Iraitz Mateo

Aranzadik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hegazti habiagileen lehen atlas modernoa aurkeztu du

'Euskadiko hegazti habiagileen atlasa' aurkeztu du Aranzadi Zientzia Elkarteak asteazken goizean. Bertan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ugaltze-espezie guztiek datuak jasotzen dira: non dauden, zenbat eta zein joera duten. Ikerlanak sei urte iraun ditu eta 60 ornitologotik gora egon dira lanean.

'Euskadiko hegazti habiagileen atlasa' aurkeztu dute Txingudiko Ekoetxean.
'Euskadiko hegazti habiagileen atlasa' aurkeztu dute Txingudiko Ekoetxean. (Jon Urbe | FOKU)

Joan den asteburuan Hegaztien Nazioarteko Eguna izan zen, eta data hori baliatuz asteazken goiz honetan aurkeztu du Aranzadi Zientzia Elkarteak 'Euskadiko hegazti habiagileen atlasa'. Lehen aldia da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako inguruneetako hegazti-faunaren aberastasunari buruzko ikerketa zientifiko sakona egiten dena.

Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Aitor Aldasoro Lakuako Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordeak, Koldobike Olabide Gipuzkoako Aldundiko Mendi eta Natura Ingurunearen zuzendariak, Jokin Otamendi Aranzadi Zientzia Elkarteko presidenteak eta Juan Arizaga Aranzadiko Ornitologia saileko zuzendariak.

Arizaga izan da atlasa bideratzearen zuzendaria eta berak eman ditu xehetasunak: «Ikerketa hau gure lurraldeko hegazti-faunaren aberastasunaren erradiografia da». Sei urtetako lan kolektiboa izan dela azpimarratu du eta sortutako jakintza «euskal gizartearentzat» baliagarria izatea espero duela. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaie atlasak duen ikuspegi pedagogiko eta didaktikoa, ezagutza hori «Ekoetxetatik harago, gizartean zabaltzeko».

Hegazti habiagileak aztertzea hautatu dute, aurkezpenean azaldu dutenaren arabera asko mugitzen diren hegaztiak diren arren ugaltze-espezieek belaunaldi berriak sortzen dituzte eta «kontserbazioaren eta arduraren ikuspegitik» egokiena horiek aztertzea zela ondorioztatu dute. «Ugaltze-espezie guztien kopurua, espezieen ugaritasunaren kalkulua edo habitaten araberako populazioen tamaina», jasotzen dira ikerketan zuzendariak azaldu duenez.

Ornitologian adituak direnekin osatu da lan hau, eta 5x5km-ko UTMko lauki edo gelaxken arabera zenbatu eta hartu dituzte datuak, orain artean egindako atlasetan 10x10km-ko gelaxken bidez aztertzen zituzten, eta beraz, oraingo datuak askoz zehatzagoak eta mardulagoak dira. Hori «jauzi kulitatiboa» izan dela azaldu du Arizagak.


Antzandobi arrunta

Antzandobi txoriak ilustratzen du atlas modernoaren azala; propio hautatua izan da, desagertzear dagoen espezietako bat baita. Atlasak zehazten duenez  1980.hamarkadako ikerketetan erregistratuta dauden hainbat banako, hamarkada bat beranduago Araban erregistratu ziren zenbait hegazti, eta ostean, denbora batez ez zen espezie hau detektatu, nahiz eta zenbait bikote solte agertu izan diren orain artean. «Oro har, Antzandobi handi iberiarra ugaltze erregular gisa desagertutzat jo daiteke Euskal Herrian; hala ere, ezin da baztertu noizbehinka bikoteren bat ugaltzea, bereziki Arabako zenbait tokitan. Espezie hori bakantzearen ardura nekazaritzako paisaiaren sinplifikazioari eta bioziden erabileraren eraginari egotzi behar zaie».

Juan Arizaga atlasaren zuzendaria.
Juan Arizaga atlasaren zuzendaria.


Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 180 hegazti-espezie ugaltzen direla ondorioztatu du lanak, horien artean 175 espezie autoktono eta 5 exotiko. Erregistratutako gelaxka guztietan dauden eta populazio-tamaina handiena duten espezieak honakoako dira: Txolarre arrunta 390.000 banako, Txantxangorria 330.. banako, Txepetxa 290.000 banako, Zozo arrunta 280.000 banako edota Txinbo kaskabeltza 280.000 banako.

Bestalde, ondorio esanguratsua da kontserbazio egoera onenean dauden espezieak basokoak direla; okil beltza esate baterako. Nekazaritza inguruneei lotutakoak, berriz, egoera okerragoan daude, eta habitat horiei lotutako espezieen %30ak nabarmen murriztu dute banaketa-eremua mendearen hasieratik.

Atlaseko diagnostikoa eraldaketarako baliatu

Espezie bakoitzaren habitata eta kopurua zehazteaz gain, espezie bakoitzak zein habitatera mugitzeko joera duen zehazten du lanak. «Aldaketa mapak» deiturikoak ere jasotzen ditu atlasak, eta aurkezpenean ikerketaren zuzendariak kontatu du, Espainiako aldaketa mapekin alderatzeko aukera ematen duela, eta horrela espezie bakoitza zenbat hedatzen ari den jakitekoa.

Arizagaren aburuz hegaztiak maite dituztenentzat, zientzialarientzat zein administrazioko langile eta politikarientzat da argitaratu berri duten atlasa: «Ezin dugu babestu eta kontserbatu ezagutzen ez duguna, datuak behar dira. Eta datu hauekin baloratu ditzakegu administrazioak hartutako neurriak egokiak diren adibidez, eta etorkizuneko lehentasunak markatzen lagunduko digu».

Aldasorok nabarmendu du administrazioak ingurugiroaren araberako planak egiterakoan beharrezkoa duela diagnostikoa eta ikerketa honek horretan lagundu ahal diola. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan babestuta dagoen ingurunea %23koa dela eta hori ez dela «aliritzira sortzen den zerbait» kontatu zu Lakuako sailburuordeak. Gizarte bezala ere erronka bat azpimarratu du: «Natura ondarearen kontserbazioa garapen zientifiko-ekonomikoarekin eta sozialarekin uztartzen jarraitzea».