Joseba Iturria
Periodista deportivo. Real Sociedad y ciclismo
Entrevue
Igor Zubeldia
Realeko jokalaria

«Championserako sailkatu izanak Reala zein ondo ari den erakutsi du, ohorea da jokalari izatea»

Azkoitiarra baloiak jasotzen ibili zen Anoetan 2013an Reala Lyonen kontra taldekako fasera sailkatu zenean. Zelai horretan jokatzeko ametsa zuen 16 urteko gaztea zen. Aritz eta Oyarzabalekin batera orain berak darama urte gehien taldean eta 10 egun barru horrelako partida bat jokatzeko irrikan dago.

Igor Zubeldiak Granadaren aurkako garaipena eskertzen du eta Liga hasierako minutu guztiak jokatu ditu.
Igor Zubeldiak Granadaren aurkako garaipena eskertzen du eta Liga hasierako minutu guztiak jokatu ditu. (Gorka RUBIO/FOKU)

Igor Zubeldia mugiezin bihurtu da Imanolentzat Liga hasieran. Eskertu du aste honetako etenaldira garaipen batekin iritsi izana, Liga eta Championseko partida bereziak prestatzeko.

Nola hartu duzue etenaldia garaipena lortu ondoren?

Ondo. Etenaldi honetara garaipen batekin iritsi nahi genuen eta lortu genuen. Lasaitasun puntu bat ematen dizu partida gabeko aste hauei lasaitasuna emateko eta helburu hori lortu genuenez, gustura.

Irabaztea inportantea zen hiru berdinketa izan eta gero?

Beti da garrantzitsua irabaztea, horretarako jokatzen dugu, baina egia da lehen hiru jardunaldietan puntu bat bakarrik lortu genuela. Guk beti irabazi nahi dugunez, ordea, laugarren jardunaldi horretan, zorionez, lortu genuen. Orain arte ohituta egon gara minutu gehiagotan arerioa gehiago presionatzen eta, nire ustez, lehenengo hiru partidetan momentu batzuetan bakarrik lortu genuen hori. Beste minutu batzuetan, agerian geratu zenez, ez ginen oso eroso sentitu. Granadaren aurka ikusi zen benetako Reala: 80 minututan, behintzat, guk nahi dugun presioa eta jokoa egiten.

Atzelari bezala pena emango zizun azkeneko minutuetan bi gol jasotzeak...

Bai, dudarik ez. Niri, atzelaria izanda, min handiagoa egiten dit. Ez dakit erlaxatu egin ginen edo zer gertatu zen, baina horrek indartzeko balio behar digu. Ahalik eta gol gehien egitera atera ginen, aukerak izan genituen eta bost gol baino gehiago egiteko aukera izan genuen; batzuetan asmatzen da eta besteetan ez, baina bukaeran, nahaste-borrastean, bi gol jaso genituen. Zorionez, hiru puntuak lortu genituen. Uste dut, hala ere, zuzentzeko gauzak daudela.

«Denboraldiaurrea aurrekoetan baino ezberdinagoa izan da, bai denboraren bai bidaien aldetik: ez gaude ohituta»

Nola ikusi duzu Liga hasiera?

Denboraldiaurrea aurrekoetan baino ezberdinagoa izan da, bai denboraren bai bidaien aldetik: ez gaude horretara ohituta. Ez da batere lagungarria horrelako bidaia bat egitea Liga hasi baino astebete lehenago, baina moldatu egin gara. Horrez gain, taldea ez da momentu fisiko onenean iritsi hasierara. Dena dela, laugarren jardunaldian gaude, puntu hobea dugu eta hemendik aurrera gero eta hobeto sentituko garela uste dut.

Eta fitxaketak, bostetatik hiru atzeko postuetan...

Jende batek alde egin du eta beste batzuk etorri dira. Etorri direnak oso azkar moldatu dira taldera eta garbi daukate zer nahi duen Imanolek; uste dut hori erakusten ari direla bai entrenatzen, bai zelaian.

Hamari Traorek lehen egunetik jokatzeko aukera izan zuen eta oso ondo egokitu da taldera; oso jokalari trinkoa da, indartsua, eta hori erakusten ari da, aurreko taldean egiten zuena hemen frogatzen ari da lehen egunetik. Alvaro duela gutxi etorri da eta ez dugu astirik izan ikusteko, bi entrenamendu bakarrik egin dituelako. Hala eta guztiz ere, berak ezagutzen ditu kluba eta entrenatzailea, eta hori alde ona da berarentzat, lehenbailehen jarriko delako puntuan. Kieran Tierneyek, Hamarik bezala, etorri eta astebetera hasieratik jokatu zuen; ikusi dugu nolako jokalaria den eta zer taldetatik etorri den, ez baita edozein talde. Bera ere egunak aurrera joan ahala hobeto sentituko da taldearen barruan baita zelaian ere.

Ardura handiagoa hartu behar duzu Illarra, Guevara eta Silva atera ondoren. Hiru bakarrik gelditu zarete 2018tik…

Inori ez zaio gustatzen haren taldekide bati jarraituko ez duela entzutea. Asierren kasuan, adibidez, baita Davidena ere; Guevara ere joan da, Andoni, Alex Sola, Rober… Baina, esan bezala, beteranoenak Asier eta David ziren eta pena da, aldagela barruan pisu handia zutelako. Orain orrialdea pasatu behar da eta daudenek beraien lekua ahalik eta ondoen betetzea da helburua.

