Andoni Arabaolaza

Gias Inferior Pirinioetako hirumilakoen zerrendan sartu berri da

Sostremetries taldeak eginiko neurketa topografikoek diote Estoseko ibarrean dagoen mendi horrek 3.000,59 metro dituela. Clarabide Occidental eta Pequeño Portillon, aldiz, zerrendatik kanpo geratu dira.

Modu batera edo bestera esanda, Pirinioetako hirumilakoen bildumazaleak zorioneko daude. Berri pozgarria da Gias Inferior hirumilakoen zerrendan sartu dela. Alabaina, zerrenda horrek (orain arte 217) “kolpea” jaso du: Clarabide Occidental eta Pequeño Portillon mendiek ohore hori galdu dute. Horrela erabaki du Sostremetries taldeak neurketa topografikoak egin eta gero.

Bost kidez, den-denak ingeniariak, osatutako talde katalana da: Oriol Boixareu, Marc Calaff, Salvador Sala, David Segura eta Andreu Alvarruiz. Hauek baieztatu dute Estoseko ibarrean dagoen Gias Inferior mendiak 3.000,59 metroko garaiera duela. Eta bide batez, 13.47 metroko konkorra.

Aipatu behar dugu dauden kartografia ofizial guztiek ez ziotela Gias Inferior mendiari 3.000 metro baino gehiagoko kota onartzen. Eta bere konkorra, gainera, ez zen inoiz neurtu. Baliozkotze horri esker, hirumilakoen zerrendak beste “kide” bat du. Bide batez, gogoratu behar dugu joan den urrian Sostremetries taldekoek Arnales mendia (3001,37 m) sartu zutela zerrenda horretan.

Denera, 216

Katalanek aurreratu dute irailaren 21ean Estoseko ibarretik irten eta izen bereko aterpean egin zutela lo. Biharamunean, berriz, Gias Inferior mendira zein bere lepora igo, tresneria guztia atera eta aipatu dugun neurketa topografikoa egin zuten. Denbora errealean eginiko neurketak argi adierazten zien hiru milako kota oso gutxigatik gaindituko zuela. Konkorrak, aldiz, argi azaltzen zuen hamar metro baino gehiago zituela.

Bulegora itzuli, datu guztiak ordenagailuan sartu eta ondorioztatu dute mendi horrek 3.000 metro baino gehiago dituela.

Horrela bada, Pirinioetako hirumilako berriak UIAAren (Alpinismoko Elkarteen Nazioarteko Batzarra) irizpide guztiak bete ditu. Hots, mendiaren garaiera 3.000 metrokoa edo handiagoa izatea, eta konkorrarena 10 metrokoa gutxienez.

Aurtengo kanpainari dagokionez, Sostremetriesekoek Leica Geosystems taldearen laguntza teknikoa izan dute: «Tresneria topografiko oso aurreratua eta kalkuluan oinarritutako sowtware-a utzi dizkigute. Era horretan, zalantza zailenak eta mendi guztien garaierak zehazten asko lagundu digute».

Aipatu dugun Gias Inferior mendiaren neurketa horrekin batera, talde katalana, uztailetik irailera arte, Aragoiko eta Kataluniako gailur gehiagotan izan da. Ateratako ondorioetan diote Clarabide Occidental eta Pequeño Portillon hirumilakoen zerrendatik kanpo geratzen direla.  Adibidez, Clarabide Occidental mendiari dagokionez diote 3.007,44 metro dituela, baina haren konkorrak soilik 9.12 metro.

Zerrendan sartzeko «ohorea» ez dutenak izan beste honakoak dira: Salenques, Frondella SW, Passet, Piedras Albas eta Cregueña. Hori guztia aipatu eta gero, hirumilakoen zerrenda eguneratu dute: 217 tontorretik 216 igaro da.