Jon Ormazabal

Aitor Elordik ere ezin izan dio ihes egin gerriko gorriaren zorigaitzari

Mallabiarrak ostegunean beteko du hilabete partidarik irabazi gabe eta okerrena dena, ordutik hiru partida baino ez ditu jokatu. Joko bolada txarrari eskuin eskuko arazoak batu zaizkio.

Aurtengo uda ez da Aitor Elordik espero zuena bezalakoa.
Aurtengo uda ez da Aitor Elordik espero zuena bezalakoa. (Gorka RUBIO/FOKU)

Sariez, gerriko gorriaz eta prestigioaz harago, udan herri guztietako eskariak izatea izaten da Buruz Buruko txapeldunak izaten dituen pribilegioetako bat. Azken urteetan, ordea, txirrindularitzan ortzadar maillotarekin gertatzen denaren antzera, badirudi paparrean txapelaren irudia daraman elastiko gorriak ere nolabaiteko maldizio bat daramala berarekin, udari dagokionean bederen. Erik Jakak Baikorekin kontratu berria sinatu eta jantzi zuen lehen egunean ospitalean amaitu zuen pericarditisak jota eta hilabete luzez kantxetatik at egon behar izan zuen. Iaz Unai Lasok ere bi lesio izan zituen, sanferminetan eta sanmateotan jokatzen utzi ez ziotenak. Iker Irribarriak berak ere, udako torneo bat irabazteke utzi behar izan zuen pilota profesionala eta aurten Aitor Elordik ere ezin ihes egin.

Mallabitarraren kasuan, urtebetean pilotaren bi aurpegiak, bi muturretan gainera, bizitzea egokitu zaio. Duela 12 hilabete, hastear den sanmateotako ferian lehen eta hirugarren partidak jokatzea egokitu zitzaion, estelarretan leku bat egin ezinda.

Udazkenean, ordea, joko puntua eta konfiantza hartu eta inork gelditu ezinda aritu zen. Lau eta Erdikoan podioa zapaldu eta Binakakoa eta Buruz Buruko txapelak jantzi zituen, pilotazale guztiak bere jokoarekin ahozabalik utzita. «Boladari ahalik eta etekinik handiena atera behar diot, badakit eta une txarrak ere etorriko direla», errepikatzen zuen etengabe arrosa koloreko egun horietan eta, zoritxarrez, denborak arrazoia eman dio.

Goitik behera

Uda ondo hasi zen mallabitarrarentzat, jokatutako lehen partida etxean irabazita, bigarrenean ere 22ra heldu zen, baina hortik aurrera uda malda gora joan da aurrelariarentzat. Jokatutako 21 partidetatik 15 galdu ditu, Albisurekin Masterseko denak esaterako,  eta azken garaipena abuztuaren 14koa (Zabaletarekin Altuna eta Rezustaren aurka). Eskuek ere ez diote lagundu eta ordutik hiru partida baino ez ditu jokatu, azkena irailaren 3an (Beloradon). Gaur Hondarribian jokatzekoa zen, baina Zabaletak bezala, jokatzeari uko egin behar izan zion, eskuin eskua ezin osatuta. Printzipioz, ostiralean jokatuko du hurrengo partida, sanmateotako feriako lehen jardunaldian, Rezusta lagun, Jaka-Albisuren aurka.