NAIZ irratia
Entrevue
Martin Aramendi
UEMAko lehendakaria

«Euskaldunen tipologia aldatu da arnasguneetan. Ezin da politika bat eta bakarra egin»

Martin Aramendi UEMAko lehendakari izendatu zuten larunbatean Ataunen ospatutako batzar nagusian. Datozen lau urteetan zehar mankomunitateak izango dituen erronka nagusiak aletu ditu NAIZ irratian. Euskararen aurkako oldarraldi judizialarekiko kezkak bere horretan jarraitzen duela azaldu du gainera.

Audio_placeholder

«Euskaldunen tipologia aldatu da arnasguneetan. Ezin da politika bat eta bakarra egin»

Loading player...
Martin Aramendi UEMAko lehendakari berria.
Martin Aramendi UEMAko lehendakari berria. (UEMA)

Erronka faltarik ez da udalerri euskaldunetan baina, gogoz ekin al diozu lehendakaritzari?

Bai, noski. UEMA asko sendotu da azken urteotan. Aitzindari ez ezik, eredugarri ere bada bere esparruan. Nik lehendik ere kanpotik ezagutzen nuen UEMA eta azken urteotan, Ataungo alkate izanik, batzarretan eta proiektuetan gehixeago parte hartu dut. Ikusi dut zein lan eta zenbat lan egiten duen. Gustatzen zaidan lana da eta gogoz heldu diot.

Abenduan ospatuko den ohiko batzar nagusian Zeanuri batuko da UEMAra eta, modu horretara, 102 herrik osatuko dute mankomunitatea. 306.000 biztanleko lurguneaz ari gara. Zeintzuk dira datozen lau urteetarako finkatutako lan ildoak?

Lehenengo helburuetako bat lurgune hori sendotzea eta zabaltzea izango da. Orain Zeanuri batuko zaigu eta beste udalerri batzuk ere asmoa adierazi digute. Zenbat eta gehiago izan, sendoagoa izango da UEMA eta baita bere proiektua ere. Horrekin batera, datozen lau urteetan euskararen biziberritzean giltzarriak izango diren neurriak hartu nahi ditugu. Urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek.

Ikusi dugu euskaldunen tipologia aldatzen ari dela herri eta arnasguneetan. Iruditzen zaigu ezin dela politika bat eta bera aplikatu herri horietan guztietan. Komeni da tokian toki azterketak egin eta argazki zehatz bat edukitzea, eta horren arabera, toki horretarako egokiak diren neurriak eta baliabideak prestatzea. Azken hori ere helburu garrantzitsua izango da.

Horrek badu erabilera datuekin loturarik. Zentzu horretan, non identifikatu dituzue hutsune edo erronka nagusiak?

Hor gertatzen dena da gure herrietan geroz eta jende gehiago dagoela eskolan edo etxetik kanpo euskalduntzen dena. Horrek esan nahi du gero etxean normalean gazteleraz egiten duela. Horri buelta eman nahi diogu. Froga pilotua egin zen Zaldibian. Jatorri desberdineko familia asko daude eskolan eta oso proiektu polita gauzatu da. Proiektu hori bera dagoeneko beste herri batzuetan martxan jartzeko lan egiten ari gara. Funtsa kanpotik datozen familia horiei euskararen mundura sartzeko atea zabaldu, baliabideak eman eta bide hori arintzea da.

Uztailean UEMAko 125 alkate eta hautetsik agerraldia egin zenuten Usurbilen, euskararen aurkako azken kolpe judiazalari erantzun asmoz. Oldarraldi judizialarekiko kezkak jarraitzen du UEMAn? Nola egingo diozue aurre?

Jarraitzen du, bai. Noizean behin, epaile bat agertu eta nahikoa da halako ebazpen bat urtetako lana hankaz gora jartzeko. Guk oraingoz berdin jarraitzeko amsoa dugu eta nahi duguna da lege babesa ahalik eta sendoena izan dadila. Euskal mundua beti izango da zaurgarri edo hauskorra. Baina administrazio guztiok aurre egin behar diogu egoerari. Agerian utzi behar dugu euskaraz lan egiteko eskubidea dugula eta horrekin ez dugula inoren hizkuntz eskubideak urratzen.

Nik Ataungo udalean ikusi dut badela jendea, ez asko, baina badela gure idatziak edo zerbitzuak gazteleraz jaso nahi dituenik. Eta eskaintzen dizkiogu, ez dago inolako arazorik. Baina horrek ez du esan nahi gure ekoizpen guztiak gazteleraz izan behar duenik. Urteetan egindako lana iraultzea eta hazkaz gora jartzea litzateke eta, hor bai, benetako lege-babesa behar dugu.

Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazioa egingo du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon. Bertan izango zarete?

Bai, noski. UEMA zein udal bezala. Hemen ere herriko elkarte batzuk hasiak dira esten joango direla. Jentilen etorrera egitekoa zen egun horretan, esaterako, baina manifestazioa dela-eta eguna aldatu dute, ahalik eta jende gehien batu dadin Bilbon.

2023ko martxoan Nafarroako Gobernuak eta UEMAk hitzarmena sinatu zenuten lehen aldiz euskararen aldeko ekimenak laguntzeko. 300.000 euroko aurrekontua zuen eta abenduaren 31a arte egongo da indarrean. Zein bide egin du akordio horrek eta zeintzuk dira aurreikuspenak legegintzaldi berriari begira?

Nafarroako Gobernuan aldaketak eman dira eta orain Javier Arakama da Euskarabidearen zuzendaria. Badakit laster elkartzekoak garela. Pentsatzen dut orain arte emandako urratsen balorazioa egingo dugula eta aurrera begira hitzarmena berritu eta nola hobetu hitz egingo dugula, elkarrekin lanean jarraitzeko.

Zonifikazioaren aferak ika-mika sortu du gobernu akordioan. Nola egin nahi dio aferari aurre UEMAk?

Bai kezkatzen gaituen gaia da. Zonifikazioaren gaia mahi gainean jarri beharko dugu eta ahal dugun neurrian behintzat horri ere erantzun. Ez du zentzurik eta uste dut hor bai urratzen direla Nafarroako hainbat eta hainbat euskaldunen hizkuntz eskubideak.