Maddi Txintxurreta - Maite Ubiria

Sortu: «‘Txiki’ eta Otaegik herriaren askatasunaren alde egin zuten borroka gure egiten dugu»

«Memoria osoa, egia guztiak eta biktima guztiak» aintzat hartu behar direla aldarrikatu du Sortuk Gudari Egunean, ‘Txiki’ eta Otaegiren fusilamenduaren 48. urteurrenean. Zarauzko hilerrian egin den ekitaldian, militante hauen izaera «borrokalaria» aitortu du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak.

Baionako Patxa plazan eginiko oroimen ekitaldia.
Baionako Patxa plazan eginiko oroimen ekitaldia. (Patxi BELTZAIZ)

«‘Txiki’ eta Otaegik Euskal Herrian askatasunaren alde egin zuten borroka gure egin eta berretsi nahi dugu», agertu du Haimar Altuna Sorturen Nazio Kontseiluko kideak Zarauzko hilerriaren atarian, Gudari Egunean urtero Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatzen duen ekitaldia hasi aurretik.

Jon Paredes Manot ‘Txiki’ eta Angel Otaegiren heriotzaren 48. urteurrenean, Altunak nabarmendu du erregimen frankistak Euskal Herriaren «askatasun nahia eten eta itotzea» zuela helburu ETAko militante biak fusilatzerakoan, «baina ez zuten lortu, bistan da», gaineratu du: «Oraindik ere, herri honek bizirik eta bere etorkizunari begira jarraitzen duelako».

Haimar Altuna, Zarautzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Sortuko kideak, hala ere, kezka bikoitza agertu du komunikabideen aurrean. Batetik, Estatu espainiarrak eta frantsesak ez dutelako ahaleginik egin Euskal Herriak haiekin duen gatazkari irtenbidea bilatzeko eta, zentzu honetan, Altunak aldarrikatu du badela garaia estatuek «Euskal Herriaren nazio izaera onartu eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aitor dezaten». Bestetik, gaitzetsi du euskal gatazkaren baitan hamarkada luzeetan gertatutakoen gainean «kontakizun bakarra» inposatzeko ahaleginak gaur egunera arte iraun duela. Bertsio bakar horren ordez, Sortuk iritzi du «memoria osoa, egia guztiak eta biktima guztiak» errespetatu behar direla, horiek gabe ezin delako «elkarbizitza iraunkor eta justua» eraiki Euskal Herrian.

Orotara, 45 elkarretaratze antolatu ditu Sortuk Euskal Herri osoan irailaren 27. honen harira.

Borroka egiteak ez ditzan ahanzturara kondenatu

Erregimen frankistaren azken hatsean fusilatu zituzten Jon Paredes Manot ‘Txiki’ eta Angel Otaegi ETAko militanteak, 1975eko irailaren 27an. Astearte honetan, haiek eta gainontzeko gudariak ahanzturan galdu ez daitezen antolatzen den Gudari Egunean, urteroko ekitaldia egin du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Zarauzko hilerrian, ‘Txiki’-ren hilobiaren aurrean.

‘Txiki’ eta Otaegiren memoria aldarrikatzeko Zarauzko hilerrian egin den ekitaldiaren irudia. (Gorka RUBIO/FOKU)
‘Txiki’ eta Otaegiren memoria aldarrikatzeko Zarauzko hilerrian egin den ekitaldiaren irudia. (Gorka RUBIO/FOKU)

Paredes zarauztarra eta Otaegi azpeitiarraz gain, haiekin batera hil zituzten FRAPeko kideak –Xose Humberto Garcia Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo– ere ekarri ditu akordura Martxelo Alvarez memoria elkarteko bozeramaileak. Haien guztien «borroka» eta memoria aitortu eta aldarrikatu du, erregimen frankistaren aurka eta Euskal Herriaren askatasunaren alde egiteko armak erabiltzea «zilegi» izan zela berretsiz.

Aipatu du, halaber, asteazkenean Gasteizko Legebiltzarrean onartuko den Memoria Demokratikoaren Lege berriak, kolpe militarraren eta 1936ko gerraren biktimen memoria erreparatzea bilatzen duenak, ez dituela aintzat hartuko erregimenaren kontra borroka egin zutenak, eta galdegin du herritarrek bultzatutako memoria elkarteek diotena kontuan har dezatela, «ez soilik Gogora Institutuak dioena».

Eusebio Lasarteri eman dio hitza, eta honek kantuz hartu du. Laguna zuen ‘Txiki’ eta bertsoa eskaini dio: «Urte bat gehio ‘Txiki’ maitea /begira gaude gorantza /guk zure falta somatzen dugu /destinoa dugu latza».

