NAIZ

Leioako bosten aurkako auzia ikasle mugimenduaren kontrako errepresioaren adibidea dela diote

Asteazken honetan izan da Bilbon Leioako bosten aurkako epaiketa. Duela zazpi urte eta bost hilabete atxilotu zituen Ertzaintzak EHUko campusean egindako protesta batean. Salatu dutenez, «ikasle mugimenduaren aurkako errepresioaren baitan beste kapitulu bat da, gogorrenetako bat», prozesu hau.

Jendetza bildu da Bilbon auzipetuei elkartasuna adierazteko.
Jendetza bildu da Bilbon auzipetuei elkartasuna adierazteko. (Oskar MATXIN | FOKU)

Leioako bosten aurkako epaiketa asteazken honetan izan da Bilbon. 2016ko apirilaren 26an Ertzaintzak atxilotu zituen gazteak EHUko campusean, Ikasle Abertzaleak taldeak antolatutako protesta batean.

Epaiketa amaitu ostean, auzipetuetako batek, Ander Mazkiaranek, salatu du beraien kasua dela «ikasle mugimenduaren aurkako errepresioaren baitan beste kapitulu bat, agian kapitulu gogorrenetako bat».

Hala azaldu du Gedar.eus webguneari eskainitako adierazpenetan. Halaber, eskertu du azken asteetan jasotako elkartasuna.

Gaur goizean ehunka gazte bildu dira Bilboko Albiako lorategietan, epaitegien aurrean hain zuzen ere. Aipatutako webgunearen arabera, sei pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak, antza, irudiak grabatzeagatik.

Auzipetuek itxaron egin beharko dute epaia ezagutzeko. Gedar.eus-en arabera, Fiskaltzak desordena publikoei lotutako akusazioa mantendu du auzipetutako lau gazteren aurka. Bosgarrenari atentatua egitea leporatu dio.

Dena den, zigor eskaerak jaitsi ditu, urtebeteko espetxe-zigorra eskatu du lau gazteentzat, eta urte erdikoa bosgarrenarentzat. Lehen bederatzi urte eta erdiko bi zigor eskatzen zituen, bina urte beste biren aurka eta azkenengoari urte eta erdi.