Euskalgintzaren Kontseiluak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Legeak euskara gehiago behar duela aldarrikatzeko sinadura bilketa abiatu du hezkuntza komunitatearekin batera. Astearte arratsaldean aurkeztu dute Gasteizko Foru plazan; hiru puntu zehatz lege berrian berariaz jasotzeko eskatuko diote Lakuako Gobernuari. Batetik, euskara ikas- eta irakats- hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa. Hau da, euskarazko ikasteredu orokortua; bigarrenik, euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma; eta hirugarrenik hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea. Irailaren 12tik hasi eta urriaren 15a bitarte sinatu daiteke www.euskaragehiago.eus atarian edota ikastetxeetan jarriko diren mahaietan.
«Euskararen normalizazioan egiten den urrats bakoitza urrats bat da demokrazian sakontzeko» zehaztu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Eta horretarako, euskararen normalizazioan, hezkuntza komunitatea «zutoin nagusietako bat» izan dela azaldu dute. Eta euskarak egoera gutxituan jarraitzen duenez, berdintasuna helburu izanik «neurri proaktiboak» beharrezkoak direla azpimarratu dute, «ezin arau daiteke bi hizkuntzak maila berean baleude gisa».
Hezkuntza-sistemako hizkuntza normalizatua euskarak izan behar duela aldarrikatu dute, eta euskara ezagutu gabe sartzen diren ikasleei arreta berezia eskaini behar zaiela. Hizkuntza-proiektuak errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak legeak ezarri beharko lituzkela eskatu dute, «betiere euskara gutxiago duenari gehiago ematea izango da oinarria».
Kultur arloari ere garrantzia eman diote, eta hizkuntza ezin dela ulertu kultura alboratuta gaineratu dute: «Kultura ere eskubidea da, eta kalitatezko hezkuntzaren bidean, ezinbestekoa da eusakrazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea, gizarte-kohesiorako elementua baita».
Hezkuntza komunitatearen inplikazioa
Azaldu dute proposamen hau ez duela Kontseiluak bere kasara bakarrik egin, hezkuntza komunitateko eragile nagusiekin lanketa eginez iritsi direla ondorio honetara baizik. Eta astearte arratsaldeko agerraldia ikas-komunitateko hainbat guraso, langile, ikasle eta irakaslerekin batera egin dute. Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, Hik Hasi eta HEIZE hezkukntza-eragileak eta STEILAS, LAB eta ELA sindikatuak ere sinadura bilketaren sustatzaileak izan dira.