NAIZ

Juanra Aranburu oroitzeko ekitaldian deportatuentzako aitortza eskatu du Egiari Zorrek

Juanra Aranburu deportatuaren sorterrian, Ordizian, oroimen ekitaldia egin diote. Egiari Zor fundazioak Aranburu bezala 1984tik 1989ra bitartean deportatuak izan ziren 71 pertsonek pairatutako indarkeria aitortzea galdegin die salbuespenezko neurria ezarri zuten frantziar eta espainiar Estatuei.

Juanra Aranburu oroitzeko ekitaldia egin dute Ordizian.
Juanra Aranburu oroitzeko ekitaldia egin dute Ordizian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ordizian oroimen ekitaldia egin diote igande honetan Juanra Aranburu deportatuari. 21 urterekin iheslari bihurtu eta 1989an zendu zen Cabo Verden, Estatu frantseseko Gobernuak deportatuta zeukala. Egiari Zor fundazioak Aranburu bezala deportazioa pairatu duten guztientzako aitortza eskatu die frantziar eta espainiar Estatuei ekitaldian.

Pilar Garaialdek hartu du hitza fundazioaren izenean eta salatu du deportazioa jasan zutenei pairatutako indarkeria aitortu ez izana. Halaber, azaldu du 1984an hasi eta 1989ra arte 71 pertsona deportatu zituztela eta «linbo juridiko» batean izan zituztela: «Paperik gabeko egoera iraunkorrean, askotan bizilekuetan preso eta indar polizialek estu zainduta, edo zuzenean poliziekin batera bizitzera behartuta». Halaber, adierazi du hainbat kasutan espainiar Poliziak deportatuak bahitu eta torturatu izan dituela.

Deportazioaren ondorio latzenak gogora ekarri ditu Garaialdek: «Salbuespen neurri hau abian jarri zutenetik, 12 deportatu izan dira bizitza galdu dutenak, egoera edo baldintza ezberdinetan. Gainera deportazioarekin zuzeneko loturako egoeran bi senidek ere galdu zuten bizitza».

Horregatik, aitortza eskatu die espainiar eta frantses Estatuei «Aitortu beharko dute arrazoi politikoak direla medio ezarri zitzaiela euskal deportatuei legez kanpoko zigor anker hau, makurtze politikorik ematen ez zen bitartean onartu egiten zutela pertsona horien osasunaren higadura zein oinarrizko eskubideen murrizketa».

Halaber, kritiko agertu da biktimen artean egiten diren desberdintasunengatik eta adierazi du indarkeriaren ondoriozko sufrimendu guztiek izan behar dutela lekua memoriaren politika publikoetan, «baita Juanra Aranbururenak ere».

Zigor amaigabea

Ekitaldian duela 34 urte zendutako Juanra Aranburu deportatua oroitu dute. Gogora ekarri dute deportatu baino lehen ere atxiloketak, konfinamendua eta kartzela jasan zituela. Gero, «epaiketarik gabeko zigor amaigabea» ezarri zioten, beste hainbesteri bezala, inolako akusaziorik, epaiketarik edo defentsarako eskubiderik gabe.