NAIZ

Frontex, EBko Estatuen «beso armatua»-ren aurkako elkarretaratzea Iruñean

Herioaren irudia lagun zutela, Iruñeko Baluarte plazan Frontexen aurkako protesta piztu da berriz ostegun honetan. Bertan salatu dutenez, EBko Estatuek «milaka heriotza eragin dituen migrazio-politiken» arduradunak dira, eta Frontex beraien «beso armatua» da.

Herioa lagun zutela bildu dira berriz ostegun honetan Frontexen gailurraren aurrean.
Herioa lagun zutela bildu dira berriz ostegun honetan Frontexen gailurraren aurrean. (Iñigo Uriz | Foku)

Frontexeko arduradunek Iruñean dira egun hauetan. Asteazkenean protesta bat antolatu zuten eragile sozialek, eta ostegun honetan elkarretaratze bat egin dute Baluarte plazan Europar Batasuneko Estatuek «milaka heriotza eragin dituen migrazio-politiken» arduradunak direla salatzeko. Eta Frontex beraien «beso armatua» dela ohartarazteko.

Komunikabideei aste honetan bidalitako ohar batean, Mugak Zabalduz Nafarroa, PIM/MIG, Oxfam Intermon, Salhaketa, SOS Arrazakeria, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Etorkinekin Diakite elkarteek gogoratu zuten Frontex duela 19 urte sortu zela, Europar Batasuneko «kanpo-mugak blindatzeko».

«Praktikan, Frontexek mugak militarizatzea eta migrazio-kontrolaren negozioa munduko irabazi-emaile eta errentagarrienetako bat izatea ekarri du», kritikatu zuten, eta «Frontexen historia irregulartasunez, opakutasunez eta bere identifikazio-, itzultze eta deportazio-arauak urratzen dituzten operazioz beteta» dagoela azpimarratu zuten.

Izan ere, «Frontexen logika geldialdi eta polizia-kontrol arrazista bakoitzean agertzen da, Atzerritarren Brigadaren aurreko zitazio bakoitzean, osasuna eta erroldatzea ukatzean, Atzerritarren Legearen ondorio bakoitzean. Administrazioek baldintzak ezartzen dituzten bakoitzean, edo eskubideak murriztea justifikatzen duten bakoitzean, logika hori iraunarazten dute eta arrazakeria sustatzen dute».

«Eskubide osoko herritartzat hartzen ez diren pertsonen aurka erabilitako indarkeria ugariak aitortu eta konponduko dituen lurralde batean bizitzea exijitzen dugu. Gaur eta beti jarraituko dugu salatzen sistema arrazista eta kolonial hau, gaur galaz janzten dena, Nekropolitikatik negozioa egiten dutenei harrera egiteko», gaineratu zuten.

‘Inor ez da ilegala’ aldarria nabarmendu da elkarretaratzean. ‘Frontex akatu’ eta ‘Europa erruduna’ leloak ageri dira pankartan. Barruan, dena ateak itxita egin da, eta bileraren bozeramaileek ez dute eztabaiden gaineko ezer adieraztera eman nahi izan.