Hunkituta eta pozik zegoen Josep Maria Pi Janeras kataluniarra, aurten lehenengoz irailaren 27ro egiten den omenaldira etortzeko aukera izan duelako. ‘Txiki’rekin kointziditu zuen kartzelan, Bartzelonako La Modelon. 17 urte zituen kataluniarrak orduan, eta gogoratu du fusilamenduaren egunean, 1975eko irailaren 27an, presoak ohi baino lehenago itxi zituztela ziegetan, protestak ekiditeko. Baina presoek zarata egin zuten, «ateak kolpatu genituen gau osoan», esan du. «‘Txiki’ ez zen bakarrik hil. Gutako edonor hiltzen ari zirela sentitzen genuen», gogoratu du kataluniarrak.

Pi Janerasen hitzetan, Jon Paredesek azken momentura arte mantendu zuen bizirik irauteko esperantza, baina, «tamalez, hil egin zen», esan du damuz. «Baina asko gaude hemen esan dezakegunak ‘Txiki’ ausardiaz hil zela. Eta, kartzelan, ‘Txiki’ borrokalari erreferente bat zen gu guztiontzako momentu horretan», azpimarratu du.

Urtero legez, kantuak eta dantzak lagundu dute Zarauzko hilerrian ‘Txiki’ eta Otaegi akordura ekartzen. Memoria berrituta geratu da, freskoago, eta Jon Paredes ‘Txiki’ren panteoia lorez apainduta.

Ekitaldia Baionan ere, GALen lehen atentatuen urtemugan

‘40 urteren ondotik, Euskal Herria bizirik’ lemapean ekitaldia egin dute 19.00etatik aitzin Baionako Patxa plazan, zehazki, ‘Popo’ Larre, Joxi Zabala, Joxean Lasa eta Jon Anza oroitzen dituen muralaren aitzinean.

Txalaparta, bertsoak eta kantuak –Ken Zazpiren ‘Itsasoa gara’ eta Mikel Laboaren ‘Martxa baten lehen notak’ entzun dira– ez dira falta izan ekitaldian, ez eta ohorezko aurreskua ere. Lore eskaintza aitzin, berriki zendu diren Graxi Etxebehere eta Mixu Mendy militante abertzaleak omenduak izan dira, «biek ere beren onena eman zutelako Euskal Herriaren askatasunari ateak zabaltzeko».

Lore eskaintza. (Patxi BELTZAIZ)

Ekitaldia aurkeztu duen ordezkariak bereziki gogora ekarri du aurten 40 urte beteko direla «espainiar Estatuko aparatuek antolaturiko GAL erakundeak lehen atentatuak egin zituenetik».

Hala, 1983ko udazkenean Joxi Zabala eta Joxean Lasa bahitu zituztela, «plaza honetan bertan», azaldu du hizlariak, Tolosako bi gazteek ondoren torturatu eta hil zituztela oroitaraziz.

Segidan etorri ziren Segundo Mareyren bahiketa eta Joxe Mari Larretxearen bahiketa saiakera. Ramon Oñederra ‘Kattu’ eta Mikel Goikoetxea ‘Txapela’ urte bereko bukaeran erail zituzten Baionan eta Donibane Lohizunen, hurrenez hurren.

«Gerla zikinaren bidez, GALek izua hedatu zuen Euskal Herrian eta 1987ra bitartean 27 lagun erail zituen», laburbildu du, Baionako Patxa plaza berezia dela «Popo, Joxi, Joxean eta Jon Anza ez ezik, hamarkadetan zehar bidean gelditu diren lagun eta militante guziak ere sinbolizatzen dituelako» nabarmenduz.

«Oroitu nahi dugu GALek Euskal Herrian izua zabaltzen zuen bitartean, frantses Gobernua gerla zikinaren biktimak kriminalizatzen entseatu zela; lehenik kolaboratzaile izan bazen, estrategia erasokorragora iragan zela gero», adierazi du ezker abertzaleko ordezkariak.

«Iraganaz ari gira, baina orainaz. Oraindik, preso, iheslari eta deportatu politikoak daudelako. Frantses Gobernuak badu zer erran eta egin», gaineratu du hizlariak, «euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen etxeratze fasea gauzatzeko unea dela aldarrikatuz.

Era berean, aitortza politikoan aitzinatzeko garaia dela adierazi du, «berriz ere herri gisa, adostasun berri bat eraiki eta herri mobilizazio zabalen bidetik, Frantses Estatuaren aitzinean ahots bakarrez mintzatzeko».

Ezkerreko independentismoa zabaltzea eta indartzen jarraitzea zehaztu du erronka nagusi gisara hizlariak. Amaieran «joan zirenak gogoan eta haiei esker, etorkizuna eraikitzeko aukera gure esku dugula» adierazi du.

Eusko Gudariak kantatuz amaitu dute «ezkez abertzalearen agenda politikoan mimoz atxiki behar den» irailak 27a kari Lapurdiko hiriburuan antolaturiko ekitaldia.