Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

Lafosse: «Ezin ditugu isiltzen diren guztiak konplizetzat hartu»

Isilpean gordetako sekretuek beti egiten dute eztanda. Premisa horren gainean eraiki du Joachim Lafossek ‘Un silence’ filma, Belgikan gertatutako gertakari bati tiraka. Abusuen itzal luzeak gidatzen du Sail Ofizialean aurkeztu duen film hau.

‘Un slence’ filmaren lantaldea, photocall-ean.
‘Un slence’ filmaren lantaldea, photocall-ean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Isilpean gordetzen diren gertaerek eztanda egiten dutenean etortzen diren tragediak ditu hizpide Joachim Lafossek Sail Ofizialean aurkeztu duen ‘Un silence’ filmak.

Pedofilia kasu bat ikertzen ari den abokatu baten ingurunea aztertzen du zinemagileak, plano luze eta isilune sotilen bidez ikusleari bere familiak gordetzen dituen sekretuak banan-banan aletzeko. Hala mantentzen du pantailari kateatuta, filmaren erritmoa pausatua bada ere istorioa josten joateko piezak eskainiz.

Filmaren muina pedofilia kasu horietan dagoela badirudi ere, abokatuaren emaztea, Astrid, da filmeko pertsonaia nagusia: bera da familian gordetzen diren sekretuen eramalea, isilpean mantendu zitezen bideratu zuena. Eta, ikusleak, motxila hori noraino eraman behar ote duen zelatatuko du filmean zehar.

‘Un silence’-ren lehen proiekzioaren ostean, filmeko lantaldeak prentsaurrean eman ditu filmaren zehaztapenak. Lafossek azaldu duenez, Belgikako gertaera erreal batean du oinarri filmak: «Gertakari hau barruraino iritsi zitzaidan eta une batean ohartu nintzen aukera ematen zidala krimen honen pozoira iristeko. Eta pozoi horren inguruan dagoen guztia, lotsa, eta horrek sortzen dituen ondorioak. Ironia dramatikoa ere gustatzen zait, semearen sufrimendua, Astriden jokaera».

Ikuslea ez duela protagonistak epaitzera eraman nahi izan azaldu du zuzendariak. Eta gidoia lantzean hori kontuan hartu duela: «Gidoian hitz gutxi daude, baina idazketak badu zerikusia isiluneekin, keinuekin... gauza batzuk ikusarazi behar dira, pertsonaiek zer bizi duten erakutsi behar dut antzezleen bidez», azaldu du.

Filmatzerako orduan Emmanuelle Devosekin (Astrid) izan dituen elkarrizketa eta eztabaidak nabarmendu ditu Lafossek, berea baita, zuzendariaren hitzetan, pertsonaiarik konplexuena: «Abokatua ez da gehiegi aldatzen, hori da bere logika perbertsoa. Baina Emanuelle heroia da, jarrera aldaketa bat hartzen du. Baita Raphaelle [Matthieu Galoux, abokatuaren eta Astriden semea] ere, bere pasibitatea utzi egiten du. Bere barruan arnasa hartu ezin duen pertsonaia da».

Antzezleek ere hitz egin dute euren pertsonaiez. Devosek Lafosserekin eztabaida ugari izan zituela berretsi du, horrek filmari ekarri dizkion onurak goratuz. «Istorio guztia hainbatetan errepasatu genuen, dekoratuak ere hor zeuden... Matthieurentzat lehen filma da eta lagundu egin dio metodologia honek, ikusi egin baitugu nola hobetu genezakeen filma». Ama-semeen rolek «prestakuntza ikaragarria» eskatu dutela ere nabarmendu du: «Antzezteko orduan asko askatu behar duzu zure burua, modu sentsorial batean askatzea zenbat eta gehiago lortu, orduan eta gauza gehiago atzituko dituelako filmak. Guk oso seguru sentitu behar ditugu gure lanean, eta hala sentitu gara. Grina handiz bizi izan dut pertsonaia hau, bihotzean karga handia jarri badit ere», amaitu du.

Devosen pertsonaiaren gainean, zuzendariak ez duela ‘konplize’ gisa ikusten adierazi du: «Nola egin publikoak ikustea emakume hau traumatizatuta dagoela? Askotan ez gara hitz egiteko gai, eta hitz egiteko gai ez den jendea ezin dugu konplize gisa tratatu. Sotilagoak izan behar gara, gauzak ez direlako zuri edo beltz».

Bere aldetik, Galouxek zinemaren munduan izan duen lehen esperientzia denez konparaketak egiteko baliabiderik ez duela esan du, «baina esan dezaket espontaneitatea bilatu dudala, nire rolean inportantea dela uste dudalako. Nire modura antzezten ahalegindu naiz», aipatu du.