NAIZ

Euskal poesia garaikidearen kartografia egin du Iratxe Retolazak ‘Irailekoak’ jaialdian

Iratxe Retolaza euskaltzain urgazleak eman dio hasiera ‘Irailekoak’ poesia-jaialdiari ‘Perimetro poetikoak XXI. mendean: neurtezinaren zirrimarrak’ hitzaldiarekin. Igandean katalanez idatzitako poesia garaikideko bi ahots esanguratsu izango dira Lekeition: Antònia Vicens eta Mireia Calafell.

‘Irailekoak’ poesia-jaialdia Lekeition.
‘Irailekoak’ poesia-jaialdia Lekeition. (EUSKALTZAINDIA)

‘Irailekoak’ jaialdiaren lehen eguna hitzaldi mamitsu batekin estreinatu da larunbat honetan, hain zuzen, Iratxe Retolaza ikertzaile eta euskaltzain urgazleak eman duenarekin. Bere berbaldian, XXI. mendeko euskal poesiak oraingoz eman duena aztertu du Retolazak.

Euskaltzaindiak ohar batean azaldu duenez, «XXI. mendeko bi hamarkada hauetan Euskal Herrian aurrera egin duten askotariko estetika eta ikuspegien kartografia zabal bezain zehatza taxutu du ikerlariak bere hitzaldian, beti ere ahaztu gabe poesiaren eremua ‘neurtezina eta mugagabea dela’».

Honela, kartografian eremu emankor honen periferiei eskaini die arreta Retolazak, horiek identifikatuz eta izendatuz eta poesia sorkuntzari orain arte eskaini ez zaion arreta emanez.

Poesia argitalpenaren jarioa izan da kartografiaren lehen mugarria: urtero 20 bat poesia liburu argitaratu izan dira Euskal Herrian, baina horietatik %20ra baino ez da iritsi sarri argitaratzen
duten emakumeen kopurua.

Garai honetan argitalpenen lerroa zuzena izan bada ere, 2000. urtean zerra-hortz bat topatu du Retolazak: «Urte mugarri hartan, menturaz, elkarren artean humus berri bat sortzeko ahalmena zuten poetika zenbait argitaratu ziren, genealogia poetikoen eta poetika garaikideen arteko elkarrizketa biziarazi zutenak».

Urte horretan zaurgarritasunarekin eta berrizendatze-gosearekin loturiko ibilbideak zirriborratzen hasi ziren, bai eta kode berrien bilaketarekin zerikusia zutenak: paradigma berri baten hasiera izan zen, Retolazaren ustez.

Gorputzaren materialitatea ere jaso nahi izan du Retolazak, poesiak giza gorputzaren subjektuekin loturiko gatazkak agerrarazteko duen gaitasuna azpimarratuz. «Bazterreko gorpuztasunetik diharduten poetikek gorputz-zapalkuntzak arrakalatzearekin batera ahots gorpuztu ahaldunduak eta kode berrituak eraiki dituzte», adierazi du.

Poesia garaikidearen kartografia honetan, ezinbestean jaso du ere afektuen biraketa-ardatza. Afektuaren inguruko tematikak garatu izan dira gurean baina gorpuztasuneranzko joera berriagoa nabarmendu nahi izan du Retolazak bere hitzaldian.

«Poesia eta pentsamenduaren arteko ezinbesteko harremanetik edanez, poeta askok jorratu dituzte kutsu existentzialak dituzten poetikak, askotan kolektibotasunetik lan eginez», azpimarratu du Euskaltzaindiak, ‘Irailekoak’ jaialdiaren antolatzaileak –Lekeitioko Udalaren babesarekin–.

Azterketa xeheari amaiera emateko, Retolazak diziplinarteko ekarpen eta erreferentzia askotarikoak nabarmendu ditu, gurean ohikoa izan baita azken 20 urte hauetan sormen-esparru ezberdinak elkarrekin solasean jartzea poesiaren bidez.

Hitzaldiaz gain, poeta ugarik parte hartu dute egunean zehar Lekeitioko hainbat tokietan izan diren errezitaldietan: Aritz Gorrotxategi, Nerea Arrien, Eric Dicharry, Beatriz Chivite, Itziar Ugarte, Jokin Erkoreka, Libe Goitia eta Martin Bidaurrek beraien poemak irakurtzeko aukera izan dute, Inun musikariaren laguntzaz. Egunari amaiera emateko, Maite Larbururen kontzertua izan da Konpainiako elizan.

Antònia Vicens eta Mireia Calafell

Igandean, jaialdiko bigarren eta azken eguna izanen da. Solasaldi bikoitzarekin itxiko da ‘Irailekoak’, Sociedad Recreativaren egoitzan. Bertan, solasaldi eta irakurketa interesgarriak
izanen dira, 11.00etatik aurrera.

Lehenik, Antònia Vicens eta Iñigo Astiz poeten arteko solasaldia izanen da, tarteka Vicensen poemak irakurriko direla (katalanez eta euskaraz).

Atsedenaldi txiki baten ondoren, Mireia Calafell poeta katalanaren lana ezagutzeko parada izango dute zaleek. Itxaro Borda idazle eta euskaltzain osoak elkarrizketatuko du Calafell, eta bere poemak irakurriko dira, katalanez eta euskaraz. Sarrera libre eta doakoa izango da.