NAIZ

Lampedusako naufragiotik hamarkada joanda, borondatea eskatu dio NBEk nazioarteko komunitateari

Lampedusa uhartetik gertu 500 pertsonatik gora zendu ziren duela hamar urte, patera batean erreskatea itxaron bitartean. Egun egoera antzekoa dela iritzita, NBEk nazioarteko komunitateari «borondatea» eta «konpromisoa» eskatu dizkio.

 Sabir Elkarteko kideak beste hondoratze baten biktimei egindako omenaldi batean, Italiako Steccato di Cutro hirian.
Sabir Elkarteko kideak beste hondoratze baten biktimei egindako omenaldi batean, Italiako Steccato di Cutro hirian. (EUROPA PRESS)

Duela hamar urte 500 pertsona baino gehiago hil ziren Lampedusa uhartera bidean zen patera batean. Naufragio entzutetsua izan zen eta, hamarkada bat igarota, migrazio gaiez arduratzen diren NBEko agentzia nagusiek salatu dute nazioarteko komunitateak 2023an bereziki dramatikoa bilakatzen ari den egoera honen aurrean ez dutela ezer egiten. Halaber, «borondatea» eta «konpromisoa» agertzeko deia egin die neurriak hartzerakoan.

2013an «munduak ‘inoiz gehiago ez’ esan zuen», baina aurtengoa Mediterraneoko urterik hilgarriena bihurtu da 2017az geroztik. 2023an dagoeneko 2.500 hildako baino gehiago izan dira Libia eta Tunisia Italiarekin lotzen dituen ibilbide zentralean soilik, Amy Pope Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeko (OIM) zuzendari nagusiak eta Filippo Grandi Iheslarientzako NBEko Goi Komisarioak gogorarazi dutenez.

«Ez da astea betetzen munduko leku guztietako tragedia eta gertakari dramatikoren baten berri izan gabe, dela itsas ibilbideetan, dela lehorreko bideetan. Izugarrikeriak normalizatu ditugu», adierazi dute bi arduradunek, «aurreikusi daitezkeen» gertakarien aurrean neurririk hartu ez izana deitoratuz.

Ildo horretan, azpimarratu dute bizitzak salbatzea ez dela «aukera bat», «legezko betebeharra» baizik, eta denbora gehiago pasatzen utzi gabe behar bezalako erantzuna emateko deia egin dute, hala nola, erreskate operazioak bultzatzea, pertsonen fluxuak kriminalizatzeari uztea, GKE-en lana ez oztopatzea edo migratzaileei bizitza arriskatu ez dezaten bide «erregularrak» ezartzea.

«Komunitate global gisa dugun erantzukizuna da beraientzat eta haien familientzat bizitza seguruago eta duinago baten bila bidaia arriskutsuak egiten dituztenei laguntzea», eskatu dute Grandik eta Popek elkarrekin kaleratu duten komunikatuan. Halaber, aitortu dute aurrera pausoak eman badira ere, lan handia dagoela egiteke.

Konpromiso zehatzak

NBEk Errefuxiatuen Foro Globala antolatu du abendurako, eta bertan «konpromiso zehatzak» hartzea espero dute. «Lampedusako naufragiotik hamarkada bat igaro den honetan, gure ahaleginak indartu behar ditugu tragedia hauek berriro gerta ez daitezen», adierazi dute.

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak gogora ekarri duenez, 2014tik Mediterraneoan hildako 28.000 pertsonetatik 1.100 baino gehiago (hamarretik lau) adingabeak ziren, eta, azaldu dute behar bezalako erantzuna faltan bota dutela, «zerbait huts egiten ari dela agerian uzten duten zifren aurrean».

Giovanna di Benedetto Save the Children erakundeak Lampedusan duen bozeramaileak azpimarratu duenez, «gatazketatik, indarkeriatik, muturreko pobreziatik eta klima aldaketaren ondorioetatik ihes egiten duten pertsonek beren bizitzak arriskatzen jarraitzen dute, askotan trafikatzaileengana joz, Europara iristeko bide seguru eta legalik ez dagoelako».

EBren aurkako kritikak

Marco Bertotto Mugarik Gabeko Medikuen Italiako programa zuzendariak salatu duenez, ‘Mare Nostrum’ erreskate operazioa amaitu zenetik «Italiako eta Europako agintariek ez dute neurri bakar bat ere hartu itsasoko salbamendu operazioak indartzeko eta Mediterraneoko tragediak modu zehatz eta eraginkorrean mugatzeko».

Bertottok uste du aurtengo hildakoen kopuruak «argi eta garbi» erakusten duela «ezinbestekoa eta premiazkoa» dela Europar Batasuneko estatu kideen ekimenez bilaketa eta erreskate plan berri bat abian jartzea, gutxienez «politika ausartagoak» izan arte, migrazio bide seguruak bermatzeko eta «legez kanpoko ibilbide hilgarriak» desegiteko, besteak beste.

«Zenbat pertsona gehiago ito behar dira norbaitek zerbait egin dezan behar den norabidean?», galdetu du Juan Matias Gil MSFko itsasoko bilaketa eta erreskate operazioen arduradunak, eta gogorarazi du Nazioarteko Zuzenbideak hiltzeko arriskuan dauden pertsonak laguntzeko betebeharra ezartzen duela.