M.A.

Sakanako euskaldun elebidunak ugaritzea eta erabilerari eustea, helburu

Arnasguneen erronkak eta D ereduaren beharrak aztertzeko jardunaldia antolatu zuen apirilean Andra Mari ikastolak. Eskualdean euskarak duen egoeraren inguruan mintzatu zaigu ikastolako lehendakariorde eta Sakanako Mankomunitateko euskara teknikari Izaskun Errazkin.

Euskara eta hezkuntzari buruzko jardunaldian parte hartu zuten kideak.
Euskara eta hezkuntzari buruzko jardunaldian parte hartu zuten kideak. (NAIZ)

Sakana eskualdean aniztasun handia dago euskarari dagokionean. Bi puntatan, Arakil aldea eta Burunda aldea, erdaldunagoak dira, eta erdialdea, Andra Mari Ikastolak hartzen dituen herriak, Hiriberritik Iturmendira, euskaldunagoa. Herri hauek, hala ere, ez dira berdinak. Iturmendi eta Hiriberrik Burunda edo Arakil aldeko ezaugarriak dituzte eta erdian dauden Arbizu, Etxarri edo Ergoiena, udalerri euskaldunak dira.

Ezagutzari erreparatuta, joera oro har Euskal Herrian nabari denaren «oso antzekoa» dela dio Izaskun Errazkinek. Eskualdea gero eta euskaldunagoa da, gehienbat belaunaldi berriak euskaldundu egin direlako, baina herrien bilakaera ez da bera. Herri erdaldunenetan, Arakil, Hiriberri, Iturmendi edo Uharte Arakil, kasu, euskaldunen kopuruaren igoera «nahiko nabarmena» da, asko %40ra iritsi dira. Euskaldunenetan, aldiz, Arbizun edo Ergoienan %90etik gorakoa bazen 1991n, egun, %79,1 eta %84,4 da, hurrenez hurren. Etxarri Aranatzen ere «apur bat» jaitsi da euskaldun kopurua.

Erabilerari dagokionean, oro har, behera egin du, baina arnasguneetan jaitsiera nabarmenagoa da. Esaterako, Errazkinek dio haurrak gaztelania hitz egiten lehenago hasten direla sumatu arren, datu objektiborik ez dutela hori baieztatzeko. Etxeko erabilera, ordea, gutxitu egin da udalerri euskaldunetan, eta hori «oso datu garrantzitsua» da: «Euskal elebidunak nahi baditugu, oso faktore garrantzitsua da euskara etxean ikastea, familia hizkuntza izatea».

Arrazoi orokorren isla
Horretan guztian, zeresana du demografiak, gizarteko zenbait joeren batuketak. Migrazioak dira horietako bat. Arbizun, adibidez, %25 hazi da biztanleria azken 20 urtetan eta horren eraginez jaitsi da euskaldunen tasa. Sarri, Euskal Herritik kanpoko herritarrengan pentsatu arren, ez dira bakarrak: «Hirietatik edo herri erdaldunagoetatik etorri da jendea».

Kanpotik hona datozen bezala, hemen euskaraz hazi eta hezi direnak ere joan egiten dira. «Euskaldunak batzuk kanpora doaz eta euskaraz ez dakitenak, erraztasunik ez dutenak edo elebidun ez direnak datoz gurera. Hor daude aldaketak. Gizarte aldakor honetan gauza normalak», azaldu du euskara teknikariak.

Beste gakoetako bat jaiotze tasa da. Errazkinen azaldu duenez, atzerritik datozenek umeak edukitzeko adina izan ohi dute eta horren isla da etxeko erabileraren bilakaera. Halaber, adin tarterik euskaldunena ume eta gazteena da eta horien gutxitzeak herrien zahartzea dakar. Herri erdaldunetan, ordea, kontrakoa gertatzen da, adin zaharrekoak dira euskaldunak.   

