NAIZ

Gizarte Laneko elkargoak Debabarrenako ESIko lanpostu bat ezabatu izanaren aurka agertu dira

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Gizarte Laneko elkargoek Debabarrenako ESIan arlo honetako lanpostu bat ezabatu izana arbuiatu dute. Halaber, Osakidetzari eskatu diote erabakia berrikusi dezala, lanpostua beharrezkoa dela iritzita.

Eibarreko ospitalea, Debabarrena ESIkoa.
Eibarreko ospitalea, Debabarrena ESIkoa. (Deababarreneko ESIa)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Gizarte Laneko elkargoak Debabarrena ESIan alor honetako lanpostu bat ezabatu izanaren aurka agertu dira eta Osakidetzari galdegin diote erabakia birpentsatu dezala, «kalitatezko zerbitzu soziosanitarioa bermatzeko».

Elkargoek ohar baten bidez azaldu dutenez, Osakidetza da Lehen Arretan era honetako zerbitzu bat bermatzen ez duen osasun zerbitzu autonomiko bakanetarikoa. Adierazi dute horrek zaildu egiten duela «zenbait egoera atzeman eta saihestea», gizarte langilerik ezean «jasanezinak» direnean hautematen baitira.

Gizarte langilea «ezinbestekoa» da arreta soziosanitarioan eta «aitortuta dago» espainiar Estatuko hainbat osasun zerbitzutan, baita Osakidetzan ere.

Jakitera eman dutenez, alor honetako profesionalek gaixo dauden bitartean pazienteei suertatu dakizkiekeen zailtasun emozional, ekonomiko eta sozialei aurre egiteko laguntza ematen dute. Halaber, gaixoek behar izatekotan, baliabide eta zerbitzuetako sarbidea errazten diete. Beste profesional batzuekin aritzen dira elkarlanean, administrazio publikoen arteko lotura lanak eginez.

Lakuako Gobernua Euskadiko Arreta Soziosanitarioko 2021-2024 Estrategiaren bidez egiten ari den arreta eta koordinazio soziosanitarioaren garrantzia kontuan hartuta eta Osakidetzak berak bere Plan Estrategikoan baliabide gutxiago dituzten pertsonen osasun-falta larriagotzea eragiten duten osasun-arloko desberdintasun sozialak aipatzen dituela eta, ezinbestekoa iruditzen zaie gogoeta bat egitea egungo egoerari buruz eta gizarte-lanak osasun-arretan duen garrantziari eta premiari buruz.

Izan ere, azaldu dute helburua «autonomia sustatzea» ere badela, baita koordinazioa sustatzea ere, «arrisku soziosanitarioak gutxitu edo atzeratzeko».