NAIZ

Satsek salatu du Osakidetzak ikaskuntza-nahasmendudun pertsonak diskriminatzen dituela EPEan

Satse Erizaintza eta Fisioterapia Sindikatuak salatu du Osakidetzak uko egin diola dislexia duen erizain batek igandeko EPEa egiteko eskatutako egokitzapenak egiteari. Hori dela eta, diote Osasun Zerbitzuak ikaskuntza-nahasmenduak dituzten pertsonak diskriminatzen dituela.

2018an egindako EPEaren artxiboko irudia.
2018an egindako EPEaren artxiboko irudia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Satse Erizaintza eta Fisioterapia Sindikatuak salatu du Osakidetzak ikaskuntza-nahasmenduak dituen pertsonak diskriminatzen dituela igande honetan egin behar duten EPEan. Izan ere, azaldu dute Osakidetzak uko egin diola ikaskuntza-nahasmenduak dituzten pertsonentzako egokitzapen teknikoak egiteari.

Sindikatuak azaldu duenez, igandeko azterketa egin behar duen erizain batek «otsailean idatziz eskatu zion Osakidetzari azterketako erantzunen koadernotxoa egokitzeko, bai eta azterketaren iraupena luzatzeko ere, dislexia izateagatik dituen beharrei erantzuteko». Zehaztu dute, halaber, pertsona honek inoiz ez duela trabarik aurkitu horrelako eskaerak egin izan dituenean, orain arte.

Aste honetan jaso du ezezkoa, %33ko ezgaitasunik ezean horrelako egokitzapenik egingo ez dela argudiatuta. Satsek «sentsibilitate faltatzat» hartu du Osakidetzaren ebazpena.

Halaber, sindikatua harremanetan jarri da EAEko Dislexiaren Elkartearekin eta erakunde honek baieztatu du beste administrazio batzuetan erizain honek eskatutakoak bezalako egokitzapenak egiten dituztela, are gehiago Enplegu Publikoaren Eskaintza denean.

Hori dela eta, Satsek berak galdegin dio Osakidetzari hartutako erabakia berrikusi dezala, erizainak eskatutako egokitzapenak egiteko. Hala ere, Osasun Zerbitzua «ezezkoan tematuta» dagoela iritzita, salaketa publiko egitea erabaki dute.