Jon Ormazabal

Iazkoaren errebantxarako aukera izango dute Altuna-Imazek Mastersean

Amezketarrak eta oiartzuarrak Peña-Rezustari (22-13) nahikoa erraz irabazi dieten bitartean, Ezkurdia-Mariezkurrenak asko sufritu behar izan dute 0-7 aurreratu diren Jaka-Martijari gailentzeko (22-20).

Jon Mariezkurrenak asko agindu duen arren, kosta egin zaie iazko txapeldunei finalerako txartela eskuratzea.
Jon Mariezkurrenak asko agindu duen arren, kosta egin zaie iazko txapeldunei finalerako txartela eskuratzea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Iazko Masterseko arantza kentzeko moduan dira Altuna III.a-Imaz, bi finalerdi oso desberdinen ostean, 2022ko final bera izango baitu aurtengo ekitaldiak. Ezkurdia-Mariezkurrena eta gipuzkoarrak izan dira iaztik errepikatu duten bikote bakarrak eta, azken partidaren faltan, ibilbide bera errepikatu dute, play-offik jokatu beharrik gabe heldu baitziren nafarral Nafarroa Arenara. Finalerdietan, ordea, gauzak aldatzen hasi dira, egungo txapeldunak izan baitira aurten asko sufritu behar izan dutenak, iaz Jaka-Zabaleta egurtu ostean. 

Pronostikoak oso gorrien aldekoak baziren ere, Jaka-Martijak oso alde handia hartu dute 0-7 aurreratuta. Hasiera-hasieratik Mariezkurrenak piloteoan nagusitasunez agindu duen arren, Joseba Ezkurdia ideiarik gabe aritu da partidarik gehienean, tantoa egiteko zulorik topatu ezinik eta Jakak ez dio aukerari ihes egiten utzi nahi izan. Martijak ere, aurkariaren bizkarra etengabe ikusi badu ere, nahiko ondo eutsi dio Berriozarrekoaren erauntsiari eta ezustekoa emateko lehen urrats sendoa eman zutela zirudien markagailuan horren alde nabarmena eskuratu dutenean.

Markagailuan oso atzetik ziren arren, apustulariek ez dute konfiantzarik galdu nafarrekin, batez ere Mariezkurrena ematen ari zen erakustaldiarengatik eta joan zaien bezain azkar ekarri dute partida euren bidera. 8-9koan egin du Joseba Ezkurdiak, bolea eder batekin, bere partidako lehen tantoa, baina egoera horretara heltzeko, bere lanak ere ederki egin ditu bere atzelariak, pilotari epelak emanda eta atzean hiru tanto jarraian lortuta. Beste bolea batekin berdindu du lehen aldiz partida arbizuarrak eta tantoa amaitzea kosta bazaio ere, hortik aurrera kantxan bezalaxe, markagailuaren agintea ere eurena izan da.

Baina Ezkurdiaren zizelik gabe, Mariezkurrenaren mailuak ere ez du horrenbesteko minik egiten eta ez dute partida hausterik izan, nahiz eta lau tantotako alderik ere batu duten (20-16), epaileen opari bat ere tartean zela. Kontua da Ezkurdiak izan ez duen eraginkortasuna Jakak beretzat hartu duela, nahiz eta askoz baldintza txarragoetan aritu behar izan duen. Lizartzarra ari da Baikora joan aurretik horren arriskutsua egiten zuen joko oldarkor hori berreskuratzen eta gantxo izugarriak gurutzatu ditu 20-19 eta 21-20 gerturatzeko. Martijak ere behetik gora egin du pilotak geratu diren heinean eta euren aukerak izan dituzte. Zailena egina zutela zirudienean, ordea, Martijak eta Jakak egindako opari banak eman die finalerako txartela egungo txapeldunei. Txapelketan erakutsi duten distirarik gabe aritu dira finalerdian eta ikusi egin behar gaur egin behar izan duten lan handiak bidesaririk pasatzen ote dien igandeko finalean.

