NAIZ

Azpeitiko Erremonte Txapelketa datozen lau ostiraletan jokatuko da Izarraitzen

Lehen partidan Aldabe-Juanenea eta Gurrutxaga-Larrañaga arituko dira aurrez aurre, eta bigarren partidan, Urriza-Apezetxea eta Ezkurra II.a-Martirena. Urriaren 13an eta 20an izango dira ligaxka faseko beste bi jardunaldiak, eta final handia urriaren 27an jokatuko da.

Erremontistak, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.
Erremontistak, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. (ORIAMENDI 2010)

Datozen lau ostiral arratsaldeetan erremonteak hartuko du Izarraitz pilotalekua, Azpeitiko Erremonte Txapelketa jokatuko baita. Aurtengoa 22. edizioa izango da. Hamabi pilotarik parte hartuko dute txapelketan, hiruna bikoteko bi taldetan banatuta. Talde batean, Urriza-Apezetxea, Ezkurra II.a-Martiarena eta Loitegi-Azpiroz bikoteak ariko dira; eta bestean, Gurrutxaga-Larrañaga, Ansa II.a-Zubiri eta Aldabe-Juanenea bikoteak. Talde horietako bakoitzak ligaxka independenteak jokatuko ditu, eta denek denen kontra lehiatu beharko dute.

Partidak set eran jokatuko dituzte: hasiera batean, bi set 15na tantora, eta bikote bakoitzak set bana irabaziko balu, hirugarren set bat jokatuko lukete 5 tantora, partidaren irabazlea zein den zehazteko. Lehendabiziko seteko sakea nork aterako duen epaileak jaurtitako txapak erabakiko du; bigarren setekoa, lehen seta galdu duen bikoteak aterako du; eta hirugarren setekoa, ordura arte tanto gehien egindako bikoteak. Berdinketa balego, epaileak txapa jaurtiko luke erabakitzeko.

Finala nork jokatuko duen, berriz, ligaxkaren sailkapenak erabakiko du. Bi taldeetako sailkapenaren buru dauden bikoteek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Bi bikote berdinduta baleude, elkarren arteko partidan onena izan den bikotearentzat izango litzateke finalerako txartela. Hiru bikotek edo gehiagok berdintzen badute, tanteo globala hartuko dute kontuan.

Ostiral honetan izango da lehen jardunaldia eta bi partida jokatuko dituzte: batean, Aldabe-Juanenea eta Gurrutxaga-Larrañaga bikoteak arituko dira aurrez aurre; bestean, Urriza-Apezetxea eta Ezkurra II.a-Martirena. Urriaren 13an eta 20an izango dira beste bi jardunaldiak; eta final handia urriaren 27an izango da. 19.00etan hasiko dira jardunaldi guztiak, eta Izarraitz pilotalekuan izango dira.

Gonbidapenak eskuragai

Bost euro balioko dute sarrerek, baina herritarrek gonbidapenak lortzeko aukera izango dute Loiolako turismo bulegoan eta ISBren Garagardo Azokan, eta partidetan zozketak egingo dituztela aurreratu zuen Gonzalezek.

Finalaren egunean, berriz, 17.30etik aurrera, umeentzat Jai Alai Active Experience antolatuko dutela iragarri du Xabier Gonzalez Oriamendi 2010 enpresaren arduradunak. «Pandemia aurretik egin genuen lehen aldiz Azpeitian, ume mordo bat etorri zen erremontea probatzera, eta aurten gauza bera egitea nahi genuke», adierazi du.