Urdaibaik nahierara irabazi du Kontxako Bandera. Hori da, behintzat, askoren sentsazioa. Haiek nahi dutenean erritmoa bizitu eta gainerako aurkariak atzean uzteko gai da 'Bou Bizkaia'. Bigarren urtez jarraian irabazi du Bermeok Donostiako badian eta zazpigarrena du palmaresean. Gorka Aranberri patroiak zortzigarrena eraman du, eta batera du Manuel Arrillaga 'Aita Manuel', Kontxa gehien irabazi dituen patroia, alegia.
Ohorezko txandan ez, Urdaibaik lehenengoan izan du aurkaririk gogorrena. Zierbenak estropada bikaina egin du hirugarren kaletik, batez ere lehen luzean. Borja Gomez patroiari ikusi zaio arraunlariei oihuka, gehiago estutu zezatela eskatzen. Pentsa, txandako bigarren ontziari, Cabori, 32 segundoko aldea atera diete 'Galipoek'.
Beren bakarkako lana eginda, ohorezko txandari begira zeuden Dani Perezen arraunlariak. Amesteko tartea izan du Zierbenak, estropadako momenturen batean zazpi segundo aurretik zihoalako –lehen jardunaldian Bermeok alde hori atera zion Zierbenari–.
Lehen ziabogan Urdaibai Zierbena baino bost segundo motelago iritsi da, baina, poparean, indar erakustaldia eman du Iker Zabalaren taldeak.
Arrapalan, Zierbenakoak urduri
Ohorezko txanda amaitu aurretik, arrapalara iritsi dira 'Galipoak'. Urduritasuna nabaria zen haien aurpegietan, tentsioa ere bai. Gertu egon dira aldaba jotzetik, baina, ikusita bigarren luzean 'Bou Bizkaia' haien denbora hobetzen zihoala, estropada amaitu baino lehen, trainerua pisatzera eraman dute. Jakinda, ez zutela banderarik astinduko.
Ohorezko txandan Bermeo izan da estropada buru hasi eta buka. Hirugarren kaletik egin du arraun 'Bou Bizkaia'-k, eta bereziki poparean sekulako luzea egin du, ligan egin ohi duten moduan. Lehen ziabogan Donostiarra zortzi zegundora utzi du Bermeok, 11ra Orio eta 13ra Hondarribia.
Bueltako bidean, bandera haiena zela jakinda ere, estropada irabaztera joan dira bermeotarrak, eta hori ere lortu dute. 'Galipoek' baino lau segundo azkarrago iritsi dira helmugara.
Minutu erdira iritsi da ohorezko txandako gainerako ontziak. 'Ama Guadalupeko' trainerua oso urruti egon da bandera irabaztetik, 30 segundo eskasera, hain zuzen ere. Pasa den igandean erakutsi zuten mailatik urrun ibili dira. Kaleak ere eragina izango zuen, lehenengotik egin baitute arraun.
Lehen txandan Zierbenaren atzetik Cabo iritsi da, ondoren Getaria, eta azkenik Ondarroa. 'Antiguako Ama'-k azkena egin badu ere, Kontxatik kanpo geratu da, arraunlarien zerrenda garaiz ez aurkezteagatik. Iñigo Larrinaga Ondarroako patroiak agur esan dio arraunari.
Kontxako 128. Bandera Sailkapen nagusia
1. Urdaibai 38:30.66
2. Zierbena 38:42.29
3. Hondarribia 39:00.61
4. Donostiarra 39:05.53
5. Orio 30:08.29
6. Cabo 39:33.66
7. Getaria 39:46.02
Ondarroa - Deskalifikatua