 

FITXA TEKNIKOA

Ezkurdia-Mariezkurrena: 22

Jaka-Martija: 20

Pilotakadak: 724. Iraupena: 76,53 minutu. Markagailua: 0-7, 1-7, 1-8, 6-8, 6-9,12-9, 12-11, 14-11, 14-13, 16-13, 16-15,18-15, 18-16, 20-16, 20-19, 21-19, 21-20, 22-20  . Sakeak: 0 Ezkurdiak eta 1 Jakak. Egindakoak: 5 Ezkurdiak, 5 Mariezkurrenak, 10 Jakak eta 2 Martijak. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak, 4 Mariezkurrenak, 8 Jakak eta 4 Martijak. Gorabeherak: Sarrera oso ona bai, baina esandako betekadarik ez Nafarroa Arenan.

Oraindik oso gutxitan erabilia, Nafarroa Arena indarreko aurrelarientzat pilotaleku hobea dela esan ohi da teknikoentzat baino, baina lehen finalerdian Erik Jaka mito hori hausteko zorian egon bada, Jokin Altunak erabat eraitsi du uste hori, erasoko baliabideen erakustaldi bat emanda. Ez du agian Amezketarrak halako minik egin ezker gantxoarekin, baina bi paretakoak jota esaterako lau tanto lortu ditu, eskuinez ere bizi ibili du pilota eta Imazekin oso bikote lehiakorra osatu du.

Partida, dena dela, emaitza ikusita eman dezakeena baino lehiatuagoa izan da, batez ere lehen txanpan. Beñat Rezusta atzean agintzen hasi da eta indarrak parekatuak egon dira, Jon Ander Peñak defentsan Altunak jarri dizkion tranpetatik ihes egiteko gai izan eta erasoan ere eraginkor aritu delako. Tolosarra eta bergararra 5-3 joan dira aurretik, baina ez dira ordura arteko mailari eusteko gai izan.

Alde batetik, pilotak gastatzen joan diren heinean Rezusta gero min gutxiago egiten joan delako, baina baita urdinek tarteka kontzentrazioa ere galdu dutelako. Eta odola usaintzen duenean, Jokin Altuna ez da barkatzen duen horietakoa. Pentsa, lehen atsedenaldira 12-10 aurretik joan dira amezketarra eta partida osoan pilotarik galdu ez duen Ander Imaz eta gorrien tanto dozena horretatik 10 ziren Aspeko aurrelariak jokoan lortuak. 

Aldageletarako bueltak ez die inolako mesederik egin urdinei, gorrien bolada ona 10-1eko partzial batean bihurtu dutelako iazko azpi-txapeldunek. Uda bikaina osatu dute Jon Ander Peñak eta Beñat Rezustak, baina gaurkoan ez dute partidari buelta emateko inolako gaitasunik erakutsi eta nahi baino erraztasun handiagoak eman dituzte. Ordura arte egin ez zituzten hutsak ere batu dituzte azken txanpa horretan eta alde horretatik, gorputzak aurkariek baino gutxiago behartuta helduko dira Altuna III.a-Imaz igandeko finalera.

 

FITXA TEKNIKOA

Altuna III.a-Imaz: 22

Peña III.a-Rezusta 13

Pilotakadak: 585. Iraupena: 60,43 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 4-2, 4-3, 5-3, 5-7, 10-7, 10-8, 15-8, 15-10, 20-10, 20-13, 22-13. Sakeak: 1 Altuna III.ak eta 0 Peña III.ak. Egindakoak: 13 Altuna III.ak, 0 Imazek, 7 Peña III.ak eta 3 Rezustak. Galdutakoak: 3 Altuna III.ak, 0 Imazek, 5 Peña III.ak eta 3 Rezustak. Gorabeherak: Sarrera oso ona bai, baina esandako betekadarik ez Nafarroa Arenan.