NAIZ

Juntsek 450.000 milioi eurotan baloratu du Estatuak Kataluniarekin duen «zor historikoa»

Juntsek espainiar Estatuak Kataluniarekin duen «zor historikoa» 450.000 milioi eurotan baloratu eta hura kitatzeko hainbat neurri planteatu ditu. Gaur onartu behar zuten proposamenak jasotzen dituen dokumentua, baina horretarako deitutako batzordea atzeratu dute.

 Mònica Sales, Juntseko bozeramailea Parlamentean, osoko bilkura batean.
Mònica Sales, Juntseko bozeramailea Parlamentean, osoko bilkura batean. (Kike RINCÓN | EUROPA PRESS)

Junts per Catalunya alderdiaren arabera, 450.000 milioi euro ingurukoa da espainiar Estatuak Kataluniarekin duen «zor historikoa», azpiegiturak, kontu-sail sozialak eta pentsioak tarteko. Estatuak Kataluniarekiko duen zor historikoari buruzko ikerketa-batzordearen ondorioetan oinarritu du Juntsek baieztapena. Ondorio horiek Parlamentean erregistratu dituzte, eta laster bozkatu beharko dira batzordean.

Juntsek ondorioen artean planteatutako neurrien artean Autonomien Likidezia Funtsaren zorra barkatzea dago. Izan ere, «zor historikoa murriztea» eragingo luke, baita «eskumenak osotasunean» eskualdatzea ere, Katalunia arduratu dadin lurraldeko zergak batzeaz.

Atzo bozkatu behar zituzten ondorioak batzordean, baina atzeratzea erabaki zuten. Hala ere, dokumentu horrek ez dauka «inolako zer ikusirik» inbestidura adosteko negoziazioekin eta ez da eskaera formal bat, Juntsek nabarmendu duenez.

Testuan, Juntsek planteatzen du Estatuak Next Generation funtsen % 19 ematea, «atzeraeraginezko ondorioekin», eta «Kataluniaren (nazio gisa) eta Estatuaren arteko elkartasun-kuota bat» aurreikusi dadila.

Zorra kitatzeko, Estatuak «Pedro Sánchezen agintaldietan bete gabeko azpiegituretako aurrekontuen likidazioa transferitzea» konpentsatu dezala proposatu du Juntsek. Era berean, Kataluniak «pentsio sistema propioa» izan dezala galdegin dute.

Sistema propio hori Kataluniako Gizarte Segurantzaren Agentziaren bidez antolatuko litzateke eta hura finantzatzeko Estatuak «pentsioen itsulapikoko» kopuru adostu bat eman beharko lioke.

Halaber, dokumentuan Juntsek «Estatutuaren hirugarren xedapen gehigarria ordaintzeko» epeak ezartzearen alde egiten du, Kataluniak azpiegituretan egiteke dauden obrei ekin ahal izateko: «Lehenik eta behin, eta luzatu gabe, Mediterraneoko korridorea».

Horrela, Juntsek «zor historikotzat» jo du «exekuzio-zortzat» hartzen den guztia, betearazi gabeko aurrekontuetako partidei edo Estatutuaren hirugarren xedapen gehigarriari berari erreferentzia eginez.