NAIZ

‘Eskuara’, Arabako 50 langiletik gorako enpresetan euskara sustatzeko proiektua, jaio da

Momentuz Aenkomer eta Sirimiri enpresek egin dute bat zerbitzu berriarekin eta datorren urtearen amaierarako 25 enpresen atxikimendua espero dute. Hizkuntza berdintasuna sustatzea eta euskararen erabilera areagotzea du xede ‘Eskuara’-k

Asteazken honetan aurkeztu dute Arabako enpresetan euskara sustatzeko proiektua.
Asteazken honetan aurkeztu dute Arabako enpresetan euskara sustatzeko proiektua. (Arabako Foru Aldundia)

50 langile baino gehiago dituzten Arabako enpresetan euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza berdintasuna bultzatzea helburu duen ‘Eskuara’ proiektua sortu dute. Oraindik Aenkomer eta Sirimiri enpresak baino ez dira batu, baina 2024ko bukaerarako 25 enpresetara iristea aurreikusten dute.

Asteazken honetan aurkeztu dute proiektua Arabako teknologia parkean eta bi enpresa horien ordezkariekin batera ‘Eskuara’ bultzatu duten erakundeetako ordezkariak izan dira. Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatu Jone Berriozabal eta Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzi Maria Nanclares.

Proiektuak bat egiten du Lakuak bultzatuta abiatu zen Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko 2020-2023 planarekin, eta Araban euskararen erabileran urrats berriak emateko helburua du. Euskara lan eremuan baliatzeko metodologia eta ekimen berriak sortuko dira proiektu honi esker.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak honakoa azpimarratu du: «Aurretik egindako bideak eraman gaitu honaino eta Eskuara enpresei zerbitzua emateaz harago, enpresa sare eta lankidetza komunitatea eratzeko aukera bat izango da, erakundeek babestua».

Jone Berriozabalek proiektuaren izenari egin dio erreferentzia bere hitzaldian: «Gerardo López de Guereñuren Voces alavesas izeneko lanean, gaztelaniak euskaratik jasoak zituen hainbat eta hainbat hitz biltzen ziren, ohiko jardueran baliatzen ziren hitzak, eta egun galzorian daudenak. Horien artean Eskuara, oraindik ere landa eremuan bakan batzuek aipatzen duten eskuarea».

Proiektuan parte hartuko duten enpresek Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza zerbitzuaren laguntza izango dute. Hizkuntzen kudeaketari dagokionez, enpresekin honako bidea egingo da: beren egoera eta beharren oinarrizko argazkia egiten lagunduko zaie, eta beharren zein aukeren arabera, euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntza berdintasuna bultzatzeko konpromisoak hartuko dituzte.

Ondoren, Ahize-AEK-k aipatu helburuak betetzen lagunduko die enpresei honako eremuetan eraginez: hizkuntza paisaian, komunikazioan, zerbitzuan, harreran, ingurune digitalean, langileen arteko harremanean, lan esparruarekin lotutako euskarazko terminologian, ikasleen praktikaldian...