NAIZ

Europa osoko hizkuntza gutxituetako ordezkariek bat egin dute azaroaren 4ko manifestazioarekin

Europa osoko hizkuntza gutxituetako ordezkariak batzen dituen ELEN sareak euskararen aurkako oldarraldia salatzen duen ebazpena onartu du aho batez Sardinian egin duen batzar nagusian. Auzitegietatik emandako sententziak elkarbizitzaren eta demokraziaren aurka doazela salatu dute.

ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareak urteko Batzar Orokorra egin du Sardiniako hiriburuan, Casteddun. Han izan da Euskalgintzaren Kontseilua ere.
ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareak urteko Batzar Orokorra egin du Sardiniako hiriburuan, Casteddun. Han izan da Euskalgintzaren Kontseilua ere. (EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA)

ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareak urteko batzar orokorra egin du larunbat honetan Sardiniako hiriburuan, Casteddun (Cagliari). ELENek Europar Batasuneko 25 estatutan hitz egiten diren 50 hizkuntza eta 50 milioi hiztun ordezkatzen dituzten 174 erakunde batzen ditu.

Batzarrean Europa osoko hizkuntza gutxituen aldeko erakundeen 50 ordezkari baino gehiago elkartu dira, hizkuntza politiketako aditu eta akademiko gonbidatu ugarirekin batera. Besteak beste, han izan da euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusia, Euskalgintzaren Kontseilua; baita galizieraren aldeko A Mesa pola Normalización Lingüística erakundea eta katalanaren aldeko Plataforma per la Llengua, Òmnium Cultural, Acció Cultural del País Valencià eta Obra Cultural Balear ere.

Arratsaldeko saioan, Batzar Nagusiak aho batez onartu du azaroaren 4an Bilbon euskararen alde egingo den manifestazioari babesa eta atxikimendua emateko ebazpena. Bertan adierazten den bezala, «Europa osoan, eta bereziki Espainiako Estatuan, hizkuntza gutxituek urteak daramatzate muga politikoak jasaten». Horren aurrean, ELENek kezka sakona adierazi du euskararen normalizaziorako neurriak eta prozedurak, eta beraz, milaka pertsonaren eskubide zibilen betearazte osoa baliogabetzen duten epai judizialen uholdearen aurrean.

Halaber, justizia «gehiengoaren borondate demokratikoaren eta botere legegilearen gainetik pasatzen ari den hizkuntza politika murriztaile eta atzerakoi bat zuzentzen ari dela» salatu dute. Izan ere, ELENen ustez, «gaur egun epaitegietan hartzen ari diren erabakiak elkarbizitzaren eta demokraziaren aurka doaz, eta hainbeste urtetan lortutako eskubideetan atzerapauso nabarmenak ekar ditzakete».

Horregatik guztiagatik, «Espainiako Gobernuari, eta bereziki Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari deia» egin diote gai honen inguruan neurriak har ditzaten, eta behin betiko amaitzeko euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldia».