Ernesto Valverdek buruhauste ezberdinak izango ditu Almeriaren aurkako partida prestatzeko. Denboraldi hasieran, zelai erdian taldearen bizkarhezurra izan diren Vesga eta Galarreta lesionaturik daude eta ezingo dute ostiralean jokatu. Eibartarrak giharretako lesio bat izan zuen Alavesen aurka eta gasteiztarrak kolpe bat jaso zuen toraxean. Min hartuta dago eta ezin izan zuen Anoetako derbia jokatu.
Herrerak eta Guruzetak ere minduta amaitu zuten Realaren kontrako norgehiagoka eta gaur arte ezin izan dute taldekideekin batera entrenatu. Azken hamaikakoetan sartu dira bi jokalariak eta lana erraztuko dio Valverderi taldea osatzerakoan. Beñat Pradosek ere hasieratik aritzeko prest dagoela nabarmendu zuen atzo egindako agerraldian. Unai Gomez erdilari gaztea ere lesionaturik dago eta ez zen derbirako deialdian sartu.
🙏 Lehoiak, topera Lezaman!
— Athletic Club (@athletic_eus) October 3, 2023
✅ Mikel Jauregizar, #BilbaoAthletic-eko lehoikumea, lehen taldearekin entrenatu da.#AthleticAlmeria #AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/1qfBnZQ88K
Beste bermeotar bat igo da lehen taldearekin entrenatzera. Mikel Jauregizar erdilariak 19 urte baino ez ditu eta postua bereganatu du Bilbao Athleticen. Iaz Carlos Gurpegirekin izan zen Basconian eta maila bikaina eman du bigarren taldearekin. Lehen postuan kokatu dira lehoikumeak Bigarren RFEF mailako multzoan Alavesen bigarren taldearekin berdinduta.
Bestalde, Nolaskoain taldekideekin batera entrenatzen hasi da Lezaman aspaldiko partez. Belaunean min hartu zuen denboraldi hasieran eta jokatu ezinik egon da. Lan saioaren hasierako zatian parte hartu du, baina gero bere kabuz jarraitu du entrenatzen.
Kalejira eta Thinking Football
Iñigo Cabacas Herri Harmailaren hauspoa alde izango du Athleticek ostiral gauean. Animazio greba amaitutzat eman dute, nahiz eta jasotako isunen inguruan ez duten lortu konponbiderik Zuzendaritza Batzarekin. Almeriaren aurka berriro animatzen hasiko direla iragarri zuten eta partida aurretik giroa berotzeko kalejira egingo dute. Arratsaldeko 19.15etan jarri dute hitzordua Kirrulin eta asmoa 20.30etarako zelai barruan egotea da taldea garaipenera bultzatzeko.
💥 Guztiarekin gatoz bueltan!
— I.C Herri Harmaila (@ICHHarmaila) October 3, 2023
📢 Kalejira 19:15etan Kirruli plazatik!
20:30etan denok zelaian!
Kalejiran eta zelaian eztarriak hautsi arte! pic.twitter.com/d6uOzqQ8sK
Datorren astean zehar Thinking Football jaialdia ospatuko da Bilbon. Athleticen Fundazioan antolatzen duen ekimena da eta jokalari ohi ezberdinak elkartuko dira futbolaren inguruko pelikula ezberdinetaz hitz egiteko. Thomas N'Kono kamerundarra bertan izango dela iragarri du klub zuri-gorriak. Espanyol eta bere selekzioaren atezain izandakoak 1990ean Italiako Munduko Txapelketan egindako balentria gogoratzen duen filmaren inguruan mintzatuko da.
Urriaren 9an hasiko da jaialdia Sampdoria talde italiarrari buruzko film batekin. Marcos Lanna jokalari ohia eta gaur egungo presidentea dena solasaldian egotea espero da. Belodedici errumaniarra eta Liam Brady irlandarra ere Bilbora etortzekoak dira.