NAIZ

San Fermin Txikiko debekuei «dantza zoroaz» egin diote aurre Iruñeko Udaletxe plazan

San Fermin Txiki hasi baino 48 ordu lehenago Iruñeko Udalak Alde Zaharreko hainbat lokali ezarritako debekuen aurka protesta egin dute Udaletxe plazan. 12.00etarako egin dute deialdia «dantza zoroaz» jai herrikoiak aldarrikatzeko.

Udaletxe plazan deitu dute protesta.
Udaletxe plazan deitu dute protesta. (Iñigo URIZ | FOKU)

Iruñeko Udalak Alde Zaharreko hainbat lokali San Fermin Txikirako prestatutako programazioak debekatu izanaren aurka protesta egin dute Udaletxe plazan. Aldarrikapena jai bilakatu dute, ordea, 12.00etarako «dantza zoroa» deitu baitute, eta plaza musikaz alaitu dute, ‘Debekuen aurrean, gora jai herrikoiak!’ lelopean.

San Fermin Txiki hasi baino 48 lehenago eman zieten Udalak debekuen berri. Alde Zaharreko Jai Batzordeak salatu zuen auzoko lokalei ekintza kulturalak egitea debekatu zietela, duela bi hilabete Herriko Tabernarekin izan zuten antzeko jarrera agertuz.

Ohar baten bidez azaldu zuten Udalak hainbat lokali helarazitako notifikazioetan eman dietela «espazio horien barruan dagoeneko kontratatuta zeuden ekintzak egiteko» debekuaren berri. Ekintzok, kontratatuta ez ezik, jaietako programazioan jasota datoz eta beste urte batzuetan inolako arazorik gabe atera izan dituzte aurrera.

Halaber, jai batzordeak salatu zuen debekuek «auzoaren bizitzarako garrantzitsuak diren hainbat espazioren penalizazioa» dakartela. Gaineratu dutenez, Udalak urte osoan zehar «baimendu eta bultzatzen ditu auzokoak askoz gehiago molestatzen dituzten jarduerak, zaratari, zikinkeriari eta ordutegiari dagokionean».

Konponbide bat bilatzera bidean, jai batzordea Udalarekin biltzeko prest agertu zen. Horrez gain, auzoak dantzaz erantzun dio debekuari.