Proiektuak garatzeko egindako lana ez ezik, sorkuntza prozesua bera ere erakutsi dute aste honetan Bilboko Alondegian lanean ari diren artistek haren berri izateko interesa zutenei. ‘AZzabalik’ sorkuntza artistikoaren inguruan egindako topaketan.
Aurkezpenean zentroko zuzendaria den Fernando Perezek azaldu zuenez, ‘AZzabalik’, «urtean zehar Azkuna Zentroko hormen atzean gertatzen den guztiaren» erakusketa da, ekoizpen eta erakusketa artistiko garaikidean oinarritutako programazioarekin. Horrela, normalean inoren begi bistatik at egiten den lana jendarteari zabaldu zioten disziplina desberdinetan ari diren artistek.
Askotariko artistei eskaintzen die zentro honek urtean zehar haien lana burutzeko espazioa eta denbora, egonaldi artistikoen bidez. Ondoren, emaitza Alondegian bertan erakusten dute, eta sortze prozesuaren berri ere ematen dute ‘AZzabalik’ topaketaren bidez, proiektu berriak sortzerako orduan laguntzera bideratuta dagoena.
Ate irekien jardunaldiaren baitan hogei ekintza baino gehiago antolatu zituzten Alondegi osoan zehar: Atrioan, Terrazarain, Kubo Baltzean, DendAZen eta baita Erakusketa Aretoan ere.
Irakurketa performatiboak, bisita gidatuak, topaketak eta dantza-ikuskizunak izan ziren, beste hainbat ekimenen artean, «reentré» honetan, urte osoan zehar Zentroaren barruan gertatzen den guztia erakusteko.
Babestu
Honakoak dira Alondegian ‘Babestu’ programaren baitan egoiliar moduan lanean ibili diren eta hasi berri diren artistak, proiektuen sormen prozesuen berri eman dutenak, hain zuzen ere: Julia Martos, Maia Villot, Estanis Comella, Oihana Vicente eta Pablo Marte.
Badaude haien lanen azken fasean dauden artistak ere, Elena Aitzkoa, Mikel A. García eta Ion Munduate, eta Ikertzaile AZ Kideak diren Isabel de Naverán eta Aimar Arriola. Denek ireki zituzten haien estudioetako ateak, egiten ari direnaren berri emateko.
Martosek ‘Un vestido claro clarisimo’ proiektua aurkeztu zuen. Pelikula baterako gidoia prestatu du, ezagutu ez zuen amamaren etxean aurkitutako artxibategi batetik abiatuta. Bertan eskutitzak eta eguneroko bat topatu zituen eta arreta deitu zion plazan aurkitzen zituen emakumeen deskribapen «nahiko obsesiboak» egiten zituela. Pelikula egin gabe dagoenez, gidoiaren irakurketa egin zuen artistak.
Villotek ordea performancea egin zuen, ‘AMA preludio’ izenekoa. Haren bidez, dominatrixaren figurara hurbilketa egin zuen, hainbat irudi dituen keinu bati eutsiz. Cornellaren proposamena ‘SXT (Source by Transkription)’ da, produkzio musikala eta serigrafia bateratzen dituena, horrela sistema narratibo bat eraikitzeko.
Vicentek nerabeekin lan egin du bere proiektuan. ‘REEL CINEMA_ filming movies randomly’ deitu dio eta gaztetxoekin egindako tailerra da, «kopiatu, itsatsi eta beste pauso bat eman» metodologia jarraituz, azaldu zuenez, eta ikus-entzunezko hainbat pieza izan dira emaitza.
Martek ‘Deseo Real. Violencia Fantástica’ proposamenean, indarkeria eta edertasuna uztartu ditu: «Bataren eraikuntzan dago bestea». Hamabost minutuko filma izan da emaitza, Amsterdamen grabatua.
Aitzkoak landu dituen eskulturak, ‘Ur Aitzak’ proiektukoak, aurkeztu zituen. Hain zuzen ere, ‘Cisne’ eskulturan ibili da lanean orain arte, proiektuko bosgarren obra dena.
Garciak ‘Comclapompos. Usar el flujo como un cauce’ proiektua garatu du. Ingurunearen sinergiak biltzen dituen konposizio musikala da, eta egituraren aukera ugarietan sakontzen duena.
