Basque Team Fundazioko bekaduna den naia Lasok urteak daramatza Munduko elitearekin lehian, baina txapelketaz txapelketa jarraitzen du erakusten hobetzeko tartea baduela eta bikaintasuna lortzeko gogor lan egiten duela. Hala, larunbat honetan Ostia-Erromako Parkeko Munduko Txapelketako finalean sartu da.
Gaurko finalerdietan, Bermeoko kirolaria lehen blokean lehiatu da, Grace Marhoefer eta Bryce Wettstein estatubatuarrekin, Arisa eta Ruby Trew australiarrekin, Lilly Stoephasius alemaniarrarekin, Hyunju Cho korearrarekin eta Isadora Pacheco brasildarrarekin batera. Oreka galduz gero moztu egiten ziren 45 segundoko hiru saiakera egin dituzte gaur skaterrek.
Lasoren lehen emanaldiak 85.80 puntu lortu ditu eta lidergoan jarri da horri esker. Bigarrenean zein hirugarrenean bere lehen nota hobetzen saiatu da, baina hainbeste arriskatu du, non bietan erori den. Bere bigarren saiakera 40.75 batekin puntuatu dute epaileek eta hirugarrena 77.45 batekin.
Lehen finalerdia amaitu arte Lasok sailkapen nagusiko lehen postuari eutsi dio, baina hori aldatuz joan da bigarrenaren blokearekin. Skater onenek trikimailu guztiak atera dituzte errondak "plantxatzeko", eurek esaten duten moduan. Horrela, Kokona Hiraki japoniarrak 89.55eko marka lortu du, Hinano Kusaki herrikideak 88.19koa eta Raicca Ventura brasildarrak 87.16koa.
Naia Laso laugarren postura jaitsi da eta bigarren finalerdian oraindik kanporaketa gehiago geratzen ziren. Bakar batek ere ez du gainditu bermeotarrak bere lehen txandan egindakoa. Lasok laugarren amaitu du, eta, beraz, azken fasean sartu da munduko titulua lortzeko borrokan. Lehian zeuden 16 skaterretatik 8 pasatzen ziren finalera.
Igande honetakoa Skate Parkeko Munduko Txapelketako lehen finala izango da kategoria absolutuan Naia Lasorentzat. Bizkaitarra hamahirugarren izan zen Dubain jokatu zen 2022ko Munduko Txapelketan. Orduan finalren atarian geratu zen, finalerdietan. Emakumezkoen koadroaren finala 17.15ean hasiko da.