NAIZ

Gogora Institutuak Urduñako espetxeko beste bi biktima identifikatu ditu, Extremadurakoak

Domingo Galindo Gonzalez eta Inocencio Gallardo Rebolledo badajoztarrak identifikatu ditu Gogora Institutuak Urduñako espetxeko biktimen artean. Maiatzean identifikatu zuten lehenengo errepresaliatuaren gorpuzkiak Badajozen hobiratu zituzten larunbatean.

Desobiratze lanak Urduñako hilerrian.
Desobiratze lanak Urduñako hilerrian. (IREKIA)

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak beste bi biktima identifikatu ditu Gerra Zibilaren ondoren Urduñako Espetxean hildako eta herriko hilerrian hobiratu zituztenen artean. Hauek identifikatzeko senideak bilatu eta proba genetikoak egiten ari dira.

Lakuako Gobernuak jakinarazi duenez, lehen identifikatua, Domingo Galindo Gonzalez, La Morerakoa (Badajoz) zen. 45 urte zituen Urduñako espetxean hil zenean, 1941eko martxoaren 8an. Lau seme-alaba zituen. Alabetako batek, 91 urte dituena eta eta DNAren lagina eman zuena, «hunkituta» jaso du albistea bere seme-alabekin eta bilobekin batera.

Identifikatu duten bigarrena Inocencio Gallardo Rebolledo da. Magacelakoa zen, 56 urte zituen Urduñako espetxean hil zenean, 1941eko martxoaren 29an. Hiru seme zituen. Gogora Institutuak berriki harremanetan jarri dituen bilobek ere (Lakuak urtarrilean Castuerara egindako bidaiaren ondoren) «emozio eta esker on handiz» jaso dute albistea. Gorpuzkiak datozen asteetan entregatuko dira.

71 gorpu desobiratu ditu Gogorak proiektu honen baitan, eta identifikatu zuten lehenengoa Fructuoso Llorens Extremadurako nekazariarena izan zen, maiatzean, duela 82 urte hil zena. Joan den larunbatean eraman zituzten bere gorpuzkiak Fuente del Maestrera, Badajozen, eta han hobiratu zituzten.