NAIZ

Hutsik diren etxebizitzen gaineko zerga orokortzea erabaki du Euskal Elkargoak

Euskal Hirigune Elkargoak hutsik diren etxebizitzen gaineko fiskalitate zama areagotzea deliberatu du. 24 herritan aplikatzen den araua 35 herrietara zabaltzekotan delarik erakundeak urrats berria eman du zerga eredu berria lurralde osora eramatea proposatuz.

Euskal Hirigune Elkargoko kontseilyak irailaren 30ean bilera egin zuen Baionan.
Euskal Hirigune Elkargoko kontseilyak irailaren 30ean bilera egin zuen Baionan. (Patxi BELTZAIZ)

Euskal Hirigune Elkargoak bere sartzea politikoa baliatu du, larunbatean Baionan, eztabaida politiko eta sozialaren ardatzetako nagusia den etxebizitzaren krisiari dagokion neurri berria plantan emateko. Erabaki horren bidez orain arte tentsiopean dagoen eremuan indarrean zegoen neurria lurralde osora zabaltzeko aukera hobetsi du Euskal Elkargoak.

Oroitzearren Lapurdiko 24 hiri eta herri barnebiltzen du gaur gaurkoz tentsiopeko eremuak. Heldu den urtarriletik goiti 35 bat herrietara zabalduko da etxebizitzaren krisiari aurre egiteko aipaturiko tresna.

Izan ere zerga kode orokorra eskutan Euskal Elkargoak haratago joateko aukera irudikatu du bere herriarteko kontseiluaren bilkuran, lurralde osoan hutsik diren etxebizitzen gaineko zergatze eredu berria indarrean emateko asmoa agertu duelako.

Zerga araudi orokorrak frantses Estatuak ezartzen du. Jakin behar baita zergak ezartzeko bereko gaitasunik ez duela Euskal Hirigune Elkargoak.

Araudiak hutsik diren etxebizitzen zama fiskala areagotzeko hainbat tresna jasotzen du.

Mediabask.eus atariak jaso duen informazioaren arabera, zehazki, 2024ko urtarrilaren 1etik indarrean sartuko da «bi urte jarraian altzaririk ez duten eta etxebizitza bezala baliatzen ez diren egoitzen gaineko zerga».

Frantziako Estatistika Institutuak (Insee) eskainitako datuen arabera hiru lurraldetako etxebizitza parkearen %5,8 egoera horretan dago, orotara 12.000 bizitoki inguru.

Eremu tenkatua zabalduz

Iragan agorrilean frantziar aldizkari ofizialean azaldu zen bigarren etxebizitzen zerga emendatzea ahalbidetzen duen araua berria. Era berean epea ezartzen zitzaiela fiskalitate berria lehenbaitlehen baliatu nahi duten herri horietako erakundeei.

Hain zuzen zerga berria heldu den urtarriletik landa ezartzeko bidean eremu tentsionatu horretan sartzekotan diren herriek urriaren 1a aitzin behar duten deliberoa hartu.

Epemuga hori agortu aitzin hutsik diren egoitzen gaineko zerga emendatzeko hautua bozkatu dute, hala nola, Haltsu, Itsasu, Bidarrai, Senpere eta Ezpeletako udalbatzek.

Jean-Rene Etchegarayk kontseiluaren biltzarrean laburbildu zuenez orain eremu tenkatuan -24 herri- izan den fiskalitatea bere egiteko parada izanen dute, heldu den urtetik goiti, orotara 35 bat herrik, beti ere herriko kontseiluak horren aldeko deliberoa hartu badu.

Hala ere, Euskal Elkargoko lehendakariaren esanetazn Ipar Euskal Herri osoan zergatze sistema ezartzea litzateke hurrengo helburua.

Etchegarayk azaldu zuenez, gaur gaurkoz hutsik diren bizitokien fiskalitatea emendatzea ahalbidetzen duten tresna ezberdinak  ezartzekorik ez duten izan bertze 109 herritara zabaltzea neurria litzateke Euskal Elkargoaren xedea.

Ipar Euskal Herriko erakundeak aipaturiko herriei horren aldeko deliberoa har dezaten proposatu die, ahal den neurrian heldu den urtean zehar lurralde perimetro osoan zergatze eredu berria plantan emateko.

Proposamenak adostasun maila handia bildu du. Bost kontseilarik baizik ez dute erabakiaren kontra botoa eman.

Alokairuaren gaineko neurriak

Euskal Elkargoaren kontseiluak harturiko erabakien harira, Alda! elkarteak bere iraukurketa egin du agorrilean plazaratu zen dekretuaren irismenari buruz.

Hala, hiru herritan, Kanbon, Haltsun eta Ezpeletan, alokairuen gaineko kontrol neurriak ezarriko direla nabarmendu du.

Hala Airbnb plataformaren bidez egonaldi laburrak eskainiko dituzten etxe jabeek beste bizitoki bat beharko dute urte osorako alokairuan eskaini konpentsazio sistema aplikatuz.

Izan ere, araua berriak ateak zabaltzen dituela baita ere beste hamaika herrit hauetan:  Ainhoa, Bidarrai, Kanbo, Ezpeleta, Haltsu, Itsasu, Donibane Garazi, Senpere, Sara, Zuraide eta Uharte Garazin, Airbnb-en bidezko alokairuak mugatzeko neurriak ezartzeko iradoki du etxebizitza eskubidearen alde borrokatzen duen elkarteak.

Horrendako, lehenbaitlehen aipaturiko herrietako agintariekin bilerak antolatzeko galdera luzatu die Euskal Elkargoko arduradunei, «urte osorako alokairu sistema babesteko neurriak ahal bezain fite indarrean eman ahal izateko».