dute gaur Ordizian eta horren baitan gazta lehiaketa. Aurten, mende erdia beteta, Juan Mari Arzak sukaldaria omendu dute; berak ezin izan du bertan egon eta Elena Arzak alaba izan da haren ordez.