«Harro nago talde honetako beteranoetako bat izateagatik; ahal denerako laguntzeko prest gaudelako»

Jende gazte asko ari da sartzen taldean. Ni iritsi nintzen garaian oso gazte hasi nintzen eta beste beterano batzuk zeuden. Orain etapa aldaketa bat dago, gu adinean aurrera joan gara eta horrek taldean urte batzuk daramatzagula esan nahi du eta, egia esan, harro nago talde honetako beteranoetako bat izateagatik; ahal denerako laguntzeko prest gaudelako.

Pertsonalki pubiseko arazoak gainditu dituzu eta mugiezina zara Liga hasieran.

Oso ondo sentitzen naiz, lesioek errespetatzen naute eta. Liga hasieran normala izan ohi den bezala, puntu onena iristear dagoela uste dut. Hala ere, uste dut denok berehala jarriko garela puntu onenean.

Etenaldiaren ondoren festa Bernabeun hasiko da igandean; Interrekin asteazkenean Anoetan, zazpi partida 22 egunetan….

Bai, garrantzi handiko partidak datoz, atseden hartzeko denbora gutxi izango dugu, hiru egunetatik behin jokatuko baitugu, baina horretara ohituta gaude. Txapelketa berri batean hartuko dugu parte, orain arte Europa Leaguean hartu dugulako parte bakarrik, baina klubak beste salto bat egin du eta ikusiko dugu nora heltzeko gai garen; bai fisikoki bai mentalki oso ondo egon beharko dugu.

Inportanteena Championsengatik Liga bigarren tokian ez uztea da.

Batzuetan emaitza hobeak lortuko ditugu, beste batzuetan okerragoak, baina gure helburua beti onena ematea da eta horrela jarraitu behar dugu. Emaitzak askotan ez daude gure esku; beti irabaztera ateratzen gara, ordea. Ondo gestionatzen jakin beharko dugu hiru egunetan behin jokatzea, ondo deskantsatu eta jan; horrelako gauzetan ahalik eta etekin handiena atera beharko dugu hurrengo partidetan ahalik eta ondoen egoteko.

Nola ikusten duzu Champions League?

Europako 32 talde onenak daude eta Reala txapelketa hau jokatzen ikustea izugarria da, etxeko jokalariak izanda helburu hau lortzea. Irrikan gaude Anoetan Championseko himnoa entzuteko, zaleen aurrean, eta erakusteko, horrelako txapelketetan, nolako taldea dugun.

Zozketa ikusita, helburua lehenengo bi postuetan bukatzea da?

Laugarren bonboan egonda talde okerragoak tokatu ahal ziren, baina hala ere, ez nuke esango gure taldea erraza denik, partida guztiak oso-oso zailak izango direlako. Ikusi besterik ez dago: Benfica, Portugaleko txapelduna; Inter, Championseko finalista eta Salzburgo ere oso talde handia. Ez dago talde errazik, baina tokatu zaiguna lehiatzeko kapaz izango garela esango nuke eta ikusiko dugu gai garen talde guztien aurka bertsiorik onena emateko. Hasieran ahalik eta posturik onena lortzera joan behar dugu, baina gero emaitzen arabera ikusiko da zein helburu lortu ahal izango dugun.

«Oroitzen naiz Lyonen aurkako partidaz, ibili nintzen baloiak jasotzen. Orain tokatzen zait bizipen hau taldearen barrutik bizitzea»

Gogoan duzu, 2013-14 denboraldian, nola bizi izan zenuen Championsa?

Oriotzen naiz Lyonen aurkako partida harekin: Anoetan ibili nintzen “baloiak jasotzen”. Orduan zale bat nintzen, nahiz eta Realaren harrobian jokatu, eta oso oroitzapen onak ditut. Zorionez, orain niri tokatzen zait bizipen hau taldearen barrutik bizitzea eta irrikan nago partida hauek iristeko, nahiz eta Championseko partidak baino gehiago helburua orain Real Madril den.

Zure taldearekin hor jokatzea onena izan daiteke?

Taldearen barrutik hori bizitzea, harrobiko jokalari batentzat… ez dago ezer hoberik. Disfrutatzeko txapelketa bat izango da, egunero ez delako lortzen horrelako txapelketa batean jokatzeko aukera izatea. Baina jada titulu bat lortu dugu Realarekin, eta hori zen amestutako gauzetako bat, nahiz eta etorkizunean beste zerbait lortu nahi genukeen. Europa Leaguen hiru urte jarraian eta laugarrenean Champions Leaguerako sailkatu izanak kluba zein ondo ari den erakutsi du: ohorea da Realeko jokalari izatea.

Aurten zein da helburua?

Nire ustez, helburuez hitz egiteko goiz da oraindik. Helburuez denboraldi erdian edo bukaeran hitz egin behar da. Baina, orain arteko mailari eutsi behar diogu eta, ahal bada, hobetzen jarraitu. Hori egiten badugu, edozein talderen kontra lehiatzeko moduan egongo gara eta hori erakusten ari gara. Nire ustez, helburuak horiek izan behar dira. Hori eginda, emaitza onak lortuko ditugu eta goiko postuetan egoteko aukera izango dugu.