NAIZ

Internet bidez erosketa eskatu eta oinez jasotzea, ingurumen-inpaktu gutxien duen aukera

Hurbileko merkataritzan ingurumena gehien errespetatzen duen eredua da «Click & collect». Elikagaiak internet bidez erostea eta jasotzera oinez joatea dago izenburu horren atzean, eta ‘Foodelivery’ ikerketak Euskal Herrian egindako azterketaren ondorioa izan da.

Erosketetarako orga bat, Gasteizko supermerkatu batean.
Erosketetarako orga bat, Gasteizko supermerkatu batean. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Click & collect» terminoak hurbileko merkataritzan erosketak egitea adierazten du, eta ingurumena gehien errespetatzen duen modua da: elikagaiak internet bidez erosi, eta oinez jasotzera joatean datza. ‘Foodelivery’ ikerketa Euskal Herrian elikagaien erosketak egiteko banaketa-modalitate ezberdinek ingurunean duten eraginari buruz egindako lehen ikerketa da.

Donostiako San Martin Merkatuan aurkeztu da ostiral goiz honetan, eta bertan izan dira Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatua, Jon Ander Egaña Basque Food Clusterreko zuzendari nagusia, Olga Martín Aclimako zuzendari nagusia eta Fernando Zubillaga Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko zuzendari nagusia.

Ikerketa Gipuzkoan egin da, eta hainbat banaketa modalitate hartu ditu kontuan erosketa establezimendu motaren arabera banatzerakoan (hipermerkatua, supermerkatua, auzoko denda tradizionala eta online). Baina beste gai batzuk ere baloratu dira ikerketan, hala nola kontsumitzaileen desplazamendu mota (oinez, bizikletaz, motorrez, autoz), erosketa etxera eramateko moduak (baliabide propioekin edo etxera bidalita) eta paketatzeko elementuak eta garraiorako erabilitako poltsak. Azterketa osatzeko, gainera, kontsumo-ohiturei buruzko inkesta bat egin da, bai eta herritarrek establezimendu motaren arabera nahiago dituzten desplazamendu-motei buruzkoa ere.

Hainbat aldagai kontuan hartuta, ondorioa ingurumen-inpaktu txikiena duen aukera «Click & collect» delakoa dela azaldu dute (16,3 gramo CO2 baliokide erosketa-kilogramo bakoitzeko). «Eskaera online egiteak inpaktu txikiagoa du, dendaren klimatizaziotik eta argiztapenetik eratorritako kontsumo txikiagoa eskatzen duelako; izan ere, eskaera prestatzen duen pertsonak dendara joaten den pertsona batek baino denbora laburragoan egiten du, eta, beraz, energia-kostuak txikiagoak dira», azaldu dute ikerketaren egileek.

Gainera, erosketak garraiatzeko eta banatzeko erabiltzen den paketeak % 3tik beherako karbono-aztarna du. Ikerketak ondorioztatu duenez, kontsumitzaileen % 50 prest egongo litzateke bere ohiturak aldatzeko, bere ekintzen eragina jakingo balu.

Kontzientziazioa eta elkarlana

Jon Ander Egaña Basque Food Clusterreko zuzendari nagusiak adierazi duenez, elikadura-erosketen ingurumen-inpaktua murrizteko neurri zehatzak hartzea ahalbidetuko duten neurriak izateko «lehen urratsa» da azterlan hau.

Bestalde, Aclimako zuzendari nagusiak, Olga Martinek, gogorarazi du gizartea eta enpresak gero eta gehiago jabetzen direla jarduerek ingurumenean duten eraginaz, eta «alde batetik, enpresek modu zehatz eta eraginkorrak bilatzen dituzte inpaktu hori murrizteko neurriak, baina kontsumitzaileek ere hala egiten dute beren kontsumo-ereduak arduraz aukeratzean; guztion arteko lankidetzan egin beharreko lana da».

Lehenengo neurri gisa, datuak ezagutu ondoren, ‘Zure erosketa jasangarriagoa egiten duten keinuak’ kontzientziazio-kanpaina lantzen hasi dira. Kanpaina hori San Martin azokako leihatiletan zabalduko da, eta Donostiako erdigunea ere zeharkatuko du Txitako bizikleta-gurdi batean, herritarren artean eguneroko keinuen garrantzia zabaltzeko. Izan ere, kontsumo-ohiturei buruzko azterlanaren arabera, kontsumitzaileen %50 prest egongo litzateke bere ohiturak aldatzeko, bere ekintzen eragina jakingo balu.