NAIZ

NBEk Parisko Akordioaz egindako lehen balorazioa: «Mundua ez da klima helburuak betetzen ari»

Parisko Akordioan larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurriak adostu ziren; NBEk kaleratu duen lehen ebaluazio ofizialaren arabera, ordea, helburuak ez doaz betetze bidean. Gainera, konpromisoak hartu eta aldatzea eragin dezakeen leihoa «azkar ixten ari da», ohartarazi du txostenak.

Erregai fosilen aurkako protesta Parisen, iragan abuztuan.
Erregai fosilen aurkako protesta Parisen, iragan abuztuan. (Alain JOCARD | AFP)

Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioak (UNFCCC) ostiral honetan jakinarazi du mundua ez dagoela Parisko Akordioaren epe luzerako klima helburuak betetzeko bidean, horri buruz NBEk argitaratu duen lehen ebaluazio ofizialaren arabera.

«Uste zitekeenaren kontra», Parisko Akordioak klima aldaketaren aurkako ekarpen «ia unibertsalak» erraztu ditu, eta ekarpen horiek «nabarmen murriztu dituzte etorkizuneko beroketa aurreikuspenak», Bonnen (Alemania) egoitza duen erakundeak argitaratutako txosten teknikoaren arabera.

Hala ere, «mundua ez dago epe luzerako helburuak betetzeko bidean», hau da, berotze globala industriaurreko mailatik gehienez 1,5 ºC-ra mugatzeko, dokumentuaren arabera. Emisio globalak ez datoz bat helburu horiek lortzea ahalbidetzen duten arintze ereduekin eta konpromisoak hartu eta aldatzea eragin dezaken leihoa «azkar ixten ari da», ohartarazi du txostenak.

Gaur egungo helburuetan oinarrituta, horrela jarraituz gero egingo diren isurketen eta berotze globala mugatzeko beharrezkoak liratekeenen arteko ezberdintasuna 20,3 eta 23,9 gigatonelada karbono dioxidokoa litzateke 2030. urtean.

Balorazio txostenak jasotzen duenaren baitan, CO2 eta berotegi efektuko gasen emisioetan «zero» lortzea sektore guztien eraldaketa sistemikoaren bidez baino ez da posible, erregai fosilak bertan behera utzi eta energia berriztagarriak sustatuz, besteak beste.

Klima aldaketak eragindako galeren eta kalteen eremuan, txostenak adierazten du premiaz jardun behar dela horien eragina murrizteko, bereziki eraldaketarako gutxien prestatuta daudenengan eta hondamendi naturaletatik errekuperatzeko gaitasun gutxien dutenen kasuan.

Erantzun bateratu eta sendoen falta

Hala ere, orain arte ikusi diren egokitze politika gehienek ez dutela norantza beraren baitan lan egiten kritikatzen da balorazioan: «Zatikatuta daude, sektoreka espezifikoak dira, eta modu desberdinean banatuta daude eskualde desberdinetan».

Inplementazioari dagokionez, txostenak azpimarratzen du beharrezkoa dela baliabideak azkarrago mugiaraztea, garapen bidean dauden herrialdeetan ekintza klimatikoa bultzatzeko eta teknologia garbien garapenean lankidetza areagotzeko.

«Munduko balantzea» bezala ezagutzen den prozesuaren parte dira balorazio hauek, eta lehen txanda datorren abenduan amaituko da Dubain. Bertan, 200 herrialdek baino gehiagok orain arte lortutako aurrerapenak aztertuko dituzte COP28an.

Erantzun azkarrak beharrezkoak izango dira

«Gizarte osoaren ikuspegia behar da, aukera leihoa nahiko azkar ixten ari delako», adierazi du Mohammad Tariq IPCCko 1. Lantaldeko presidenteordeak prentsaurreko birtual batean.

Tariqek azpimarratu du sektore publikoak eta pribatuak, mundu akademikoa eta gizarte zibila, besteak beste, inplikatu behar direla «aurrera egiteko bide bakarra» den horretan, bestela krisi klimatikoaren ondorioak inork ezin izango baititu kontrolatu. Bestalde, Tom Evansek, EG3 think tank-eko klima politikan adituak, esan du txosten hori eskuan hartuta COP28ra joango diren gobernuek «etxeko lanak eginda» dituztela.

«Dubain, herrialdeek neurri sorta handi bat adostu behar dute, azkar erantzuteko plan bat izan dadin, txosteneko gomendioak egia bihur daitezen», adierazi du ohar batean NBEk.