Iraitz Mateo

‘Kalak’, aurrera egiteko lekualdatzea ez denean aski

Sekzio Ofizialean aurkeztu du Isabella Eklöfek bere bigarren laburmetraia, ‘Kalak’. Groenlandiara lekualdatzen den familia bateko aita da protagonista, eta aldaketa horietan izandako harremanak eta gatazkak ditu hizpide, abusuak, arraza eta harreman sexu-afektiboak.

Berda Larson, Emil Johnson eta Isabella Eklöf zuzendaria estreinaldian.
Berda Larson, Emil Johnson eta Isabella Eklöf zuzendaria estreinaldian. (Idoia Zabaleta | FOKU)

«Groenlandiar zikina» esan nahi du ‘Kalak’ kontzeptuak bertako hizkuntzan, eta halaxe deitzen diote filmeko protagonista Jani (Emil Johnsen) familiarekin batera bertara bizitzera joaten denean. Bere buruaz ihes egiten dabilen pertsonaia da Jan, aitak egindako sexu abusuak isilpean eraman ondoren, gustuko ez duen norbait bilakatzen ari den bitartean.

Erantzukizunak hartzearen inguruko hausnarketa proposatzen du filmak. Beraiena ez den herrialde batean integratu nahi du Janen familiak batetik; bestetik, bikote harreman irekia duten guraso dira eta erantzukizun afektiborik ez du senarrak; azkenik, aita gaixotzen zaio eta gutunak ez irekitzea erabakitzen du protagonistak. Jan hezur haragizko bihurtu duen Johnsenek deskribatu duen bezalakoa da: «Maitatu dezake norbaitek Jan? Bera beti dabil maitasun bila, baina bere buruari ez dio inongo mugarik jartzen». Ez mugarik, ez eta ardurarik ere.

Prentsaurrekoan elkartu dira Isabella Eklöf zuzendari eta gidoilaria Kim Leine idazle eta gidoilaria, Emil Johnsen eta Berda Larsen akoteak. Filmaren izenburu bera duen Leinen liburua (2007) hartu zuen Eklöfek abiapuntutzat filmaren gidoia idazten hasteko; eta Leine bera izan du gidoia idazterakoan laguntzaile. Eklöfen esanetan «mamia oso indartsua» iruditu zitzaion liburua irakurritakoan, eta gaineratu du zinemara moldatu zezan forma aldatzeko «oso eskuzabal» jokatu zuela idazleak. Halere, Leinek azpimarratu du liburua argitaratzen denean, jada ez dela «egilearen obra», eta zentzu horretan filma ere ez dela berea: «Nire liburua Isabellentzat tresna bat izan zen, tresna bat besterik ez, berea da filma».

Groenlandia, erronka eta apustua
Leinen eleberria Groenlandian zegoen kokatuta, eta bertan grabatzea izan zen Eklöf zuzendariaren apostua ere. Horretarako, dokumentazio eta ikerketa lan handia egin dutela azaldu dute, bertan ere egon zirela grabaketak hasi baino lehenago, eta Groenlandiako herri txiki bateko emakumeekin tailer bat ere egin zutela: «bertako emakumeentzako sexua zer den lehen eskutik jakin nahi genuen».

Paisaiak pisu berezia du filmean zehar, bertako mendi elurtu eta laku izoztuek ikuslearen arreta pizten baitute. Alde horretatik erronka handia izan zutela bota du zuzendariak: «Groenlandian oraindik zinema mundua ez dago horren aurreratuta, eta beraz itsasontziz bidali genuen gure materiala, diru asko eskatzen zuen horrek». Eguraldiaren aldetik ere gorabeherak izan zituztela azaldu dute elkarren arteko irribarreen artean, elurra eta ekaitza egitea nahi baitzuen zuzendariak, baina egunen batean «gehiegi» ere egin omen zuen, kameren lenteak puskatzeraino. «Guztia ezin izan genuen nahi bezala grabatu, baina hori ere polita izan da», bota du.

Janen ustez herrialde batean integratzeko bertako hizkuntza ikastea oso garrantzitsua da, horregatik ageri da filmean ahalik eta gehien bertako hizkuntza ikasten. Groenlandiera «oso hizkuntza konplikatua» dela aitortu du antzezleak agerraldian, aditzak 640 adiera ezberdin izan ditzakeelako, baina hala ere pertsonaiaren hezurretan sartzeko bere saiakera dela azaldu du: «Izan beharreko hizkeraren inguruan hitz egin dugu asko, pertsonaia honek zituen behar emozionalak nola adierazten zituen aztertu».

Idazletik aldentzen joan den pertsonaia

Leinek, bere esperientzia pertsonal propioan oinarrituta idatzi zuen eleberria, bera ere 15 urtez bizi izan baitzen Groenlandian erizain modura, eta pertsonaia nagusiak izaten duen «krisi» antzeko bat izan zuela aitortu du. Baina, bere bizitza pertsonaletik liburuko pertsonaiara aldaketak egin zituela esan du «oso gogorra» zelako berarentzat istorio hori idaztea; eta liburutik filmera are gehiago aldatzen dela. «Izena ere ezberdina du, eta ni ez naiz saiatu Kim antzezten, bere bizitza ezagutu dut baina ez bere ibilera edo keinuak», azaldu du aktoreak. Hala ere, mamiaren oinarria bera da: «Nik Groenlandiera ikasi nahi nuen, eta orduan hasi ziren niri Kalak deitzen, ergel hutsa esan nahi zidaten, eta hori bihurtu zen nire identitatea Gronelandian bizi izan nintzen bitartean».

Pertsonaia nagusitik abiatuta, berarekin harremana dutenen istorioak gordetzen ditu filmak, «askoz interesgarria da hain zoragarriak ez diren gauzak arakatzea», azaldu du zuzendariak eta gehitu du, «espero gabeko leku horiek bilatzen» dibertitzen dela bera. «Gustatzen zait espektatiben aurka jokatzea, Hollywoodeko dramatugia sartu digute buruan, eta hor badakigu zer gertatuko den, aspergarria da».