NAIZ

CAF taldeko Solaris poloniarrak 150 milioi euro lortuko ditu hidrogeno-busen kontratuekin

CAF taldeko Solaris autobus ekoizle poloniarrak hiru kontratu sinatu berri ditu Bologna, Venezia eta Koloniako garraio publikoa ustiatzen duten enpresekin. Orotara, 200 ibilgailu salduko ditu Solarisek. Kontratuen balioa 150 milioi eurokoa da.

CAF taldeko Solaris poloniarrak ekoizten dituen autobusetako bat.
CAF taldeko Solaris poloniarrak ekoizten dituen autobusetako bat. (CAF)

CAF taldekoa den Solaris autobus ekoizle poloniarrak hidrogenoz mugitzen diren 200 ibilgailu salduko dizkio Bologna, Venezia eta Kolonia hiriei. 150 milioi euroko balioa duten kontratuak eskuratu ditu.

CAFek jakitera eman duenez, kontratu hauen balioak gora egin dezaka bertan aurreikusita dauden zabaltzeak ematen badira.

Enkargurik handiena Bolognan lortu dute. Bertan, Europa mailan hidrogenoz mugitzen diren autobusez osaturiko flotarik handiena izateko plana dute.

Horrela, Boloniako garraio publikoa ustiatzen duen TPER udal-operadoreak Solaris hautatu du 127 ibilgailu erosteko. Autobus hauek Bologna 2030erako isuririk gabeko mugikortasuna duen hiria bilakatzeko planaren parte dira.

CAFek jakinarazi duenez, Bolognako kontratua handitu egin daiteke, beste 140 ibilgailu erosteko aukera planteatu delako. Lehen 34 ibilgailuak 2024an utzi dituzte bolognarren eskuetan. Besteak 2025 eta 2026an.

Veneziako kontratuari dagokionez, Azienda Veneziana della Mobilita (AVM) 90 hidrogenoz mugitzen diren autobus erosiko dizkio Solarise. Horietatik, 75ek hamabi metroko luzera izango dute eta beste hamabostek 18 metrokoa.

Kontratu honetan, erosiko diren autobus kopurua handitzearen aukera ere agertzen da. Dena ongi badoa, veneziarrek beste 18 autobus bereganatuko dituzte.

Azkenik, Koloniako Regionalverkehr Köln GmbH enpresak 18 metroko 18 autobus erosiko dizkio Solaris. Honakoa, koloniarrek CAF taldeko enpresarekin sinatzen duten hirugarren kontratua da.