NAIZ

Etxebizitzaren arazoa konpontzeko Euskal Errepublika dela giltza dio Ehun-ek

Kapitalismoak eta 78ko Erregimenak ezarritako sistema etxebizitzaren arazoaren muinan dagoela salatu du gaur Ehun-ek Donostian. Datorren asteburuan kanpaldia egingo dute funts putre bati saldu dioten etxebizitzak dituen Antiguako Sert plazan.

Ehun-en agerraldia gaur Donostiako Antigua auzoko Sert plazan.
Ehun-en agerraldia gaur Donostiako Antigua auzoko Sert plazan. (EHUN)

«Etxebizitzarena da edozein bizitza proiektu aurrera ateratzeko oinarrizkoena den eskubidea. Etxerik gabe ez dago bizitzarik. Hala ere, normalizatuta dugu gutxien dutenak poliziaren indarrez kale gorrian uztea. Ia soldata guztia alokairura bideratu behar izatea. Gure auzo eta herrietatik, alokairuak eta hipotekak ezin oradinduta, deserrira joan behar izatea… Kapitalismoan etxebizitza ez da eskubidea, negozioa da», nabarendu du Ehun-ek Donostiako Antigua auzoan egin duen agerraldian.

«Kapitalismoak Euskal Herrian hartzen duen forma 78ko erregimenarena eta frantziar jakobinismoarena da. Erregimen hauek, denon ondasunak gutxi batzuen eskuetara pasatzeko mekanismoa dira, funtsean. Elektrikak, petrolerak eta hormigoiaren mafiak diren modu berean, etxebizitzaren lapurreta ere, 78ko erregimenaren eta Frantzia jakobinoaren esentzia dira. Estatu aparatu guztiek, berriz, lapurreta hori legalizatzea eta erraztea dute helburu. Botere judiziala, botere legegilea eta botere exekutiboa, beraz, lapurreta legal  horren zaintzaileak dira. Hori dira Estatu espainiarra eta frantziarra, ez besterik. Espainian eta Frantzian etxebizitza ez da eskubidea, negozioa da. Eta hau ezin da aldatu», gaineratu du.

Egoera hau salatzeko bi egunetako kanpaldia egingo dute Sert plazan hilaren 23an eta 24an. Gogoratu dutenez, plaza horretako alokairu sozialeko 522 etxebizita Black Stone izeneko funts putreari saldu dizkio Lakuako Gobernuak.