NAIZ
NEW YORK

Antonio Guterresi ez zaizkio kontu klimatikoak ateratzen

Krisi klimatikoaren aurrean herrialde aberatsen ekintza falta salatzen duen mundu mailako lider gutxienetako bat da Antonio Guterres Nazio Batuetako idazkari nagusia. Azken asteetan hainbat txostenek ekintza klimatiko globala erabat eskasa dela salatu eta gero, ohiz kanpoko bilerara deitu du.

Nazio Batuen idazkari orokor Antonio Guterres, atzo, Batzar Orokorrean.
Nazio Batuen idazkari orokor Antonio Guterres, atzo, Batzar Orokorrean. (Michael M. SANTIAGO | AFP)

 Azken asteetan NBE Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako hiru albistek eman dute egoeraren larritasunaren berri: klima krisiari aurre egiteko herrialde aberatsek hartutako neurriak ez dira nahikoak, ez tenperaturaren igoera Parisko Ituneko 1,5 graduetan mantentzeko, ez giza garapena erdiesteko, ezta osasuna bermatzeko ere.

Irailaren 9an Klima Aldaketari buruzko NBE-ko Konbentzioak lehen balantzea argitaratu zuen, ondorio argiekin: herrialde bakoitzak bere buruari ezarritako helburuak beteko balitu, beroketa globala 1,5 graduetan mantentzeko behar dena baino 20,3-23,9 gigatona karbono dioxido gehiago isuriko lirateke. «Diagnostikoa espero genuen. Orain, gobernuek ezin dute ez ikusiarena egin. Erantzun politikoaren mende dago gizarte bezala indartsuago eta osasuntsuago egiten garen edo, ondorioez jakitun, gure burua arriskuan jartzen jarraitzen dugun», dio txostenak.

Astebete beranduago, NBE-aren sarean lan egiten duen Munduko Meteorologia Erakundeak piztu zuen alarma: 2015ean ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuen %15 baino ez da lortuko 2030. urterako, urak bere egungo bidea mantentzen badu. «Kliman aldaketa batzuk saihetsezinak eta itzulezinak dira, baina gradu frakzio bakoitza eta karbono dioxido tona bakoitza garrantzitsuak dira beroketa mugatzeko», irakur daiteke txostenean.

Nazio Batuetako idazkari nagusi Antonio Guterresek idatzi zuen lanaren hitzaurrea, momentuaren larritasuna apaltzeko inolako asmorik gabe. «2023ak erakutsi du, nabarmen, klima aldaketa hemen dagoela. Tenperatura errekorrek lurra kiskali eta itsasoa berotzen dute, muturreko baldintza meteorologikoek planeta osoan hondamena eragiten duten bitartean. Hau dena hasi baino ez dela egin badakigun arren, erantzuna oso motz geratzen ari da», idatzi zuen.

Bukatzeko, atzo bertan, Munduko Osasun Erakundeko idazkari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesus-ek azken argudio bat jarri zuen mahai gainean: «Klima krisiak muturreko klima dakar, eta horrek bizitza asko jartzen ditu arriskuan, gaixotasun infekziosoen zabalpena laguntzen du eta elikadura segurtasuna urratzen du».

Hiru bide ekintza klimatikoa indartzeko

Guterres portugaldarra bihurtu da azkenaldian munduan larrialdi klimatikoari buruz mezu indartsuenak plazaratzen dituen liderra, eta bide horretan, argudioak soberan dituela ikusita, Klima Anbizioari buruzko ohiz kanpoko bilerara deitu du gaurko, NBE-aren egoitza nagusian, New Yorken, egunotan erakundearen Batzar Orokorra egingo dela-eta. «Klima aldaketa ez da bakarrik meteorologia aldaketa bat, planetan bizitza aldatuko duen prozesua da», azpimarratu zuen atzo bertan.

Mundu mailako ekintza bizkortzeko hiru bide proposatzen ditu Guterresek, gaurko bileran modu autonomoan landuko direnak. Batetik, anbizioa, gogoa. Nazio Batuek helburu eta plan zorrotzagoak eskatuko dizkie isurtzaile handiei, izan herrialdeak, izan enpresak. Horretarako, Maila Nazionalean Zehaztutako Ekarpenak -hau da, Estatu bakoitzak hartzen dituen konpromisoak- 2025erako berritzea eskatuko die herrialde aberatsei, datozen urteetarako «isurketen murrizketa absolutu bat» jaso dezaten.

Hirugarren elementua inplementazioarena da, Estatuek eta sektore pribatuak hitzemandakoa betetzeko mekanismoak jaso nahi dituena.

Tartean geratu zaigu bigarrena: sinesgarritasuna. Negazionismoa zokoratuta eta, neurri handi batean, gaindituta, Guterresek badaki “greenwashing” delakoa dela benetan beharrezkoak diren neurriak atzeratzeko eragile askok erabiltzen duten erreminta, publikoki konpromisoa erakutsi, baina errealitatean pauso efektiborik ez ematea ahalbidetzen diena.

Honi buruz, iazko azaroan txosten sendo bat kaleratu zuen, Nazio Batuen zigiluarekin, 17 adituk osatzen duten batzorde bereziak. Zero isurketen promesa hutsalak jomugan jarri zituen txostenak, benetako helburu klimatikoak oztopatzen dituztela salatuz, eta baldintza berriak ezartzea gomendatu zuen: benetan eragile batek -energia enpresa bat, banku bat, Estatu bat...- zero isurketen etiketa bat nahi badu, energia iturri fosilekin daukan edozein harreman eten behar duela jasotzen du.

Lan eskerga da “greenwashing” honen kontra egiteke dagoena, bai NBE-an, bai sektore pribatuan. Urrutiegi joan gabe, azaro bukaera eta abendu hasiera artean eginen den urteroko Klima Konferentzia (COP28) Arabiar Emirerri Batuek antolatzen dute oraingoan. Are, batzarraren presidentea Ahmed Al Jaber sultana izanen da, ministro izateaz gain, Adnoc petrolio-enpresa publikoko kontseilaria dena.