NAIZ

Burujabetza, udalgintza eta herrigintzari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Hernanin

Burujabetza, udalgintza eta herrigintza uztartzen dituzten jardunaldiak antolatu dituzte Hernanin urriaren 19tik 21era. Esperientziak partekatzeko egitasmoa izan nahi duela nabarmendu dute.

Hernaniko jardunaldien aurkezpena.
Hernaniko jardunaldien aurkezpena. (Maialen ANDRES | FOKU)

Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak antolaturik hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urrian Gipuzkoako herri honetan. «Burujabetzak izango dira hausnarketagai, herrigintza eta udalgintza eraldatzaile ikuspegitik jaiotako proiektuak ezagutuz», azaldu dute gaur egin duten aurkezpenean.

Hernaniko alkate Xabier Lertxundik adierazi duenez, «uste dugu Hernanitik egiten dugun proposamena beste zenbait herrietarako ere aproposa izan daitekeela», eta gaineratu du «denon beharra dela saretzea, elkarrengandik ikasi eta edatea, eta proiektu hauek guztiak maila lokaletik nazionalerako pausoa ematea. Horregatik uste dugu Udalbiltzarekin lankidetza ezinbestekoa dela saretze horretan».

Bere aldetik, Haritz Alberdi Udalbiltzako presidente izendatu berriak azaldu du Udalbiltza tresna ezinhobea dela «herrietako udalgintza eraldatzailean martxan jarritako proiektuak maila nazionalera eramateko. Horrelako jardunaldi batek aukera ematen ditugu esperientzia ezberdinak ezagutzeko eta egiten ari den lan guztia saretzeko».

Aurkezpenean Itsaso Lekuona Hernaniko zinegotzia, Clara Rouget Udalbiltzako zuzendaria eta Aines del Valle eta Ander Larretxea burujabetzaren aldeko elkarteko kideak izan dira.

Badira bi urte Hernani Burujabe herri proiektua abian jarri zenetik. «Lurraldea burujabetza klabeetan berrantolatzeko saiakera da Hernani Burujabe, herritarren bizitzetan eragina duten sektoreetan parte-hartzea handituz. Baina Euskal Herri zabalean ere hamaika dira burujabetzen aterkipean koka daitezkeen esperientziak; esaterako, jardunaldi hauetan landuko diren elikadura, zaintza, lana edota hezkuntzaren sektoreetan aurki ditzakegunak. Horrela, esperientzia metatu horiek guztiak aintzat hartu, egungo lurralde erronkei lotu eta modu egituratu eta sistemikoan artikulatzea da Hernanik planteatu duen erronka», azaldu dute.