Munduatek Blanca Calvorekin batera, lan-prozesuei buruzko ikerketa bat du abian, eta horren berri eman zuen ostegunean. Hiru ardatzez osatuta dago, lotura bidezko engranaje baten pieza modura funtzionatzen dutenak: maitasuna ekoizpen gisa, haizeen arrosa eta konstelazio esekia.
De Naveránek ‘Uhina gogoan’ proiektua azaldu zuen, honako galderaren inguruan eraikitzen dena: Zer gertatuko litzateke idazkera egitearen erdigunean jarriko bagenu?. Haren baitan sortutako podcastak AZ Irratian daude entzungai eta, horrez gain, jakitera eman zuen une honetan egiten ari den liburua datorren urteko urtarrilean argitaratuko dela. Azaldu zuen ez dela guztiz eroso sentitzen 2021ean hasitako lanari «proiektu» deituta, eta nahiago duela «ikerketa gune» izenaz erreferentzia egin.
Arriolak ere eman zuen egindako lanaren berri, ‘Un deseo de forma’. Testu sorta bat da, kolaborazio desberdinekin egina, queer unibertsoari buruzkoa. Pdf formatuan argitaratu dituzte, sarean, eta doan eskuragarri daude irakurri nahi dituenarentzat.
Behatokia
Gainontzeko artistek egin bezala, Urbanbat AZko kolektibo egoiliarrak bere azken ‘Behatokia’ aurkeztu zuen Atrioan. Kooperatiba gisa arkitektura egiten dute, baita partaidetza-urbanismoa ere. «Situation room» bat eraiki nahi izan dutela azaldu zuten ostegunean. Horretarako, aulkiak zirkuluan jarri dituzte eta hainbat panel inguruan, denak euskaraz.
Paneletan, sei egoera desberdin islatzen dira, testuinguru jakin baten baitan. ‘Behatokia’ izena badauka ere, behatu ez ezik parte hartzeko aukera ere badute bertaratzen direnek, gometsen bidez paneletan iritzia emanez.
Halaber, eszenAZ-en hasiera ere izan zen ostegunean, Alondegiko Arte Eszenikoen Denboraldiarena, alegia, Atrioan egin zuten dantza-saio bikoitz batekin: ‘Bueltaxka’ Osa+Mujika bikote artistikoaren eskutik, eta Fugas Matxalen Bilbao koreografoaren eskutik.
Gainera, Errumaniako National Theatre Martin Sorescuk ‘Reconstituirea’ aurkeztu zuen, AZn egonaldi batean garatzen ari den ikuspegi teknologikoko produkzio eszeniko prototipatua: ACuTe.Culture Testbeds for Performing Arts and New Technology proiektu europarraren barruan.
Azaldu zuten arteak eta teknologiak elkarri eragiteko duten modua aztertzen ari direla. Prototipo bat eraiki dute, errealitate birtualeko betaurreko batzuk erabiliz. Antiojoak erabiltzen ari den pertsonaren aldamenean kokatutako telebista zahar baten bidez ikusi daiteke bera ikusten ari dena eta horrela, esperientzia bizitzeko bi modu daude. Era berean, adierazi zuten kontzientzia pizteko antzerkia egiten saiatzen direla: «Kako bat utopikoentzako».
AZzabalik ekimenean Bene Bergardok eta Alán Carrascok ere hartu ziten parte. Bergadok ‘Urritu’ erakusketaren bisita gidatua eskaini zuen, Juan Luis Moraza komisarioarekin batera. Biek ibilbide bat egin zuten erakusketan zehar, eta eskultoreak Erakusketa Aretoaren proiektua osatzen duten piezak eta instalazioak sortzeko duen sormen prozesua zehaztu zituzten. Besteak beste, bere ibilbidean zehar egindako dozenaka lan jasotzen dituen hogei metroko apalategi bat dago ikusgai erakusketan.
Carrascok, bestalde, Pier Paolo Pasolini zinemagilearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ‘100+1’ instalazioa aurkeztu zuen Mediateka Galerian, ‘Le due differenti fasi della tensione’ piezarekin. Artista bisuala eta ikerlaria da eta 2021ean Erromako Espainiako Akademian bizi zela ekoitzi zuen pieza
Azkenik, Azkuna Zentroko DendAZ dendak, diseinuaren erreferentziazko guneak, komunitate hori osatzen duten diseinatzaileen tokiko produkzioko, artisau-produkzioko eta ekoizpen iraunkorreko produktuak eta diseinuak erakutsi ztuen Azkuna Zentroan.