Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Hezkuntza Akordioaren «letra eta espirituari leial» izateko eskatu die EH Bilduk alderdiei

EAEko Hezkuntza Legerako prozesuak jauzi garrantzitsua emango du asteartean, taldeen zuzenketak ezagutuko baitira. EH Bilduk alderdi-interesak baztertu eta Akordioarekiko leialtasuna eskatu du.

EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arrese, Gasteizko Parlamentuan.
EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arrese, Gasteizko Parlamentuan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Datorren asteartean Gasteizko Parlamentuko alderdi bakoitzak Hezkuntza Legeari aurkeztuko dizkion zuzenketak ezagutuko dira, eta, beraz, duela bi urte Ganberan abiatutako eztabaida azken fasean sartuko da; une «erabakitzailean», EH Bilduko parlamentari Ikoitz Arreseren hitzetan.

Unearen garrantzia azpimarratuta, koalizio independentistako ordezkariak dei zuzena egin zien, atzo, alderdi guztiei, «Hezkuntza Akordioarekin bat etorriz jardutera» eta «Hezkuntza Akordioaren espirituari eta letrari leial izatera».

Interpelazioa zehazki nori zuzendua den galdetuta, EH Bilduko parlamentariak eskaera hori denei egiten dietela azaldu zuen, baina gaineratu zuen eragileren baten aldetik  Hezkuntza Akordiotik aldentzeko «tentaldia» egon litekeela, «epe laburreko bestelako alderdi interesei» heltzeko.

Horren aurrean, «Hezkuntza Akordioak lortu zituen adostasunak berrestera» deitu zuen, «Hezkuntza Legea Hezkuntza Akordioarekiko ahalik eta fidelena» izan dadin. «Gure ustez, Hezkuntza Akordioak utzi zuen %90eko adostasunaren bila joan behar dugu Hezkuntza Legean ere», adierazi zuen.

Arresek zehazki inor aipatu ez bazuen ere, agerikoak dira auzi honetan Lakuako Gobernuko bi kideen artean –EAJ eta PSE– dauden ikuspuntu desberdinak, eta ikusteko dago tirabira horretan sokak norantz egiten duen eta horrek legearen ibilbidean ze eragin duen.

Lege on baterako elementuak

Karta guztiak «ahoz gora» egon daitezen gutxi falta denean, EH Bilduko kideak nabarmendu zuen «herri honen etorkizunerako garrantzi handia duen eztabaida politikoa» dela hezkuntza sistemarena, eta, zehazki,  lege berriaren eztabaidagaia, eta testuinguru honetan gogora ekarri zuen koalizioaren aburuz Hezkuntza Sailak onartutako lege-proiektuan badaudela «lege on batera iristeko behar ditugun elementu nagusiak», betiere iragan urtean Ganberako ordezkarien gehiengo zabalak adostu zuen akordioaren izaerari heltzen bazaio.

Alde horretatik, EH Bilduk «ahalik eta argitasun politiko handiena emango duen eztabaidari ekiteko konpromisoa» hartzen duela esan zuen, «hezkuntza-komunitatearekiko eta, oro har, euskal gizartearekiko dugun erantzukizuna delako». «Hurrengo urteetan hezkuntza-sisteman zer planteatu behar dugun argi eta garbi azaltzeko gai izan behar gara, eta gainerako indar politikoekin hitz egiten ari gara, euskal hezkuntzak dituen erronkei soilik helduko dien eztabaida gorena izateko», aipatu zuen, eta ziurtatu zuen Hezkuntza Akordioarekin leial mantenduko direla «une oro eztabaida amaitu arte, haren amaiera edozein dela ere».