Urtzi Urrutikoetxea

Leonard Peltier askatzeko eskatu diote Bideni Etxe Zuriaren aurrean

79 urte bete berri ditu AEBetako preso politiko zaharrenak. Horietatik 47 daramatza preso; FBIko bi agente hiltzeagatik zigortu zuten irregulartasunez eta arrazismoz betetako epaiketa batean. Presidentearen esku dago zigorra barkatzea, hala eskatu diote elkarte indigenek eta nazioarteko ordezkariek

Ekintzaile indigena bat Peltierren aldeko protestan, Etxe Zuriaren aurrean.
Ekintzaile indigena bat Peltierren aldeko protestan, Etxe Zuriaren aurrean. (Stefani REYNOLDS | FRANCE PRESSE)

Leonard Peltierren omenezko Washingtoneko martxa kantuekin eta atabal-hotsez hasi zen asteartean, 79 urte bete zituen egunean. Egun batzuk lehenago Hego Dakotan abiatu eta Minneapolis, Chicago eta Pittsburgh hirietan ekitaldiak egin ostean iritsi ziren asko AEBetako hiriburura. Etxe Zuriaren aurrean, ‘Altxatu! Askatu Leonard Peltier’ pankarta zabaldu zuten. Manifestariek behin eta berriz errepikatu zuten ‘Askatu Peltier’ oihua.

Beste pankarta erraldoi batek ‘Aski da! Askatu Leonard Peltier’ zioen. Etxe  Zuriko hesian zabaltzea lortu zuten ehunka manifestarik, zerbitzu sekretuak gehienak atzeratzea lortu zuen eta agentez osatutako hesia eratu zuten. 30 lagunek presidentearen egoitza parean jarraitu zuten, ordea; luze egon ziren desobedientzia zibileko ekintzan, polizia-lerroaren beste aldetik ere buruzagi indigenaren arteko oihuak zeuden bitartean. Azkenean, banan-banan atxilotu zituen poliziak; haien artean ziren Dallas Goldtooth aktore indigena, Paul O’Brien Amnesty Internationaleko AEBko zuzendari exekutiboa, Nick Tilsen NDNko presidentea eta Fawn Sharp NCAI AEBko kongresu indigenako burua. Aldameneko txoko batean datuak hartu ostean, libre geratu ziren denak.
 
«Izpiritu librea»

«Leonard Peltierren kartzelaldia herri indigenei egindako bidegabekeria guztien adierazle bat da» salatu zuen Nick Estes NDN kolektibo indigenako buruak. Elkarte horrek deitu zuen Washingtoneko martxa, Amnesty Internationalekin batera. NDNko Holly Cook Macarro ordezkariak Peltierrek espetxetik helarazitako mezua irakurri zuen: «Hil aurretik aire librea arnastea espero dut. Zaila da itxaropenari eustea, baina inork ez dauka niri kentzeko besteko indarrik. Agian kaxa batean irtengo naiz hemendik. Hori da egia gordina. Baina bihotza eta gogoa jarri ditut gure mundua leku hobe bat egiteko, eta lan asko dago egiteko. Hemendik irten eta zuekin batera egin nahiko nuke». Preso politiko indigenako argi azaldu zuen: «espetxean nago, baina nire gogoan, jaio nintzen bezala jarraitzen du: izpiritu indigena libre bat».

Aurten 50 urte bete dira AIM AEBko Mugimendu Indigenak Wounded Kneeko okupazioa egin zuenetik. Pine Ridge erreserbako leku horretan 300 lakota hil zituen AEBko armadak 1890ean, eta gunearen sinbologia baliatuz egin zuten okupazioa, indigenek sufritzen zuten bazterketa eta bizi-baldintza izugarriak salatzeko. Leonard Peltier AIMko buruzagi ezaguna zen ordurako. Bi urte beranduago, okupazioa amaituta baina tentsioa handia zen, eta FBIko bi agente hil zituzten Pine Ridgen egondako tiroketa batean AIMko kide bat ere hil zuten. Peltierrek esan izan du han egon zela, baina tiro egin izana ukatu du behin eta berriz.

Ia mende erdi pasa da ordutik, eta agerian daude Peltierren aurka FBIk ustezko frogak ezkutatu eta beste irregulartasun ugari izan zirela epaiketan, kasuko fiskalak berak aitortzen du, egun Peltierren askatasuna eskatzen dutenetako bat bihurtuta. Eskaera pertsona bakarrari zuzentzen zaio: Joe Bideni. «Hemen gaude, AEBko presidenteari dei egiteko. Planeta honetan erabakitzeko gaitasuna daukan bakarra da. Leonard askatzeko hautua egin behar du» aldarrikatu zuen Fawn Sharpek atxilotu aurretik.

Manifestarien artean zen Chauncey Peltier preso indigenaren semea ere. «Nire aitak 48 urte daramatza kartzelan. Historiako eskubide urraketa kasu handienetakoa da, AEBn denbora luzeena espetxean daraman preso politikoa da. Biden presidenteari eskatzen diogu aska dezala Leonard Peltierri. Errukia izan dezala eskatzen diogu».

Peltierren aldeko mugimenduak urte asko daramatza buruzagi indigenaren askatasuna eskatzen, baina Bidenen agintaldiak indar berezia hartu du eskaerak. Batetik, presoaren adinagatik eta osasun-egoera ere asko kaskartu zaiolako azken urteotan. Bestetik, Bidenen exekutiboak sentsibilitate berezia agertu duelako orain artean gai indigenarekin, barnetegi-eskoletan ume-indigenak asimilatzeko egindako izugarrikeriak aztertzeko eta trauma horretaz hausnartzeko batzordea sortu du, esaterako. Baina inork ez du ahazten Obamak mahai gainean izan zuela Peltierren fitxa, agintaldi amaieran beste zenbait preso askatzea onartu zuenean, eta ez zuen sinatu. Urtebete barru hauteskundeak izanik, kanpaina bizkortu nahi dute. Ez baitute denbora bakarrik kontra: FBIk ere behin eta berriz adierazi du –asteartean bertan, azken aldiz– Peltier askatzearen kontra dagoela.