Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

EAEko hiriburuetako auzoen arteko errenta arrakalak gora egin du

Eustatek 2021eko errentaren estatistikak argitaratu zituen aurreko astean. Urteko datuak baino, arreta merezi du garapenak. Adibidez, errenta desberdintasuna nabarmen hazi da hiriburuetako auzoetan. Gizonen eta emakumeen arteko arrakala zerbait murriztu da, baina oso handia izaten jarraitzen du.

Auzo aberatsen eta pobreen arteko errenta arrakala handitu egin da azken 15 urteetan EAEko hiriburuetan.
Auzo aberatsen eta pobreen arteko errenta arrakala handitu egin da azken 15 urteetan EAEko hiriburuetan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Donostiako Altza auzoko batez besteko errenta pertsonala 13.633 eurokoa zen 2006. urtean. Momentu hartan, Miramon-Zorroaga auzoan zifra hori 27.238 eurokoa zen. Bazen aldea, beraz: Miramongo bizilagun batek Altzakoak baino 13.605 euro gehiago irabazten zituen urtean, batez beste. Bikoitza. Portzentualki, %100 gehiago irabazten zuen.

Txikia ez zen errenta arrakala hori nabarmen handitu da azken 15 urteetan. Eustatek aurreko astean publikatu zituen datuen arabera, 2021ean 18.563 eurokoa izan zen Altzako batez besteko errenta. 2006an baino %36 gehiago. Miramonen, aldiz, batez beste kobratzen duten zifra 48.112 eurora igo zen, %76.

2006an Miramongo errenta Altzakoa baino %100 handiagoa bazen, 2021ean aldea %160ra igo zen.

Donostian bezala, Bilbon eta Gasteizen joera berdina antzeman daiteke, errenta txikiko eta handiko auzoak alderatuz gero. Adibidez, Arabako hiriburuan, duela 15 urte, Mendizorrotzako batez besteko errenta Abetxukokoa baino 16.577 euro handiagoa zen (%124). 2021ean aldiz, 27.831 eurora iritsi zen aldea (%161).

Bilbon, portzentualki aldea handitu ez arren –oso altua zen ja: %242 inguru–, Iturrigorriko eta Abandoko biztanleen batez besteko errentaren arteko aldea 22.327 eurotik 30.076 eurora pasatu da 15 urtetan.

Beti esan ohi da erne egon behar dela estatistikekin, batek oilo bat jan eta beste batek mokadu bat probatu gabe geratuta ere, batez bestekoak beti esango baitu bakoitzak oilasko erdia jan duela. Antzekoa gertatzen da Eustaten errentaren inguruko informazioarekin. Argitaratutako oharraren lerroburuan, «EAEko biztanleen batez besteko errentak %4,3 gora egin zuen 2021ean» jartzen du. Datuak auzoka aztertuta, ordea, Altzan %3,5 igo zirela ikusi daiteke, eta Miramonen, %20.

Gizonen eta emakumeen arteko arrakala

Oilaskoarenak ere balio du emakumeen eta gizonen arteko errenta desberdintasuna islatzeko. Batez beste, 23.313 euroko errenta izan zuten EAEko biztanleek 2021ean. Zifra horrek, ordea, arrakala nabarmen bat ezkutatzen du. Gizonen errenta 28.360 eurokoa izan zen, eta emakumezkoena, 18.659 eurokoa.

Aldea ez da txikia, baina, hala ere, esan beharra dago azken 15 urteetan apur bat txikitu dela, egun 9.701 eurokoa den tartea, 11.367 eurokoa zelako 2006an. Asko dago oraindik hobetzeko, edonola ere.

Gorabeherak errenten jatorriaren garapenean

Errenta horren egituran aldaketak ere egon dira azken urteetan. Ez dira bortitzak, baina bai esanguratsuak, aldaketen eta korronte sakonen adierazle diren neurrian. Adibidez, lan errentak –hau da, bere jardunagatik langile batek eskuratzen dituenak–, errenta guztien %66,8 ziren 2001 urtean. Bi hamarkada geroago, %58,4 dira. Bada aldea. Laneko soldatek errentaren egituran daukaten pisua gero eta txikiagoa da EAEn, inguruko Europako herrialde gehienetan bezala.

Txanponak badu beste aldea. Higigarrien kapitalaren errenta apur bat hazi den arren –errenta osoaren %1,5 izatetik %2,2 izatera pasatu da–, transferentziak deritzonak dira gehien hazi direnak. Hau da, pentsioak eta bestelako prestazioak. Duela 20 urte, errenta guztien %19ra ere ez ziren iristen transferentziak. Urtez urteko bariazio txikiak alde batera utzita, ordutik nabarmena izan da goranzko joera, eta 2021ean errenten %29 pentsio mota desberdinak izan ziren.