2020. eta 2021. urteetan olatu aparretan ederki disfrutatu ostean, iaz eta aurten gogotik sufritu du Santurtzik. Ezegonkortasun horrek aurten goia jo du jaitsierarekin eta beraz, berregituratzera kondenatuta dago Sotera, ahal bezain arinen onenekin lehiatzeko gai izan nahi badu.
Une latz hauetan, egun Urdaibaiko teknikari den Iker Zabalak gogoan izan zuen ‘Itsasoko ama’ trainerua. Bost urte eman zituen bertan, azkenak entrenatzaile moduan, eta azken hamarkadako aro gozoenaren erantzuleetako bat izan zen, 2020. urtean liga irabazi eta 2021. urtean liga errepikatu eta Kontxako bandera astinduta.
Zorrak tarteko, taldea apaltzen joan da Santurtzi –arraunlari gehienak bai eta entrenatzaile bera ere Urdaibaira mugitu ziren– eta honekin, emaitzak ere kaskartzen joan dira. Iaz ozta-ozta salbatu zen jaitsiera jokatzetik eta aurten ezin izan du saihestu, denboraldi hasieratik izan dituen gorabeherak tarteko.
Jaitsierako kanporaketa horietan, lehen jardunaldiko makalaldia gogor ordaindu du igande honetan. Bermeon bosgarren egin ostean gauzak ondoegi eta besteek txartoegi egin beharko baitzuten egoera iraultzeko. «Atzoko [larunbateko] eguna gazi-gozoa izan zen niretzako. Guk liga irabazi genuen baina Santurtzik bosgarren eginda ikusi nuen oso zail edukiko zuela maila mantentzeko», azaldu du ETBko kameren aurrean Iker Zabalak, Soteraren zapia kolkoan zuela.
«Orain da unea Sotera zaleak nortzuk diren erakusteko», adierazi du tinko entrenatzaile bermeotarrak, zeinak bost urte igaro zituen Santurtzin –arraunlari gisa eta ostean, entrenatzaile modura– eta «oroitzapen onak» gordetzen dituen.