NAIZ

Derioko alkate jeltzalea izango da Eudeleko presidente berria akordio bateratu bati esker

EAJ, EH Bildu, PSE eta entitate independenteek hautagaitza bateratua adostu dute astearte honetan Esther Apraiz, Derioko alkatea, Eudeleko presidente berri izendatzeko. Akordio beraren arabera, presidenteorde aukeratuko dituzte Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Jose Antonio Santano, Irungoa.

Esther Apraiz, Derioko alkatea, izendatuko dute Eudeleko presidente.
Esther Apraiz, Derioko alkatea, izendatuko dute Eudeleko presidente. (EAJ)

EAJ, EH Bildu, PSE eta entitate independenteek akordio bateratua sinatu dute Eudeleko aginte organoak berritzeko. Lortu den akordioaren arabera, Derioko alkate jeltzale Esther Apraiz presidente aukeratuko dute datorren astearteko batzarrean. Halaber, Azpeitiko alkate Nagore Alkorta (EH Bildu) eta Irungo Jose Antonio Santano (PSE) izango dira erakundearen presidenteorde, orain arteko karguan jarraituko baitute.

Ohar batean EAJk azaldu duenez, hautagaitza osatzen duten beste alkateak dira Nati Lopez de Muniain (Burgelu), Maialen Gurrutxaga (Elgoibar), Jon Luqui Albisu (Urretxu), Erlantz Urresti (Maruri Jatabe) eta Txerra Molinuevo (Amurrio) jeltzaleak; Nagore Alkortarekin batera (Azpeitia), EH Bilduren ordezkari dira Iñigo Hernando (Galdakao), Txelo Auzmendi (Asparrena), Xabier Lertxundi (Hernani), Eneritz Azpitarte (Zaldibar) eta Izaro Elorza (Oñati); Irungo Jose Antonio Santanorekin batera PSEren ordezkari izango da eta zuzendaritza osatuko du Mikel Torresek (Portugalete); eta proposamena ixten du Joseba Andoni Zorrilla Ruiz ‘Zalla Bai’ elkarte independenteko zinegotziak.

Eudel osatzen duten 245 udalek astearteko bileran berrituko dituzte gobernu organoak, Batzorde Exekutiboa (hamabost ordezkari) zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Batzordeak (bederatzi ordezkari ditu bakoitzak). Esandako alderdiek adostu duten akordioa lau organoak hartzen ditu.

«Azpimarratzekoa da euskal indar politikoen konpromisoa»

Koldo Mediavilla EBBren Arlo Instituzionaleko burukide arduradunaren ustez, akordio honek ordezkatzen du «benetako politika, eraldaketa sozialaren zerbitzura egon behar duena, jendearen bizi-kalitatea hobetzeko eta ez batzuek egin duten moduan aurkaria ernegatzeko eta garaitzeko».

«Azpimarratzekoa da euskal indar politikoen konpromisoa, funtsean guzti-guztiak asebetetzen dituen akordio bat osatuz, ondasun kolektibo bat ekarri nahi duena: udalak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, indartzea», gaineratu du.

Zentzu honetan, eskerrak eman dizkie EH Bilduri, PSEri eta ordezkaritza independenteei «indarrak batzeko eta Euskadiko Udalen Elkartea indartzeko egindako ahaleginagatik, adostasunetik eta lankidetzatik abiatuta. Gure jardueretan sarriago saiatu beharko genuke herrialde-akordioaren adibide hau».

Era berean, «bidezko» jo du presidentzia utziko duen Gorka Urtarani karguan eman duen denboran egin duen lana eta «erakunde honi eta, oro har, euskal udalgintzari eskainitako dedikazioa» aitortzea.

«Ordezkaritza orekatuagoa»

EH Bilduren ustez, lortutako akordioari esker, «ordezkaritza orekatuagoa» egongo da Eudelen hurrengo legealdian. «Onuragarria izan daiteke, udal guztiek batera lan egin ahal izango baitute beren erakundeak beste erakunde handiago batzuen aurrean defendatzeko», nabarmendu du Onintze Oleaga EH Bilduko udal politikako arduradunak.

Bestalde, Oleagak adierazi du EH Bilduk berebiziko garrantzia ematen diela «udalei eta udalek herritarrei zuzendutako eskubideak eta zerbitzuak zabaltzeko eta defendatzeko egiten duten lanari». «Udalak dira pertsonen egoera ondoen ezagutzen duten erakundeak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak direlako. EH Bilduk lanean jarraituko du herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoak hobetzeko eta zabaltzeko, udaletatik hasita», gaineratu du.

Ildo horretan, esan duenez, «legegintzaldi honetan udalen finantzazioa lehen lerrora igaro behar dela uste dugu, eta udalekin batera aztertu eta adostu beharko da udal-finantzaketarako beste eredu bat». Gaineratu duenez, «legegintzaldi honetan euskal udal erakundeen gainerako elkarteekin harremana eta lankidetza proposatuko dugu lan-ildo gisa».