Testuinguru horretan, hezkuntza eragile diren aldetik, ikastolaren erronketako bat, ikasleak eta oro har bere herrietako haurrak euskaldun osoak eta ahal dela euskaldun elebidunak izatea da. D ereduari esker etxetik erdara daramaten umeak euskaldundu badira ere, Euskal Herriko herri gehienak erdal elebidunak dira; arnasguneetan ez bezala, han «euskaraz erraztasun handiagoa dute eta horri esker atxikimendu handiagoa diote euskarari». Sakanan %80 inguruk ikasten du D ereduan, A eredua Irurtzunen eta Altsasun bakarrik eskaintzen da.

Euskara hotsein, ez alderantziz
Errazkinen ustez, arnasguneetako haur eta gazteek herrian ez ezik herritik kanpo ere zabaldu egiten dute euskara, herri euskaldunetatik datozenek herri erdaldunagoetatik datozenei eragiten dietela ikastolan. «Izan dadila horrela, arnasguneetakoek besteei tira diezaietela, euskara hotsein, eta ez alderantziz. Erdararen erakargarritasuna edo indarra ikaragarria da, ea oreka gure aldera eramaten dugun, hori da gure nahia».

Halaber, arnasguneetan hizkuntza «birsortu, aldatu, garai berrietara egokitu...» egiten da, bizirik dagoen tokia baita, eta halakoetan, bertako hizkera gorde ohi dute, hau da, «euskalkia lotuta dago hizkuntza gaitasunarekin, freskotasunarekin».

Erronkei aurre egiteko, hezkuntza eragileen elkarlana ezinbestekotzat jo du Errazkinek. «Euskarak denon beharra dauka», eta gutxitutako hizkuntza izanik, baliabide gehiagoren premia du, behar bereziak dituzten haurrentzat edo erdaldunak diren umeak Haur Hezkuntza ez den maila altuagoetan euskalduntzeko eta kurrikularki atzean ez geratzeko.

Hamar aldarrikapeneko adierazpena

Apirilean egindako jardunaldian Kontseiluko idazkari orokor Idurre Eskisabel, Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz eta UEMAko teknikari Garikoitz Goikoetxea euskararen arnasguneen erronkez aritu ziren; Nafarroan D eredua arnasberritzeari buruz, aldiz, Nafarroako Ikastolen zuzendari Josu Reparaz, Amaiurko eskolako zuzendari eta irakasle Nora Salbotx. Adituek proposatutako erronketan oinarrituta, hamar aldarrikapeneko adierazpena osatu zuten euskararen normalizazioaren alde:

1. Euskararen eta euskal irakaskuntzaren aldeko aldarrikapen tinkoa egin nahi dugu.

2. Aldarrikatu nahi dugu euskararen arnasguneak estrategikoak direla euskararen normalizaziorako.

3. Euskararen arnasguneetan eta herri euskaldunetan bizi garen herritarrok hizkuntza lege babes osoa, eta hizkuntza politika bereziak, ausartak eta integralak behar ditugu euskaraz bizi ahal izateko.

4. Ikasle migranteak eta zaurgarriak integratzeko, eta euskara beregana dezaten baliabideak behar dira ikastetxeetan zein ikastetxeetatik kanpo.

5. Nafarroan D ereduak arnasberritzea behar du. Bere sustapenerako jarrera aktiboa eta babes instituzionala behar ditu.

6. Nafarroa Garaian D ereduaren inguruan gabiltzan eragile desberdinon arteko adostasun zabala, elkarlana eta aliantza sustatzea beharrezkoa dugu.

7. Nafarroa Garaiko edozein ikaslek euskarazko murgiltze ereduan ikasteko eskubidea izan behar du.

8. Nafarroako ikasle guztiei euskararen gutxieneko ezagutza edukitzea bermatu behar zaie, bertako hizkuntza baita.

9. Euskara eta euskal kulturaren transmisioa bermatzeko, ezinbestekoa da Euskal Curriculuma garatzea eta inplementatzea.

10. Euskara jakitea eta erabiltzea denon eskubidea izan dadin, beharrezkoa da euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea.